☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako ‘Kirolak’ eraikina eraitsi nahi dutela salatu dute bertan lanean ari diren eragileek
HAPO berriaren aurretik lurzoru hori kirol eta kultur erabilpenerako bideratuta zegoen, eta orain, aldiz, etxebitzitzak eraiki daitezke, horietako batzuk etxebizitza sozialak

Iazko azaroan Arrigorriagako Hiri Antolamendu Plan Orokorra edo HAPOa onartu zuten. Ondorioz, plan urbanistiko horren barne, besteak beste, Kirolak eraikina ageri da eta bertako lurzoruaren errekalifikazioa aldatu eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua onartu zuten.
“Etxebizitza horien zati bat etxebizitza sozialak izatera bideratu nahi dituzten arren, etxebizitzen gehiengoa merkatu librera bideratuko dira”, kexatu dira Gazte Asanblada, Soinuarri elkartea eta Batu Elkarlaguntza Sareako kideak. “Plan honen onarpenaren aurretik, lurzorua kirol eta kulturarako erabilpenera bideratuta zegoen. Plan berriak, jabeek lurzorua saldu ahal izateko eta honi etekin ekonomikoa ateratzeko baldintzak hobetu ditu. Epe luzera, plan honen azken helburuek gure azpiegiturak arriskuan jartzen ditu: bertan antolatzen eragileen kaleratzea, eraikinaren eraispena eta etxebizitzen eraikuntza dira plan honek dakarrena”.
Kaltetuen arabera, plan urbanistikoa definitzeko prozesuan, “Arrigorriagako Udala ez da harremanetan ipini instalazioetan antolatzen diren eragileekin. Are gehiago Gaztetxeko eragileak haiekin kontaktuan ipini ginen eta lurzoruaren errekalifikazioa plan orokorretik kanpo uztea eskatu diegunean ere gure eskaerei muzin egin eta planarekin aurrera jarraitzea erabaki dute”, salatu dute Arrigorriagako Gaztetxetik eta azken bi agintaritzetan udal gobernuak eman dituen pausuek eraikina “arriskuan ipini dutela” adierazi dute.
10 urteko okupazioa
Arrigorriagako ‘Kirolak’ eraikin sinbolikoak 10 urte daramatza okupatuta. 2017an egin zuten Gaztetxearen inaugurazio ofiziala eta bertako eragileen arabera, ordutik 13 urte zeramatzan eraikina, bertan behera utzita: “Antolakuntzaren, auzolanaren eta autogestioaren bitartez biziberritzeko lanean egon gara herriko eragile ugari eta inaugurazio egunetik herriari eta herriko gazteriari zuzendutako ehunka ekintza antolatu ditugu: mintegiak, formazio-saioak, auzolanak, kontzertuak, bazkariak, tailerrak…”.
Horretaz gainera, ‘Kirolak’ eraikina herri, eskualde zein nazio mailan antolatutako proiektu ezberdinentzako azpiegitura eta sostengurako espazio lez erabili izana nabarmendu dute Gaztetxetik. Izan ere, bertan Harrera sarearen eta bertan bizi diren zortzi pertsonen etxebizitza, Soinuarri herriko musika taldeen elkartearen kontzertuak, Beritan herri-gimnasioa, Batu Etxebizitza Sindikatuaren etxekizitza kolektiboa, Subete elkartasun biltegia… bezalako proiektuak hartzen ditu.
“Gaztetxea eta eraikina gure herrian borroka komunitatea sortzeko ezinbesteko azpiegitura izan da”, azaldu dute Gaztetxetik. “Argi dugu gure herriak Gaztetxe bat bat behar duela, eta honen alde borrokatzen jarraituko dugu”, eta Arrigorriagako Udalari “sortutako egoeraren aurrean hardura hartzeko” eskatu diote.
☉ Arrigorriaga
Delituek % 13,5 baino gehiago egin dute behera Arrigorriagan 2025ean
Kriminalitate tasa 32,28koa da eta gobernu taldetik ondorioztatu dute Arrigorriaga “herri segurua” dela

Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udaltzaingoaren datuen arabera, delituek % 13,53 egin dute behera iaz, 2025ean. Datuen arabera, Beherakada hau Bizkaiko lurraldean izandakoa (% 1,44) baino askoz handiagoa da, eta Arrigorriaga inguruko herri seguruenen artean kokatzen du, udal ordezkarien aburuz.
Kriminalitate tasari dagokionez (hots, delitu kopurua 1.000 biztanleko) 32,28koa da Arrigorriagan, Bizkaiko batezbestekoa % 48,3koa izanik. Horrek, gobernu taldearen arabera, Arrigorriaga “herri seguru” bezala berresten du.
Azken urteetako bilakaerari dagokionez, arau-hauste penalek behera egin dute poliziak helaraziko datuen arabera: 2022an 436 arau-hauste penal egon ziren (36,47 biztanleko milako tasa); 2023an 423 (35,39 biztanleko milako tasa); 2024an 436 (36,28 biztanleko milako tasa); eta 2025ean 377 (32,28 biztanleko milako tasa). Datu horiek Raul Lopez Arrigorriagako Udaltzainburuak datu horiek guztiak helarazi dizkie Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei egin berri diren batzordeetan.
Maite Ibarra: “Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”
“Datu objektiboek erakusten dute Arrigorriaga herri segurua dela”, ondorioztatu du Maite Ibarra herriko alkateak. “Ez bakarrik gure inguruko herriekin alderatuta, baita Bizkaiko batezbestekoarekin alderatuta ere. Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”
☉ Arrigorriaga
Zabalik da Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea
Helburua herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek

Martxoaren 18ra bitartean zabaldu dute Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea.
“Ekimen honen helburua 2015 eta 2020 urteen artean jaiotako herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalekuak apirilaren 7tik 10era antolatu dituzte 09:30etik 13:30ak bitartean. Izena emateko modu bi daude: udaletxeko HAZen (08:00-13:00ak bitartean) edo Abusu zein herriguneko kultur etxeetan (16:00etatik 20:00ak bitartean). Beste aukera bat telematikoki egitea da arrigorriaga.eus webgunearen bidez.
Bete beharreko baldintzak
Arrigorriagako Udaletik azaldu lez, parte hartu nahi duten haurrek Arrigorriagan erroldatuta egon behar dute, 2015 eta 2020 urteen artean jaioak izan (6 eta 11 urte bitartekoak) eta eskolan B edo D ereduetan ibili. “Gainera, begiraleekin eta taldekideekin moldatzeko ahozko euskara maila egokia izatea eskatzen da”, gehitu dute.
Onartuen zerrenda martxoaren 23an argitaratuko dute udal webgunean. Edukiera mugatua izango da. Beraz, epeak errespetatzea eskatu dute udalekuetako antolatzaileek.
☉ Arrigorriaga
M17ko grebak eragina izango du Arrigorriagako udal-zerbitzuetan
Gobernu-taldeak bat egin du greba orokorrarekin eta Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan gorabeherak egon daitezkeela deitoratu du

Arrigorriagako udal gobernu taldeak bat egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrarekin eta aldi berean iragarri du horrek eragina izango duela zenbait udal zerbitzuetan.
EH Bilduk, Arrigorriaga Garak eta NOAk osatutako Arrigorriagako udal-gobernuak bat egiten du eskakizun honekin, “justizia sozialean eta langileen eskubideen defentsan oinarritutako politika publikoen aldeko konpromisoa berretsiz”, eta, horregatik, greba egingo dute asteartean.
Grebaren eraginez gorabeherak egon daitezke Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan, aldaketa edo etenekin. “Barkatu greba-eskubidea erabiltzeak sor ditzakeen eragozpenak”, iragarri dute Arrigorriagako udal ordezkariek.
Gutxienezko soldata, ardatz
Datorren martxoaren 17an, greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute, gutxieneko soldata propioaren alde. Deialdiaren leloak (“Gutxieneko soldata hemen erabaki”) jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.
ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen eta egungo LGSak ez duela bere funtzioa betetzen adierazi zuen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla salatu dute udal ordezkariek
“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute

Arrigorriagako Udaletik jakinarazi dute ezezagun batzuek Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla etxez etxe.
“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute.
“Horrelakorik gertatuz gero, deitu berehala Udaltzaingora”, gomendatu diete herritarrei. Horretarako telefono zenbaki bi ahalbidetu dituzte: 944 020 201 eta 651 705 970.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Jasokakoek Argentinara egindako bidaiaren inguruko ‘Harri, Egur eta Bihotz’ dokumentala emango dute Lonbon
Martxoaren 27an proiektatuko dute dokumentala Arrigorriagako Lonbo aretoan, 18:00etan

Datorren martxoaren 27an ‘Harri, Egur eta Bihotz’ izeneko dokumentala emango dute Arrigorriagako Jasoka Herri Kirol Klubeko kirolariek Lonbo aretoan, 18:00etan.
Zinta horretan, Argentinako Tandil hirira egindako bidaia kontatuko dute Arrigorriagako elkartekoek: “Gure Tandileko Euskal Asteko bizipenak kontatuko ditugu lehen pertsonan: zelan bizi izan genuen, ezagutu genituen pertsonen testigantzak ezagutuko ditugu… denetarik!”, aurreratu dute Jasokatik.
“Bizitza osorako markatu gaituen bidaia baten kontakizuna da honako hau. Herri kirolak Argentinara eramatearen emozioa, Tandilgo Euskal Astean egindako erakustaldia, eta milaka kilometrora egon arren, euskal diasporarekin herri bereko kide sentitzearen indarra”.
Dokumentalaren helburua bidaia hura egiteko laguntza eman zuten pertsona, denda, taberna… jende guzti horri eskertzea dela azaldu dute Jasokatik. “Nahiko hunkigarria izango da”, aurreratu dute. “Gure ahotsarekin entzungo dalako euskal diasporak emandako harrera”.

GEURIAk iazko martxoan izan zuen Argentinara egin beharreko bidaia honen berri, Jasokako Marta Camacho eta Nerea Espinosa kirolarien eskutik. Izan ere, horren inguruko berbaldia izan genuen beraiekin.











