→Arrigorriaga

Kiroldegiko igerilekuetan “gizalegearen kontrako egoerak” ekiditeko dekretua onartu dute Arrigorriagan

Arrigorriagako udal gobernuak piszinen erabilera egokia bermatzeko dekretua sortu du udaltzainburuarekin, kirol teknikariarekin eta kirol koordinatzailearekin batera. Dekretua, gainera, lehen pausua da datorren udazkenean onartuko den igerilekuen erabilerari buruzko arautegia indarrean egon baino lehen.

Kiroldegiko igerileku estalia // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako kiroldegiko igerilekuetan “gizalegearen kontrako egoerak” jazo direla salatu dute erabiltzaile askok azken asteotan, hala nola jendeak bertan jan, erre edo puzgarriak sartzen dituela. Gertatutakoa aztertu ondoren, udal gobernuak igerilekuen erabilera egokia bermatzeko dekretua sortu du udaltzain buruarekin, kirol teknikariarekin eta kirol koordinatzailearekin batera.

Dekretuaren helburua “errespetuzko eta elkarbizitzarako arauak zehaztea eta bizikidetza arazoak sortu ditzaketen jarrerak ekiditea” da. Legediari esker, Udaltzaingoak eta igerilekuko langileek eskumena izango dute neurriak betetzen ez dituen jendeari arauak jarraitzea eskatzeko, lehen ez baitzeukaten horretarako lanabesik. Dekretua, gainera, lehen pausua da datorren udazkenean onartuko den igerilekuen erabilerari buruzko arautegia indarrean egon baino lehen.

Hartu berri dituzten neurrien artean, hauek aipatzen dira: debekatuta dagoela igerilekuetan jatea eta edatea, flotagailuak erabiltzea, listua botatzea, barnean korrika egitea etab. Oinarrizko arauak direla gehitu dute Udaletik, “bizikidetza” errespetatzeko beharrezkoak diren gutxienekoak.

Gobernu taldea, Udaltzaingoa eta kirol teknikariak // Arrigorriagako Udala

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak esan duenez, espazio eta zerbitzu publikoak “herritar guztien eskura egon behar dira”, arrigorriagatar guztiek baitute erraztasun horiez gozatzeko eskubidea. Hain zuzen, horretan lagunduko du onartu berri duten dekretuak. Neurriez gain, halere, Udalak beste behin gogoratu die herritarrei “erantzukizunez” jokatu behar dela espazio publiko hauetan: “Zaindu dezagun elkar”.

Errefortzuko langilea

Neurri gehigarri gisa, errefortzurako langile berria hartuko dute kiroldegian, erabilera arauok errespetatzen direla ziurtatzeko eta dekretuan jasotakoa aplikatzen laguntzeko. Udan zehar —pandemia garaian egin bezala— bi atezain egongo dira igerilekuetan: sarreran bata eta igerilekuan bertan bestea, opor garaian dagoen erabiltzaileen hazkundeari erantzuna emateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak