→Arrigorriaga

Bideoa | Lamiaenak liburutegi feminista, ikus-entzuneko gela eta dinamizatzailea izango ditu

Urte luzez itxaron ondoren, Arrigorriagako Emakumeen Etxea ostiral honetan (irailaren 30a) inauguratu dute. Lamiaena Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko mota honetako lehen espazioa da, eta irekiera egunean, bide-erakusle izan den egitasmoa martxan jartzeko nondik norakoen errepasoa egin dute erakundeetako ordezkariek herritarrekin batera.

Udaletik, Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea, eta Joana Etxebarria, Gizarte Ekintza eta Politika Feminista zinegotzia, egon dira inaugurazio instituzionalean. Gainontzeko erakundeetatik, Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua, eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, batu dira.

Landaidak, Ugaon jaioak, Kultur Etxe zaharra izandako eraikinak garai batean zuen funtzioa ekarri du gogora. “Orain dela ia 30 urte, goiko solairura joaten ginen, informatika ikastera, MS2 sistema hura; beraz, urteak pasatu dira” —oroitu du— “Baina, zorionez, etxe hau eraldatu egin da, eta orain Emakumeen Etxea bihurtu da”. Aldaketa “historikoa” dela esan du Emakundeko zuzendariak, Udalaren eta bizilagunen zein herriko elkarte guztien lana “lorpen kolektiboa” izan baita.

Hain zuzen, Lamiaenaren sorkuntzan ehundik gora emakumek eta hainbat talde feministek hartu dute parte, tartean Loturarik Gabe eta Madalen elkarteek. Haien ideiekin eta ekarpenekin, Emakumeen Etxearen funtzionamendua eta ikasturtean zehar egingo dituzten dinamikak zehaztu dituzte, eta oinarrizko ekintzen egitaraua ere planifikatu dute (eraikinean bertan egongo da ikusgai eta herritarren etxeetara bidaliko da).

Maite Ibarra alkatea eta Joana Etxeberria Gizarte Ekintza eta Politika Feminista zinegotzia Madalen eta Loturarik Gabe elkarteetako ordezkariekin // Geuria

Plangintza finko horretaz gain, halere, Ainhoa Villanueva Udaleko Berdintasun Teknikariak eta Joana Etxeberria Gizarte Ekintza eta Politika Feminista zinegotziak gogoratu dute, etxearen erabiltzaileek uneoro izango dutela aukera nahi dituzten ekintzak proposatzeko. Bestalde, Lamiaena arratsalde guztietan egongo da zabalik astelehenetik ostiralera (baita hileko larunbat batez ere); beraz, hurbildu nahi duten emakume guztiek bertara joan eta espazioak erabili ahal izango dituzte, aurretiaz erreserbatzeko beharrizanik gabe.

Erabilera anitzeko espazioa

Beheko solairuan, komunak eta haurtzaindegi bat egongo dira eta Emakumeen Etxea bigarren solairuan hasiko da. Bertan, ikus-entzunezko gela, liburutegi eta office gisa funtzionatuko duen gunea (Amarauna) eta bilera gela egongo dira. Goian, berriz, Sorgin gorrien ganbaran, mugimendua eskatzen duten ekintzak (kirolak eta defentsa feministako tailerrak, esaterako), egiteko espazio zabala egongo da, baita erabilera anitzeko bi gela ere. Azken hauetan, erabiltzaileek beraiek erabakiko dute zer sortu nahi duten: bilera gela bat, ikasketa gela…

Espazio horiek antolatzeko eta kudeatzeko, dinamizatzaile bat egongo da etxean lanean. Enplegatua Lanbideren Administrazio publikoetan lehen lanbide-esperientzia izateko programaren bidez kontratatuko dute, eta Udaletik aurreikusten dute urriaren 17 ingururako hasiko dela lanean. Dinamizatzailea Udaleko Berdintasun sailaren eta Lamiaenako erabiltzaileen arteko lotura izango dela azaldu du Joana Etxeberriak. Era berean, Emakumeen Etxearen funtzionamendu organoan hautua izango duen figura ere izango da.

Organo horretan 6-7 pertsonek hartuko dute parte: Berdintasun zinegotziak, Berdintasun Teknikariak, dinamizatzaileak, Berdintasun Kontseiluko bi ordezkarik eta Lamiaenako asanbladako kide batek edo bik. Asanbladaren parte izateko, etxearen erabiltzaile guztiek izango dute aukera; halere, erabiltzaile izateko ez da beharrezkoa izango derrigorrez kide egitea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak