Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Lavanindun bertan behera utzi dute greba: enpresarekin negoziazioetan jarraituko dute

LSB sindikatuak GEURIAri jakinarazi dionez, hasieran eskaintzen zizkietenak baino baldintza hobeak aztertzen ari dira orain

|

Lavaninduren Arrigorriagako lantegia, otsailaren 15eko elkarretaratzean // Geuria

Arrigorriagako Lavanindu enpresako langileek otsailaren 15ean deitu zuten urteko lehen elkarretaratzea; enplegatuak garbiketa industrialeko lantegiaren parean bildu ziren KPIen araberako soldaten igoera eskatzeko. Akordiorik erdietsi ezean, martxoaren 6an eta 8an greba deituko zutela adierazi zuten orduan, baina hilabete eskasera, bi eguneko lanuzteak bertan behera utziko dituztela jakinarazi dute: enpresarekin negoziazio mahaian eseriko dira aste honetan.

LSB sindikatuak GEURIAri jakinarazi dionez, hasieran eskaintzen zizkietenak baino baldintza hobeak aztertzen ari dira orain. Proposamenetako batzuk dira urte bakoitzean % 3ko igoerak lortzea (2021, 2022 eta 2023 urteetan), eta enpresaren mozkin-kontuaren araberako soldata igoerak izatea, betiere, kontuan hartuta Arrigorriagakoa Enplegu Zentro Berezia denez, galerak izan ditzakeela.

Izan ere, Lavanindu S.L. Eragintza Fundazioaren lan integraziorako zentroa da (bere patronala Bizkaiko Foru Aldundiak, BBKk eta Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak osatzen du), eta desgaitasun psikiko eta fisikoak dituzten langileak kontratazen ditu. Lavanindun 124 enplegatu daude, eta gaur-gaurkoz, horien % 84k dauka urritasunen bat. Akordioak, beraz, guztiei eragingo lieke.

Langile horietatik 33 lagunek, gainera, nabarmen igarriko dute hobekuntza. Desgaitasun psikikoak dituzten aipatutako langileak errendimendu txikiko kategorian egon dira lanean orain arte, eta ez dira lanbide arteko gutxieneko soldata (1.080 euro) irabaztera heldu. Baina, sindikatuen arabera, maiatzetik hasita, sailkapen hori alde batera geldituko da, eta hile horretatik aurrera, soldata parekidea jasoko dute langile guztiek.

Negoziazio mahaian lortzen dituzten aldaketak datozen asteetan zabalduko dituzte zehatz sindikatuetako ordezkariek. Baina espero dute langileentzako justua den eta beren irabazi-ahalmena gehiago kaltetuko ez duen akordioa erdiestea.

☉ Arrigorriaga

40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak

Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

|

Adiskideak klubaren lehen taldea eta Maria Torres presidentea // @adiskideakollargan eta Geuria

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.

Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria

Apustutik sortua

Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko

Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

|

Marimotots eta Porrotx Basaurin eskainitako ikuskizunean // Geuria

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.

Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”

2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

|

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria

“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”

42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

|

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.

“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak

#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Arrigorriagako EH Bildu emaitzak ospatzen / Geuria

Osorik irakurri