Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Programa / Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Aurtengo edizioan hiru lurraldetako emakume sortzaileen lanak plazaratuko dituzte, besteak beste

|

Uztaila hasieran GEURIAn aurreratu ostean, gaur bertan Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna.

Aurtengo Loraldia asteburu bitan antolatu dute: lehenik eta behin irailaren 29an prestatu dute Zaratamoko Elexaldeko Kultur Etxean, eta gainontzeko saioak Arrigorriagan egingo dituzte, urriaren 6tik 8ra. Guztira sei ekitaldi prestatu dituzte lau egunetan, bi herrietan.

Aurtengoan kontzertuak, antzerki saioak, arte bisualak eta bestelako jarduerak jasoko ditu Zaratamok eta Arrigorriagak ‘Bozak’ kontzertuarekin, Aukeran Dantzan Konpainiarekin, Igor Elortza eta Rafa Ruedaren ‘Anonyme Popular’ lanarekin, besteak beste.

Amaia Ocerin, Maite Ibarra eta Ainhoa Muerza // Geuria

Egitaraua / Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Irailak 29, ostirala
19:30 Bozak, Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean: Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere, Osterabe
5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 6, ostirala
18:00 Aiurri antzerki saioa, Abusu Zentro Soziokulturalean: Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaren zuzendaritzapean. Doan
11:00 (ikasleak) + 20:00 ‘Mira hadi. Eulalia Abaitua Andre-begietan’, Lonbo aretoan: Lide Hernando, Maria Urcelay, Getari Etxegarai, Alpha. 5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 7, larunbata
20:00 Anonyme Popular, Lonbo aretoan: Igor Elortza eta Rafa Rueda
8 euro / Lorezainak: 6 euro

Urriak 8, igandea
12:30 Frankenstein Agurgarria, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Petti eta Ana Galarraga. Doan
13:30 Txin Txin Txakolin Dastaketa, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Mikel Garaizabel. 8 euro / Lorezainak: 6 euro

“Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Talde argazkia, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria

Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du: “Aurreko urtean adierazi genuen bezala, plazer bat da era honetako ekimena Zaratamon kokatzea eta espero dugu jarraitzea”, nabarmendu du eta emakumeek aurtengo edizioan izango duten garrantzia goraipatu du Muerzak: “Oraingo honetan, gainera, gure euskal musikaren bozgoragailu diren emakumeak oholtzara ekarriko ditu Loraldiak Bozak kontzertuarekin. Hiru lurralde ezberdinetako emakume sortzaile elkartuko dira Zaratamoko plazan euskal kultura emakumeok ere egiten dugula lau haizetara zabaltzeko”, azpimarratu du.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri