☉ Arrigorriaga
Kantu Martxa Feministak Arrigorriagako kaleak doinuz beteko ditu M8an
Ia hilabete osoan zehar antzerki saioak, zineforumak, tailerrak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte herrigunean eta Abusun
Martxoaren 2tik 20ra prestatu dituzte Arrigorriagan M8aren inguruko programazioko jarduera guztiak. Ia hilabete osoan zehar antzerki saioak, zineforumak, tailerrak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte herrigunean eta Abusun.
Jarduera guztien artean nabarmentzekoa izango da Martxoaren 8an Urruma Mugimendu Feministak antolatutako eta Udalak babestutako Kantu Martxa Feminista. “Martxoaren 8koa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu dute Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”. Ibilbidea udaletxeko plazan hasiko dute 19:00etan eta herritarrak “mozorrotuta” parte hartzera gonbidatu dituzte (pelukak, bohak, apaingarriak…). “Emakumeak elkartzeko helburuarekin antolatu dugu Kantu Martxa Feminista aurten”.
“Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”
Emakumeak, erakusketan
Gainera, Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, erakusketa bi antolatu ditu udaletxean. Martxoaren 1etik 15era Emakumea Lanean izeneko argazki-erakusketa prestatu dute eta bertan XX. mende hasieran Euskal Herrian emakumeek egindako lanen argazkiak ikusi ahalko dira. Gasteizko Udal Artxiboko 40 irudi ikusi ahalko dira Euskaldun Berria Erakusketa gelan.
Bestalde, martxoaren 4tik 8ra Euskal emakume ilustratzaileak haurrentzako albumetan erakusketa bibliografikoa prestatu dute bibliotekan, 15:00etatik 19:30ak arte.
Egitaraua | M8 Arrigorriagan
Martxoak 2, larunbata
19:30 ‘Tetuán’ Iratxe Fresnedaren dokumentala, Lonbo aretoa
Martxoak 5, asteartea
18:30 ‘Trabajadoras. Mujeres de barrio. Memoria y futuro’ zineforuma Mikel Toral eta Txutxi Paredes zuzendariekin, Lonbo aretoa
Martxoak 6, asteazkena
17:00 ‘Txoko morea’ tailerra. 4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta, Abusu Zentro Soziokulturala
18:30 “Aire!” dokumental musikatua Maurizia Aldeiturriagaren omenez, Lonbo aretoa
Martxoak 7, osteguna
17:15 ‘Bada zerbait’ liburuaren aurkezpena eta tailerra. 6 urtetik gorakoei zuzenduta. Kris Etxabe eta Maite Márquez. Abusuko Udal Biblioteka
Martxoak 8, ostirala
19:00 Kantu martxa feminista, Argala plaza
Martxoak 9, larunbata
20:00 ‘Igelek ez dute arrozik jaten’ antzerkia, Lonbo aretoa
Martxoak 10, igandea
10:00 ‘Martxa nordikoa’ emakumeentzako tailerra kiroldegitik hasita. Izen-ematea: otsailaren 21etik martxoaren 6ra kiroldegian
Martxoak 12, asteartea
18:30 ‘Indarkeria matxistak’ hitzaldi-eztabaida. Zuriñe Ojeada. Gafas moradas, Lamiaena
Martxoak 13, asteazkena
18:30 ‘Baietz da baietz’ hitzaldi-eztabaida. Zuriñe Ojeada. Gafas moradas, Lamiaena
19:00 ‘El triunfo’ antzerkia. Hamaika teatro. Abusu Zentro Soziokulturala
Martxoak 16 eta 17
10:00 ‘Autodefentsa feminista’ tailerra, Lamiaena. Izen-ematea beharrezkoa da
Martxoak 19, asteartea
18:30 ‘Sultana’s dream’ zineforuma. Emakumeek gobernatutako irudimenezko herrialde bat kontatzen duen animazio filma. Isabel Herguera, Lonbo aretoa
Martxoak 20, asteazkena
19:00 ‘Pornografia eta gazteria’ hitzaldia. María Rodríguez Suárez. Lamiaena
☉ Arrigorriaga
ZEOZ programak Arrigorriagako gazteen osasun mentalaren lanketa integrala egitea du helburu
Hurrengo saioak Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxean eta Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dituzte
Joan den urtarrilaren 13an martxan ipini zuten ZEOZ programa Arrigorriagan helburu nagusi batekin: mugikorraren auziaren eta gazteen osasun mentalaren lanketa integrala egitea, gurasoei tresna emozional eta gaitasun digitalak bermatuz .
Programa honek tresna emozional eta gaitasun digitalak bermatzen dizkie belaunaldi berriei, nerabeei eta baita hezitzaileei ere etorkizun osasuntsuagoa eraikitzeko.
Horretarako sei prestakuntza saio antolatu dituzte guztira Arrigorriagan: lau herrigunean eta beste bi Abusun: “Prestakuntza-saioak talde bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanetara egokituko dira. Hala ere, izaera berdina dute guztiek. Hasierako saioan praktika ulertu eta egoki aplikatzeko funtsezkoa den neurrian azalduko dute hizlariek ezagutza”, azaldu dute udal ordezkariek.
Arrigorriagako Udala: “Prestakuntza-saioak talde bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanetara egokituko dira”
Ekintzetara igarotzeko, eskura dauden erantzun, tresna, ohitura eta irtenbide posibleak landuko dituzte: “Izan ere, programak praktikan jarri nahi du ardatza. Saioetara bertaratzen direnek oinarrizkoa eta beharrezkoa den ezagutza jasotzeaz gain, etxera eraman ditzaketen proposamen eta tresna eraginkorrak jasoko dituzte, ondoren beraiek egokien deritzoten moduan seme- alaben heziketan erabili ahal ditzaten”.
Prestakuntza saioak joan den urtarrilaren 13an hasi ziren eta egun hauetan herrigunean antolatzen ari dira: urtarrilaren 20 eta 21ean Edurne Garitazelaiako Azokea aretoan antolatu dituzte, eta hortik aurrera programa Abusura igaroko da.
Martxoaren 3 eta 4an Abusuko Zentro Soziokulturalean egingo dituzte prestakuntza saioak eta bi orduko iraupena izango dute: 18:00etatik 20:00etara. Geratzen diren prestakuntza saioetan parte hartzeko Arrigorriagako Udalarekin harremanetan ipini beharko dira interesdunak.
Egutegia | ZEOZ Arrigorriagan
Urtarrilak 13, astelehena
18:00 Arrigorriagako Udala, Erakusketa gela
Urtarrilak 14, asteartea
18:00 Arrigorriagako Udala, Erakusketa gela
Urtarrilak 20, astelehena
18:00 Edurne Garitazelaia, Azokea aretoa
Urtarrilak 21, asteartea
18:00 Edurne Garitazelaia, Azokea aretoa
Martxoak 3, astelehena
18:00 Abusuko Zentro Soziokulturala
Martxoak 4, asteartea
18:00 Abusuko Zentro Soziokulturala
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako adinekoen egoitza egoiliarrek bizi duten arazoari konponbidea emateko prest agertu da
Zentroko Zuzendaritzatik nabarmendu dute “langileekin eta Enpresa Batzordearekin bat datozela planteatutako gaiei heltzeko”
Arrigorriagako adinekoen egoitza kudeatzen duen Domus VI taldea bertako egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dien konponbideak bilatzeko prest agertu da.
Izan ere, azken asteetan Arrigorriagako adinekoen egoitzaren egoerak okerrera egin duela iragarri zuten ELA sindikatutik. Ondorioz, duela egun batzuk Arandia egoitzako langileak eraikinaren aurrean elkartu ziren lanean pairatzen ari diren “segurtasun eza” salatzeko.
Arazo guztien artean eskularruak bezalako lanerako materialak edo garabiak eta aldagelak “egoera txarrean” daudela azpimarratu dute sindikatutik. “Era berean, soldatak atzerapenarekin ordaintzen dira, ez dira lan egindako jaiegunak ordaintzen eta ezin dira hartu”.
Azken egunetan gertatu diren mobilizazioak direla eta, egoitzatik azaldu dute zentroaren lehentasuna bertako egoiliarren eta bertako langileen ongizatea bermatzea dela: “Zentroko Zuzendaritzatik nabarmendu nahi dugu langileekin eta Enpresa Batzordearekin bat gatozela planteatutako gaiei heltzeko”, azaldu dute enpresatik. “Aurreko bilerei dagokienez, egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dieten konponbideak bilatzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa berresten dugu”.
“Aurreko bilerei dagokienez, egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dieten konponbideak bilatzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa berresten dugu”
Sektore soziosanitarioak dituen erronkak ulertzen dituztela gehitu dute, “bereziki langileen kontratazioari dagokionez, eta txanda egokiak eta kalitatezko arreta bermatzeko ahaleginean jarraitzen dugu”.
Horiek horrela, “modu garden eta kolaboratiboan” lan egiteko jarraitzeko prest daudela azaldu dute egoitzatik.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Arandia adinekoen egoitzako egungo lan baldintzak salatu ditu ELAk
Sindikatuak langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela salatu du eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko txosten bat eskatu dio enpresari
Sindikatuaren arabera, azken asteetan Domus VI taldearn Arrigorriagako adinekoen egoitzaren egoerak okerrera egin du. Arandia egoitzako langileak eraikinaren aurrean elkartu ziren atzo lanean pairatzen ari diren “segurtasun eza” salatzeko.
ELAk salatu du langile faltak eragin duen arazoa “konpondu gabe” jarraitzen duela: “Bajak eta oporrak ez dituzte ordezkatzen eta ez dute neurririk hartzen lan osasunaren arloan”, azaldu dute sindikatuko ordezkariek. “Errespetu faltak eta zuzendaritzaren eguneroko presioa bertan jarraitzen dute oraindik”.
Arazo guztien artean eskularruak bezalako lanerako materialak edo garabiak eta aldagelak “egoera txarrean” daudela azpimarratu dute. “Era berean, soldatak atzerapenarekin ordaintzen dira, ez dira lan egindako jaiegunak ordaintzen eta ezin dira hartu”.
ELA: “Ez da aurrerapausorik eman; are gehiago, salatu dute langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela azken aste hauetan”
Iazko abendu amaiera bilera izan zuten enpresako zuzendaritzarekin eta baita lurraldeko zuzendaritzarekin eta bertan beren lan eskubideak errespetatzeko eskatu zieten berriro ere: “Ez da aurrerapausorik eman; are gehiago, salatu dute langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela azken aste hauetan”, azaldu dute ELAtik. Ondorioz, arrisku psikosozialak ebaluatzeko txosten bat eskatu dio enpresari.
Egoerak berdin jarraitzen badu mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatutik.
Bilerak Udalarekin
Iazko urtarrilean, adinekoen zentroko erabiltzaileen senideek atzemandako gorabehera batzuk salatu zituzten eta horren haritik Foru Sailak expedientea zabaldu zion Arrigorriagako egoitzari, hilabete hartan bertan.
Hainbat “akats” ikertu zituzten orduan: langile falta, otordu eskasak eta gabezia teknikoak, besteak beste. Espedientearen haritik hainbat “gabezia” ikertu ziren zentroan, erabiltzaileen senideek beraiek ipinitako salaketetatik abiatuta.
Arrigorriagako Udalak, gorabehera hauen berri izan zuen lehen momentutik bat egin zuen erresidentziako erabiltzaileekin. Izan ere, Egoitza kudeatzeko ardura berez Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, baina Arrigorriagako gobernu taldeak adinekoen zentroko erabiltzaileen senideekin konpromisoa hartu zuen beren kezkak Foru Aldundira helarazteko, egoerari irtenbidea emateko.
Espedientea zabaltzearen jatorria erabiltzaileen senideen kexak, horiek azaleratzeko sinadura bilketa eta ondorioz gobernu taldeak Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin otsailean zehar izandako hainbat bileren ondorio zuzena da.
☉ Arrigorriaga
Maialen Sanchez arrigorriagarrak urrezko domina eskuratu du Taekwondoko Bizkaia kopan
Garrikoko kirolariek zortzi domina eskuratu dituzte joan den asteburuan, Miribillan
Bizkaia Kopako lehen edizioa antolatu zuten joan den asteburuan Bilboko Miribilla estadioan eta bertan Arrigorriagako CD Taekwondo Garrikoko 14 kirolarik hartu zuten parte. Guztira 8 domina eskuratu zituzten Arrigorriagakoek.
Maialen Sanchezek urrezko domina irabazi zuen 63kgko junior kategorian; Naroa Ballesterok, Izei Intxaurragak, Adriana Andresek eta Lur Guerrak zilarrezkoak; Markel Garciak, Aitzol Portugalek eta Jon Ander Urdak brontzezkoak.
Bizkaia Kopako lehen edizio honetan Espainia, Frantzia eta Portugaleko taldeak iegon dira.
☉ Arrigorriaga
Niere bandak kontzertua eskainiko du Arrigorriagan, Kallejeros Pajeros zikloan
Kontzertua urtarrilaren 25ean izango da, 19:30ean, Edurne Garitazelaia kultur etxearen atzeko aldean
Urtarrilaren 25ean Niere bandaren kontzertua eskaini du Soinuarri Elkarteak Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxearen atzeko aldean.
Kontzertuaa 19:30ean antolatu dute, Kallejeros Pajeros zikloaren bigarren edizioan. Lehena iazko urriaren 26an izan zen eta bertan The Cowboy Angels taldeak jo zuen. Kallejeros Pajeros zikloak herriko taldeen kontzertuak antolatzea du helburu.