Sareak

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Gerra Zibileko arrastoak eta gehiago aurkitu dituzte Malmasin mendiaren gailurrean

Jagoba Hidalgo: “Zantzu onak lortu genituelako erabaki genuen bigarren fase honekin hastea, zundaketa geofisikoak handitzeko”

|

Ikerketaren bigarren fasea izan da maiatzekoa. Bi asteburutan zehar, Arrigorriagako Malmasin mendiko lursail pribatu batean sasitza kentzeko lanak egin dituzte ikertzaileek Malmasingo Lagunak Elkartearen laguntzarekin. Eta aste honetan, indusketa txikia egin dute gailurretik metro gutxira dagoen gunean, bertan dauden arrasto arkeologikoak datatzeko eta katalogatzeko. Gerra Zibileko lubaki batean egon dira lanean.

Jagoba Hidalgo historialari eta EHUko doktoregaiak zuzendu du azterketa. “Helburu zehatza harresi posible honen konposaketa identifikatzea izan da, zein teknikaz eginda dagoen jakitea, eta hortik informazioa lortzea, Malmasinen kronologia zehazteko”, azaldu digu Hidalgok. Horretaz gain, “materialitatea lortzea” ere izan dute xede, objektuak lortzea, ingurua “zehazki noiz, nola eta zein kontestutan populatu zen kokatzeko”.

Izan ere, Malmasinen zaila da dauden arrasto guztiekin bakoitza zein garaitakoa den jakitea. “Palinpsesto modukoa da: Gerra Zibileko trintxera bat daukagu, agian Gerra Karlistetako zerbait ere bai, eta susmoak dauzkagu Erdi Aroko gaztelu posible bat eta baita erromatarren garaiko arrastoak ere egon daitezkeela”.

Datazioa egiteko, gailur inguruko arrasto guztiak planoan kokatzea izan da lehen pausoa. Horretarako, iaz egin zuten zundaketa geofisikoa; hau da, zoruaren “erradiografia”, magnetometro bat erabilita. “Zantzu onak lortu genituelako erabaki genuen bigarren fase honekin hastea, zundaketa geofisikoak handitzeko”, dio Hidalgok.

Horretarako, Aitor Sanchez eta Victor Vicente historialariren laguntza izan du. Sanchez silexaren eta bere erabileraren inguruko doktore tesi bat lantzen dabil EHUn; Ebroko ibarrean eta Arabako Errioxan Kristo Aurreko 6.000-2.000 urteen inguruan harri horrek izan zuen garrantziari lotuta. Vicentek, berriz, Santiagoko Unibertsitatearekin dihardu lanean, iparraldeko mesetan erromatarren kanpamentuak ikertzeko doktore tesian.

Indusketa lanak astebetean burutu dituzte hirurek. Baina landa-lanaren ostean, datuak prozesatzea gelditzen zaie. Horrekin jakingo dute behinola Arrigorriagako mendia zapaldu zuten pertsonak noiz heldu ziren eta nondik zetozen.

☉ Arrigorriaga

40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak

Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

|

Adiskideak klubaren lehen taldea eta Maria Torres presidentea // @adiskideakollargan eta Geuria

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.

Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria

Apustutik sortua

Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko

Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

|

Marimotots eta Porrotx Basaurin eskainitako ikuskizunean // Geuria

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.

Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”

2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

|

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria

“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”

42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

|

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.

“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak

#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Arrigorriagako EH Bildu emaitzak ospatzen / Geuria

Osorik irakurri