Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Mikel Ipiña: “Kirolari esker gorputza engainatu dezakegu, sentimendu berriak sor ditzakegulako”

Abrisketako San Pedro auzora gerturatu gara, Mikel Ipiñaren aitite-amamen Larrinaga baserrira. Bertan entrenamendu saio naturala erakutsi digu arrigorriagarrak, gizakiaren ongizaterako terapia modura, eguzkitan eta zaldi artean

|

Slow Lifea praktikatzen duen auzotarra dugu Mikel Ipiña Cerro (Arrigorriaga, 1998), baina horrek ez du esan nahi geldirik egotea gustuko duen herritarra denik; txiki-txikitatik ume ipurterrea izan zen Ipiña eta lehenengo unetik heldu zion jarduera fisikoaren lanketari, hori egoera mentalarekin zuzenki lotuta dagoelako: lehen urteetan Abrisketako San Pedro auzoko Larrinaga baserriko beharretan aritu zen mutila, txakurrekin, zaldiekin eta egurrez betetako orgatxo bat maldan gora eta behera eroanez. Urteek aurrea egin ahala, mendi magaletik Arrigorriagara jaitsi eta hainbat kirol praktikatzen hasi zen: futbola, atletismoa, igeriketa, crossfita…

Ikasketa guztiak jarduera fisikoan oinarritu ditu. Ipiñaren arabera, esparru horretan bertan sortzen diren sentimenduek eragin zuzena dute gizakion ongizatean, eta horrexegatik da hain garrantzitsua kirola eguneroko bizitza erritmora ekartzea, “argala egotetik edo pisua galtzetik harago”. Mikelek ikasitakoa irakatsi nahi die etorkizuneko belaunaldi berriei eta beragaz izan gara Abrisketako Larrinaga baserrian zaldien artean egindako entrenamendu saio batean.

Nolako garrantzia dauka kirolak pertsonen ongizatean?
Lehenik eta behin ezinbestekoa da kontzeptu ezberdin bi bereiztea; kirola eta jarduera fisikoa. Jarduera fisikoa gastu energetikoa dakarren edozein mugimendu dela esan daiteke; kirola, aldiz, arau zehatz batzuekin, eremu eta kasu jakin batzuetan federazio bat daukan jarduera fisikoa da.

Hori horrela izanik, jarduera fisikoak garrantzi izugarria dauka. Den-dena da. Gizakia mugitzeko jaioa da: ehizatzeko eginda geunden eta, berez, oraindik hala da: antzina, jan ahal izateko mugitu egin beharko genukeen. Gaur egun egoera aldatu da, baina jarduera fisikoa ezinbestekoa da arrazoi bigatik: alde batetik, gure ongizate fisikorako: hezur indartsuak, sistema kardiobaskular osasuntsua, oreka, bizkortasuna… izateko; beste alde batetik, eta osasunaren alorrean asko sakondu barik, gure gorputzak oinarrizko funtzioak bete ahal izateko ezinbestekoa dugu mugimendua.

Gainera, jarduera fisikoak rol oso garrantzitsua jokatzen du ongizate emozionalean; hipotalamoan sorturiko hainbat “zoriontasun hormona” (kolokialki hala esaten zaio) askatzea eragiten du; horietako batzuk endorfinak (zoriontsu sentiarazten gaituen hormona), oxitozina (maiteminduta gaudenean askatzen dena), dopamina (askok motibazio hormona esaten diote) eta serotonina (antsietatearen aurkako hormona, baretuta, trankil… sentiarazten gaituena) dira.

Mikel Ipiña ongizate fisikoa eta emozionala lantzen du // Geuria

Baina ez bakarrik ongizate emozionalean, ezta?
Beste hainbat alorretan laguntzek du; sozialean, besteak beste. Hau esanda, beste bereizketa bat egin beharra dago; sentimenduak eta emozioak, askotan nahasten baitira. Emozioak erantzun fisiologikoak dira, jaiotzatikoak, antzina bizirauten laguntzen zigutenak. Oinarrizko sei emozio daude: zoriontasuna, tristura, beldurra, haserrea, sorpresa eta nazka. Autore batzuek gehiago edo gutxiago daudela defenditzen dute. Adibide modura, antzina, gure seme alabengana tigre bat hurbiltzen bazen, haserre egotearen emozioak tigre hori uxatzeko laguntza ematen zigun. Berez sortutako efektua da, erantzun neurofisiologiko bat egon delako.

Sentimenduak, ostera, era kontziente baten eratzen dira; kontrolatu ditzakegu eta humanizatzen gaituzte era kontziente batean. Sentimendu pila daude emozio bakoitzeko, eta hori da gakoa, sentimenduak epe luzean eduki ditzakegulako gurekin. Esaterako, kanta jakin bat entzuteak tristura eragin diezaguke, eta hor sor daitekeen sentimendu bat nostalgia izan daiteke, azken batean, pertsonok, gizakiak garen heinean, bueltak eta bueltak ematen dizkiegulako iraganeko momentu jakin batzuei. Norbanakoaren arabera, kanta jakin bat entzutean nahi beste buelta eman diezazkiokegu abesti horren mezuari: egun bat, bi, astebete, hilabete… denbora tarte horretan sentimendu hori izan dezakegu gure baitan, bueltaka.

Eta kirolak nola egin diezaieke aurre egoera horiei?
Kirolari esker gorputza “engainatu” dezakegu, sentimendu berriak sor ditzakegulako, bai aurreko hormonen askapenaren bitartez, bai pentsamendu positiboak eraginez.

“Gure gorputzak oinarrizko funtzioak bete ahal izateko ezinbestekoa dugu mugimendua”

Eta zein beste esparrutan da lagungarria kirola gure ongizaterako?
Beste hainbatetan: adibidez, entrenamendu bat oso gogorra denean eta zure buruarekin helburu jakin bat lortzeko etengabeko borrokan zaudenean (momentuan asko sufritzen, arnasestuka eta amore emateko zorian) eta bat-batean lortzen duzunean… euforia txute bat da gure ongizaterako. Horrek askotan sinbolismoa dauka bizitzarekin; momentu txar bat bizitzen ari garenean, borrokatu eta indartsu izatera eramaten gaitu.

Bistan da kirolak garrantzia daukala zure bizitzan. Nolako eragina dauka zehazki?
Jarduera fisikoak garrantzi izugarria dauka, kalte egiten didaten sentimenduak baztertzera eramatean nauelako. Gainera, sentsazio atseginak sortzen ditu gorputzean. Esan daiteke “droga” osasuntsua dela jarduera fisikoa praktikatzea.

Bizitza kirolean oinarritu duzu zuk.
Betidanik praktikatu izan dut bai jarduera fisikoa, bai kirola. Haurtzaroa Lauaxeta ikastolan eta Arrigorriagako baserrian igaro nituen. Beti aktibo. Ezin gelditu. Baserria eskolako autobusak uzten ninduen lekutik ordu erdira dago, Abrisketako San Pedro auzoan. Korrika igo dut sarritan. Baserrian bertan beti txakurrarekin alde batetik bestera, zaldiak ez dakit zein auzo edo mendira alde egin dutela eta korrika joan behar… gogoan daukat oraindik gure auzuneko bospasei baserri horien artean nire aititeren anaia bizi zela. Oso langilea zen Felix; eta etxeko behar fisiko guztiak amaitu ostean, ordu asko eman ostean, etxeko 12 txakurrak hartu eta mendira joaten zen, bere ongizaterako. Ni beragaz joandakoa naiz, sarritan. Gainera, txikitan, gelditu ezinik ibiltzen nintzen mendian; harrobian behera, harrobian gora, korrika.

Zaldien artean egindako entrenamenduan lagundu dugu Ipiña // Geuria

Eta menditik jaitsi eta Arrigorriagan, “zibilizazioan”, kirolik praktikatu zenuen?
Gaztetan gurasoek futbolean apuntatu ninduten Arrigorriagako Etorkizunen. Bertan gaur egungo kuadrilla ezagutu nuen, herriko nire adineko jendeagaz izan nuen lehen kontaktua izan zen, 6 urtegaz. Aurretik nire lagun bakarrak etxeko abereak eta baserriko atso-agure denak ziren. Futbolean ez nintzen oso ona. Materialagaz praktikatzen diren kiroletan trakets samarra naiz; fisikoak diren kiroletan, ostera, ona (igeriketan, korrika, salto…). Futbolean 14 urte inguru eman nituen, 19-20 urte bete arte.

Gero, urte bi eman nituen atletismoan. Bertan ona nintzen baina monotonoegia egin zitzaidan. Koronabirusa heldu eta itxialdiaren ondorioz baserrian neure entrenamenduak antolatu nituen, moztutako zuhaitz baten egurrez betetako gurditxoa gora eta behera eramanez, gainetik salto egiten… “eskuz egindako saioak” izan ziren.

Eta kirola praktikatzetik irakastera igaro zara, Mikel.
Jarduera Fisiko eta Kirol Zientziak eta Lehen Hezkuntzako ikasketak ditut. Betidanik gustatu izan zait neure zatitxoa munduagaz partekatzea, eta nire esentzia apurra etorkizuneko gizartera ekarri eta laguntzeko bada, oso polita dela pentsatzen dut. Ikasketekin lotuta kirol gehiago praktikatzen ari naiz, gainera, eta gaur egunera arte crossfita praktikatzen dut astean sei egunez, ordu bi egun bakoitzeko. Nire lehenengo urtea da Crossfitean eta mundu mailako Openeko Quarter Finals-etara heldu naiz. Ideia bat egiteko, mundu osoko crossfit kirolarien % 10ª soilik sailkatzen da Quarter Finals-etara, eta ni horien artean nago. Ez dago batere gaizki lehen urtea izateko!

“Gaur egun eskolako lan taldeetan emozioak lantzeko materiala eta unitate didaktikoak prestatzen hasi berri gara eta asko daukagu ikasteko”

Nolako pisua daukate emozioek eta sentimenduek gaur egungo hezkuntza sisteman? Txikitatik lantzen al dira?
Antzina ezertxo ere. Orain osasun mentalaren garrantziaz ohartarazten hasi da gizartea eta jasotako datu kezkagarriak ikusita hezkuntzaren alorrean lantzen hasi gara orain. Nire kasuan, orain dela gutxi barnekotasuna lantzeko 20 orduko formakuntza bat egin nuen. Gaur egun, eskolako lan taldeetan (bai lehen hezkuntzan, bai bigarren hezkuntzan) emozioak lantzeko materiala eta unitate didaktikoak prestatzen hasi berri gara eta asko daukagu ikasteko. Behintzat, sentimenduak lantzearen garrantziaz jabetu gara eta jo eta su ari gara esparru horretan sakontzen. Azken batean, askotan gizartean tabu izandako gai honi behingoz behar duen garrantzia ematen hasi gara, hezkuntzan behintzat.

Nola ikusten du gizarteak kirola gaur egun?
Askotan kirola argal egotearekin lotu da: “Mitxelin bat kendu, abdominalak landu…”. Baina, esan bezala, harago doa. Jarduera fisikoan azterketa ugari egiten ari dira eta ondorio modura esan daiteke osasun adituek sare sozialen bitartez kirola praktikatzera deitzen dutela, eta hori oso garrantzitsua da. Bai alor fisikoan, emozionalean eta sozialean.

Hala ere, sare sozialetan denetarik ikus daiteke. Jarduera fisikoa bai, baina muturrera eroan barik, ezta?
Askotan egia da kirola muturrera eroan ezkero arazoak dakartzala. Hori kasu oso isolatuetan gertatzen da eta kirolean zein edozein esparrutan gerta daiteke; adibidez alkoholagaz, mugikorraren erabileragaz eta, are gehiago, inork aipatzen ez duen sedentarismoagaz. Hori bai hori pandemia! Askotan, egunero kirola egiten duen pertsona aktiboari zoroa dela esaten diote, edo pasatzen ari dela leporatzen diote. Ostera, egunero tabernan edo sofan botata etxetik irten barik edo bulegoan mugitu barik dagoenari ezer gutxi esaten diote, eta niretzat larriena dena: horrek ez digu atentzioa ematen. Nire ustez, ahal bada eta ondo sentiarazten zaituen heinean, kirola egizu! Osasun fisikoan edo mentalean kalterik suposatzen ez badu beti ere.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri