☉ Arrigorriaga
Bi partidatako zigorra ezarri diote Montefuerte klubari bere lehen taldearen azken partidan izandako istiluengatik
Bi partidako zigorra ezarri diote Montefuerte Klubeko lehen taldeari: partida bat etxetik kanpo jokatu beharko dute, eta hurrengoa ateak itxita

Arrigorriagako CD Montefuerteko Erregional A taldeko azken partidan izandako liskarren haritik, Bizkaiko Futbol Federazioak Arrigorriagako futbol zelaia itxiko du zigor modura Erregional A kategoriako hurrengo futbol partidan (etxean jokatu beharrekoan): “Horiek horrela, Arrigorriagan jokatu beharreko partida hori beste zelai batean jokatu beharko dute Montefuerteko jokalariek”.
Halaber, Bizkaiko Futbol Federazioak azaldu du zigor ekonomikoa ere ordaindu beharko duela bai Montefuerte kirol elkarteak, bai liskarretan parte hartu zuten kirolariek. Gainera, eta Futbol Federazioaren aginduz, Montefuerte futbol zelaiak ateak itxiko dizkie Arrigorriagan jokatu beharreko hurrengo futbol partidak ikustera hurbilduko diren zaleei (maila eta kategoria edozein delarik). Partida horietara jokalariak, teknikariak eta arbitroak joan ahalko dira soilik.

Montefuerte Kirol Elkarteak biziki deitoratzen du zigor horiek horrelako portaerekin zerikusirik ez duten pertsona guztiei eragiten dieten kaltea. “Horregatik, barkamena eskatzen diegu gure zaleei eta neurri horiek eragindako klubei. Halaber, haiek ulertzea eta gure jokalariei, aurkariei, gainerako zaleei, epaileei eta abarri babesa, adorea eta errespetua ematea eskatzen dugu”, azaldu dute elkartetik.
Hitzezko indarkeria
GEURIAn azaldu bezala, joan den urtarrilaren 7an Erregionalen lehen mailako Montefuerte eta Atxulaur taldeek partida jokatu zuten Arrigorriagako futbol zelaian. Partida jokatzen zen bitartean “indarkeria-gertakariak” gertatu zirela adierazi zuten Montefuerte Kirol Elkarteko Zuzendaritza Batzordetik.
Ez da lehen aldia Montefuerteko futbol zelaian era honetako liskarrak salatzen dituztela: iazko azaro amaieran klubeko zuzendaritzatik eta entrenatzaileen izenetan azken denboraldietan klubeko zaleen partetik izan diren jokabide tamalgarriek benetan “kezkatzen zituztela” adierazi zuten futbol taldeko zaletu batzuek eta baita arduradunek ere.
☉ Arrigorriaga
Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.
“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.
Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.
Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan
Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.
Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.
Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea
Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea
Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea
Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea
Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea
Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea
Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra
Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra
Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9
Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra
Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4
Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea
Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra
☉ Arrigorriaga
Bideoa | 824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak
Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.
Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.
“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.
Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria
Makina bat berritasun
Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.
Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.
Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.
Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz
Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.
Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026
Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)
Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik
Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat. Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.
Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Errege Magoen Kabalgatak eta epifaniak jendez bete du Arrigorriagako plaza
Arrigorriagarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei udaletxe aurreko plazan, 3ºtan

Iritsi dira Hiru Errege Magoak Arrigorriagara! Beste urte batez, Arrigorriagako udaletxeko plaza jendez beterik egon da 19:00etan eta hotzak ez du ikuskizuna geldiarazi.
Aurtengo 51. edizioan 150 pertsona baino gehiagok hartu dute parte eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera izan dute. Urtero lez, udaletxeko plaza antzinako herri batean bihurtu da,
19:00ak aldera 3ºC erregistratu dituzte termometroek, azken urteetako tenperatura hotzenak.










































































