→Arrigorriaga

Ollargan guztiz berrurbanitzatzeko plana erredaktatzeko prozesua hasi du Arrigorriagako Udalak

Enpresek hilaren 28ra arte izango dute epea berroneratze proiektuak lizitaziora aurkezteko. Aurrekontua 65.000 eurokoa da

Ollargan auzoko pasabidea 2021ean // Arrigorriagako Udala

Ollarganek dituen irisgarritasun arazoak konpontzeko, auzo osoa berrantolatu eta berrurbanizatzeko proiektua idazteko plana abiatu du Arrigorriagako Udalak. Azterketa egin eta esku hartzeen plana definitzeko, 65.000 euroko aurrekontua bideratuko dute, eta enpresek hilaren 28ra arte izango dute epea berroneratze proiektuak lizitaziora aurkezteko.

Plan horietan irisgarritasunari emango diote lehentasuna; izan ere, Ollargan 1970etan eraikitako nukleoa da, ordudanik jarduketa garrantzitsurik gabe mantendu da, eta ez da mugikortasun irizpide berrietara egokitzen. Udaletik adierazi dutenez, auzoa “mantentze egoera onean” egon arren, oztopo arkitektoniko nabarmenak ditu oinezkoentzako.

Horri konponbidea emateko, espaloiak zabaldu eta sarbidea erraztea izango dira jarduketetako batzuk. Gainera, Udalak genero ikuspegia ere kontuan izango dute Ollargan berroneratzeko, eta “arreta berezia” jarriko dute auzoan puntu beltzik sor ez dadin.

Proiektua idazteaz arduratuko den hirigintza enpresak, hain zuzen, bi aspektu horiek izan beharko ditu gogoan. Udalak aurkeztutako egokitzapenak oinarri hartuta, esku hartzeak zehaztuko dituzte, eta etorkizunean, obrak faseka burutuko dituzte berrurbanizazio osoa lortzeko.

HAPO berria

Ollarganeko esku hartzeak, Kubo, Papelera taldea, Pedro Muro eta Osasun eta Higiene auzokoekin batera, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berrian planteatutako egokitzapenak dira. Birmoldaketa guztiak egiteko, enpresek proposatutako aldaketez gain, herritarrek orain arte egindako ekarpenak ere hartuko dituzte kontuan hirigintza plan berria garatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak