Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako osasun zentroaren egoerak “eraikin berri baten beharra” erakusten du

Udal ordezkarien arabera, Arrigorriagako osasun-zentroko eremuetako batean sabai zati txiki bat jausi da, eta, horren ondorioz, Osakidetza ari da eragindako eremuen ikuskapen sakona egiten arrazoiak zehazteko

|

Arrigorriagako osasun zentroa // Gmaps

Duela egun batzuk Arrigorriagako Osasun Zentroko sabaiaren zati bat jausi zen eraikinaren barrualdean eta horren ondorioz bost kontsulta itxi behar izan dituzte, bertako zerbitzua kanpoaldean kokatutako modulu batzuetara bideratuz: “Arrigorriagako osasun-zentroko eremuetako batean sabai zati txiki bat jausi da, eta, horren ondorioz, Osakidetza ari da eragindako eremuen ikuskapen sakona egiten arrazoiak zehazteko”. Udal ordezkarien arabera, zentroko sabai faltsutik metro bira dagoen pieza bat jausi da, sabai faltsua apurtuz eta kontsulta baten gainean eroriz. Ezbeharrak ez du kalte pertsonalik eragin.

Hedabide jakin batzuek baieztatu gabeko hainbat teoria argitaratu badituzte ere, ezbeharraren kausak argitzeko ikerketa zabaldu dute Osakidetzatik: “Helburua da 15 eguneko epean txosten bat egitea, arazoa konpontzeko egin behar diren jarduketak erabaki ahal izateko”. Osasun zentrotik GEURIAri azaldu bezala, “eraikin zaharra izanik, bertako sabaiak altuak dira eta horrek egitura aztertzeko lanak zailtzen du”.

Arrigorriagako Udaletik osasun zentro berri baten beharra aspaldikoa dela gogorarazi dute: “Argi daukaguna da Arrigorriagak osasun zentro berria behar duela. Horrela jaso genuen HAPO berrian eta, Osakidetzarekin batera, bide horretan ari gara lanean”, izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen berbak.

Joan den martxoan egindako prentsaurrekoan, Ibarrak azaldu zuen zentro berriaren diseinua definitzearen lana Eusko Jaurlaritzari dagokiola, eta ez hori bakarrik: Adif enpresarekin ere bilerak egin ditu gobernu taldeak, trenbidea bertatik igarotzen denez, aukera guztiak aztertu ahal izateko.

Maite Ibarra: “Zerbitzua ematen jarraituko du osasun zentroak ahalik eta normaltasun handienarekin”

Egoerari irtenbidea emateko, Arrigorriagako gobernu taldeak, Osakidetzarekin elkarlanean, zortzi modulu kokatu ditu eraikinaren alboan, herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko: “Zerbitzua ematen jarraituko du osasun zentroak ahalik eta normaltasun handienarekin”, azaldu du Ibarrak. “Udaletik Osakidetzarekin elkarlanean jarraitzen dugu, gure esku dauden konponbideak erraztuz, guretzat lehentasunezkoa delako zerbitzua normaltasun osoz herritarrei eskaintzen jarraitzea”.

Mikel Baza, Zeberioko kontsultorioan // Geuria

Eskolatik osasun zentrora

Josetxu Olivares udal arkitektoak azaldu digunez, Arrigorriagako osasun zentroa kokatzen den eraikina 1920koa da: “Hasiera batean mutilen eskola hartzen zuen eraikin honek eta neskena gaur egungo udaletxea dagoen eraikin berean zegoen”, izan dira arkitektoaren berbak. “Osasun zentro bilakatu zenetik, eraikinaren kudeaketa Osakidetzarena izatera igaro zen”. Olivaresek azaldu du eraikinak arazoak izan zituela antzina termiten izurriteekin, baina Osakidetzaren menpe egotera igaro zenean arazoa konpondu zutela.

Gaur egungo osasun zentroak 15 kontsulta dauzka, baina ez da beti horrela izan; hasieran kontsulta gutxiago zeuden, baina denborak aurrera egin ahala langile gehiago heldu dira eta espazio arazoak izan ditugu”

Mikel Baza lehen arretako medikuak GEURIAri azaldu bezala, gaur egungo osasun zentroak 15 kontsulta dauzka, “baina ez da beti horrela izan”. Berez, osasun zentro berri baten beharra “aspalditik datorrela” azaldu du: “Hasieran kontsulta gutxiago zeuden Arrigorriagako osasun zentroan, baina denborak aurrera egin ahala langile gehiago heldu dira eta espazio arazoak izan ditugu. Eraikinak eskaintzen digun espazio horretara moldatu gara”, azaldu du medikuak.

☉ Arrigorriaga

Santa Isabel, Axarte eta Lepanto kaleak asfaltatzera 740.000 euro bideratuko ditu Arrigorriagak

Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean

|

Abusuko Santa Isabel kalea // Geuria

Arrigorriagako Udalak 739.909,03 euro bideratuko ditu guztira Abusuko Santa Isabel, Axarte eta Lepantoko kaleak asfaltatzeko lanetara. Udal ordezkarien arabera, gaur egun eremu horietako errepide eta bideak “egoera txarrean” daude: “Zuloak, pitzadurak edota seinaleztapen eskasa daude eremu batzuetan eta, beraz, ezinbestekoa da zoladura berregokitzea, istripuak eta ezbeharrak ekidin eta segurtasuna bermatze aldera”, azaldu dute.

Egin beharreko lanen artean daude zoladura konpontzea eta berritzea, errepideak asfaltatzea, oinezkoentzako pasabide batzuk egokitzea, kanalizazioak aldatzea, pasabide goratuak egitea edota seinale horizontalak jartzea ageri dira. Horretarako lizitazio prozesua zabaldu du Arrigorriagako Udalak eta enpresek irailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean.

Zerrendako hurrengo proiektuak Ollargan eta Kuboko haur parkeak berritzea, Lehendakari Agirre parkean jolasgune naturala sortzea eta Padura, Lamierreketa eta Odol Emaileen plazan dauden parkeak partzialki ordezkatzea ziren, besteak beste.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak herriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko lanak hasi ditu irailean

Udalak 375.000 euro baino gehiago bideratu ditu lanotara eta helburua, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba izatea ere bada

|

Bidegorriko lanak, martxan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak martxan ipini ditu herrigunetik igarotzen den bidegorriaren zati batzuk konpontzeko lanak: “Helburua da, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba ere izango den bidea lortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. Guztira 375.010,67 euro bideratu dituzte lan hauetarako.

Egingo diren jarduketen artean, honako hauek nabarmendu dituzte Udaletik: bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea, besteak beste.

Joan den maiatzaren hasieran GEURIAn azaldu moduan, Arrigorriagako herrigunetik igarotzen den bidegorriaren hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak behin baino gehiagotan. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte. 2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industriagunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten.

Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal euskaltegian ikasturte berrian izena emateko epea zabaldu dute

Aurten autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Arrigorriagako Euskaltegiaren eskaintzen artean

|

Ikasturte berriaren hasierarekin, Arrigorriagako Udalak Euskaltegian izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte. Udal ordezkarien arabera, aurreko urteetan lez “eskaintza zabala” eskainiko dute, hainbat maila eta ordutegirekin: “Gainera, xede taldeak ere antolatu ditugu jubilatuentzat, gurasoentzat eta bakarrik mintzamena landu nahi dutenentzat”, azaldu dute.

Aurten, gainera, autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Euskaltegiaren eskaintzen artean (Berbalagun programan parte hartzea dohainik da).

Langabezian daudenek matrikula doan izango dute eta irailaren 2tik 10era arte izena eman zutenek 50 euroko beherapena izango dute matrikulan: “Horrez gain, Arrigorriagako Udalak euskara ikasteagatik matrikularen % 50eko diru-laguntzak emango ditu, eta HABEk maila gainditzeagatik ere bai (mailaren arabera).

Bata zein bestea ikasturtea bukatuta eskatu beharko dira”, azaldu dute Udaletik. Izena emateko modu bi daude: matrikula eskaera bete eta Euskaltegira zuzenean eraman edo bulegoa@arrigorriagakoeuskaltegia.eus helbidera bidali. Euskara ikasi nahi duten herritarrek ez daukate aitzakiarik beraz, euskaltegira hurbildu eta izena emateko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Abusuko Oscar San Juanek zilarra lortu du Espainiako Salmonidoen txapelketan Euskadirekin

Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea

|

Oscar San Juan // Abusu Casting Club

Abusu Castingeko kide den Oscar San Juan kirolariak zilarrezko domina eskuratu du Euskadiko Selekzioarekin Euli Salmonidoen espezialitatean, master kategorian, harrapaketa eta askatzean.

Txapelketa Asturiasko Trubia y Caudal izeneko ibaian antolatu zuten joan den abuztuaren 29tik irailaren 1era arte. Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du

Irailaren 20a da tailerretan izena emateko azken eguna. Ikastaroak urriaren 14an hasiko dira

|

Patchwork // Dinh Pham, Unsplash

Marrazketa eta pintura, altzariak zaharberritzea, dekorazio arteak, tapizak, patchwork-a eta oihal artisautza, zure txakurra trebatu eta gozatu, tailer gastronomikoak… Arrigorriagako Udalak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte.

Halaber, lau eta hamr urte bitarteko haurrentzako ikastaroak ere antolatu dituzte herriguneko Edurne Garitzaelaia kultur etxean eta Abusuko ludoteketan egin daitezke.

Ikastaroetan izena emateko ordutegiak honako hauek dira:

– HAZ: 08:00-13:45
– Abusuko Zentro Soziokulturala 08:00 20:30
– Edurne Garitazelaia: 16:30-20:30

Tailerren eskaintza guztia eta ordutegiak ezagutzeko jo Arrigorriagako Udaleko webgunera.

Prozesua, pausuz pausu

Irailaren 20an ikastaroetan izena emateko epea itxiko da eta hilaren 25ean onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko dute Edurne Garitazelaian eta Abusuko Zentro Soziokulturalean. Irailaren 27ko arratsaldean behin betiko zerrenda kaleratuko dute eta irailaren 30etik urriaren 4ra matrikulak ordaindu beharko dituzte onartuek.

Tailerrak urriaren 14an hasiko dira.

Tailerrak, banan banan

– Marrazketa eta pintura
– Tapizak, patchworka eta ohial artizautza
– Dekorazio arteak
– Altzariak zaharberritzea
– Zure txakurra trebatu eta gozatu
– Irakurketa tailerrak
– Idazkera sortzaileari buruzko tailerra
– Umeentzako irakurketa kluba (euskaraz)
– Robotika (euskaraz)
– Chi Kung
– Gabonetako sukaldaritza: pintxoak eta postreak (elebiduna)
– Bazkaria tuperretan eramateko errezetak
– Smartphone tailerra: hastapenak
– Smartphone tailerra: hobekuntza
– Irakurle kluba
– Kontakizun laburrak idazteko tailerra

Osorik irakurri