Sareak

☉ Arrigorriaga

Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko aurrerapausoa eman dute Arrigorriagan

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die Udalak auzotarrei, aztertu dezaten

|

Saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar auzoak / Geuria

Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoa herriko txikienetakoa da, eta dituen berezitasunengatik saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar. Gauzak horrela, udal gobernua lanean hasi zen 2019an auzotarrekin batera.

Ordutik hona, hainbat pauso eman dituzte: alde batetik, Ur Partzuergoarekin lotutakoak, saneamendua eta hornidura dela eta. Bestetik, obra zibila aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Arrigorriagako Udalak. Horretarako, beharrezkoa zen  auzotarrak komunitate gisa eratzea, bidean agertu eta agertuko diren hainbat oztopori aurre egiteko.

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die udalak auzotarrei, aztertu dezaten. Behin hori zehaztuta, eta udaleko arduradunek azaldu dutenaren arabera “bi aldeen adostasunarekin, udalak beharrezko mekanismoak jarriko lituzke martxan Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Osasun eta Higiene ardura eta heldutasun politikoaren eredu izaten ari da. Gobernutik merezi duen inbertsioa egingo dugu
auzo honetan, eta auzokideek jarrera aktiboa eta kolaboratiboa erakutsi dute, eta hori eskertzekoa da”.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako emakumeentzako Udako merkatu txikiak ekonomia zirkularra sustatuko du ekainean

Merkatua ekainaren 8an antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Lamiaenan

|

Galdakaoko aukeren merkatua // Geuria

Ekainaren 8an emakumeentzako Udako Merkatu Txikia antolatu du Lamiaenak Arrigorriagan. “Aukeratu jada erabiltzen ez dituzun bost jantzi edota osagarri eta ekar itzazu ekainaren 5era arte Lamiaenera”, azaldu dute emakumeen etxetik.

“Merkatu txikiaren egunean, eman zizkizuten tiketak trukatu ahal izango dituzu aukeratzen dituzun jantziekin. Ekonomia zirkularra eta emakumeen arteko sareak sustatzeko ekimena da”. Merkatua 11:00etatik 14:00ak arte antolatu dute Lamiaenan bertan eta sarrera doakoa izango da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gure Magalean boluntario bila dabil eskolako guraso elkartearen desagerpena ekiditeko

Ziklo berriari aurre egiteko belaunaldi aldaketa hori gertatu ezean guraso elkartea desagertuko litzatekela azaldu dute Gure Magaleanetik

|

Ikasle bat, amarekin, eskolako sarreran // Geuria

Gure Magalean Arrigorriagako eskolako guraso elkarteak bilera deitu du gaur arratsaldean, 17:00etan, eskolako musika gelan, guraso elkarteak gaur egun duen “boluntario faltari aurre egiteko”. Izan ere, gaur egungo batzordearen ziklo amaiera uztailean izango da eta Gure Magaleanetik elkarteak jendea behar duela adierazi dute.

“Gure eskola zentro oso handia da eta guraso elkarteak zerbitzu ugari eskaintzen ditu, eskola askotan baino askoz gehiago”, azaldu du Aitor Arenas kideak. “Hori posible izateko koordinazio lan handia egin behar da eta lan hori egiteko jendea behar da”. Arenasen arabera eskolako guraso elkarteak antzeko egoera bizi zuen duela bizpa hiru urte, “baina azkenean beti agertzen da laguntzeko prest dagoen inor”.

“Guk boluntarioz osatutako talde handia behar dugu Gure Magaleanek eskaintzen dituen zerbitzuak behar bezala mantentzeko”. Gaur egun kontu administratiboak egiteko pertsona bat kontratatuta dauka guraso elkarteak baina elkarteko kidearen arabera jende gehiago behar da lana banatu ahal izateko. “Pozik gaude badakigulako Arrigorriagako gurasoak laguntza horren alde agertzen direlako beti, baina beren inplikazioa behar dugu zuzendaritza organoetan”.

Guraso elkartetik aldaketa eman behar dela aldarrikatzen dute. “Lantaldeak aldaketa hori halabeharrez eduki beharko luke bizpa hiru urte ostean: gure umeek laster edo berandu eskola uzten dute alde batetik eta lan piloa egiten delako taldea koordinatzen, bestetik”.

Aitor Arenas: “Belaunaldi aldaketa gertatu ezean guraso elkartea desagertuko litzateke, horrek dakarren ondorio guztiekin”

Ziklo berriari aurre egiteko belaunaldi aldaketa hori gertatu ezean guraso elkartea desagertuko litzatekela azaldu dute Gure Magaleanetik: “Guraso elkarteak Goizeko Gela, eguerdiko eta eskolaz kanpoko jarduerak, seguruaren antolaketa, txangoetan beherapenak eskuratzea… bezalako kontuak kudeatzen ditu eta horren guztiaren atzean haurren ongizatea dago”.

Gaur egungo batzordearen zereginen artean eskolaren irudiaren berriztapena, eskolaz kanpoko ekintza berriak ezarri eta funtzionatzen ez zutenak kendu dituzte, besteak beste.

Arrigorriagako eskola // Geuria

Eskola Eguna, ekainean

Guraso elkarteko lana “polita” dela dio Arenasek. Izan ere, momentu honetan ekainaren 9an egingo duten Eskola Eguna antolatzen ari dira. Kide bakoitzak ahalegin guztiak ipintzen ditu urtean behin antolatzen duten jai handi hau prestatzeko: “Antzina Liburu Eguna antolatzen genuen, Eskola Eguna bezalako egun berezi bat. Ikasleek urtean zehar egindako lanen erakustaldi bat zen, komunitatea sortzeko aukera paregabea: ikasleak, irakasleak, gurasoak, jantokiko langileak…”.

Aurten ere ikasleentzako jolasak, puzgarriak, liburu salmenta, herri kirolak, eta ikasturtean zehar egin dituzten jardueren erakustaldiak antolatu dituzte: irristaketa, xakea… “Ate irekien jardunaldia ere egongo da eta guretzat benetan garrantzitsua da. Iaz harrera ona izan zuen eta bertan eskola ikusteko aukera dago. Ikaslei asko gustatzen zaie eta ekitaldi berean irakasle eta gurasoekin elkartu egiten dira”, azaldu du Arenasek.

Eguerdi aldera bazkaria, zozketa bat eta bazkalosteko parranda prestatu dute DJ baten saioarekin eta, egun borobil bati merezitako amaiera emateko: “Bazkarian parte hartzeko tiket gutxi geratzen dira eta gaur bertan eskolatik irtetean eskuratzeko aukera egongo da. Gure jaira etortzeko gonbidapena luzatzen diegu ikasle eta guraso guztiei”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 300.000 euro jarriko ditu herritarren eskura aurrekontu parte-hartzaileetan

Herritarrek proposamenak egiteko epea ekainaren 30a arte luzatuko dute, eta diru partida bikoiztu egingo da, 300.000 eurotaraino

|

Proposamenak egin eta jasotzeko web orria jarri dute herritarren eskuragarri / Geuria

2022an egin zituzten lehen aldiz aurrekontu parte hartzaileak Arrigorriagan, eta udal ordezkarien arabera “parte hartzea oso positiboa” izan zela kontutan hartuta,  2025eko aurrekontuari begira apustua indartzea erabaki dute: diru partida bikoiztuko dute, 300.000 eurotaraino, eta proposamenak egin zein bozkatzeko epea luzatuko dute. Horiek dira berritasun nagusiak, propio sortu duten web orriarekin batera.

Web berri honetan herritarrek euren proposamenak egin ahalko dituzte, eta baita egin diren proposamenak bozkatu ere. Ez da bide bakarra izango, ordea: udal eraikinetan hautestontziak jarriko dira, inprimakiak bete eta bertan sartu ahal izateko.

Proposamenak egiteko epea gaur hasi da, eta ekainaren 30an bukatuko da. Lehen fase honen ondoren balorazio tekniko bat egingo da, proposamenek zehaztuta dauden irizpideak betetzen dituzten ikusteko: gutxienez 1000 euroko kostua izatea, zehatzak eta udalaren eskumenekoak izatea, eta bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta jasangarria izatea.

Behin hori eginda, eta irailaren 1etik 30ra proposamenak bozkatuko dira, behin betiko Aurrekontuan sartzeko. Herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako arrigorriagarrek gehien jota hiru proposamen bozkatu ahal izango dituzte.

Udaletik azpimarratu duten lez, proposamenak ez dira soilik “hirigintza arloari dagozkionak izan behar”, eta udalerriaren beharrizanen isla izatea nahi dute. Maite Ibarra alkateak eta Peio Garmendia zinegotziak zehaztu duten bezala, “udal gobernuaren 95. neurrian jasotako konpromisoen artean dago aurrekontu parte-hartzaileena”.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek brontzezko dominak eskuratu dituzte Espainiako Taekwondo txapelketan

Itxaso Hernándezek brontzezko domina bi eskuratu zituen: bat bakarkako borrokan eta bestea bikoteka, Sergio Pachorekin, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz. Maider Castrok beste brontzezko domina bat ekarri du etxera

|

Unibertsitate arteko txapelketako Garrikoko kirolariak, Toledon // CD Garriko

Joan den asteburuan Unibertsitate arteko Espainiako Taekwondo txapelketa jokatu zuten Toledon eta Arrigorriagako CD Taekwondo Garrikoko Itxaso Hernández, Sergio Pacho, Maider Castro eta Iker Sevillano kirolariek bertan hartu zuten parte.

Itxaso Hernández galdakoztarrak brontzezko domina bi eskuratu zituen: bat bakarkako borrokan eta bestea bikoteka, Sergiorekin, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz. Gainera, Maider Castro arrigorriagarrak beste brontzezko domina bat eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatearen izenean.

Bizkaiko Haurren Borroka-txapelketa // CD Garriko

Zortzi, Bilbon

Joan den igandean Bizkaiko Haurren Borroka-txapelketa antolatu zuten Miribillako frontoian eta Arrigorriagako klubeko kirolariek zortzi domina eskuratu zituzten: Adriana Andresek, Iker Ubedak, Markel Garciak, Izei Intxaurragak, Aitzol Portugalek, Hegoi Dominguezek eta Julen Fernandezek urrezko domina bana eskuratu zuten eta Lur Guerrak zilarrezko bat lortu zuen.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak

Maiatzaren 26an antolatu dute 32. edizioa eta urtero lez, proba laburra eta luzea izango ditu

|

Pastorekorta // Geuria

Maiatzaren 26an 32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak. Urtero lez, kirol proba honek kategoria bi izango ditu, eta biak Arrigorriagatik abiatuko dira: Laburra (7,81km eta 214 metroko desnibelekoa) eta Abrisketako Done Peritik, Benta Handia eta Mendikosolotik igaroko da. Luzea, ordea, (11,64km eta 535 metroko desnibelekoa), Otxandioko Atxatik, Pastorekortako tontorretik eta Txus iturritik igaroko da.

“Luzeak, anoa-gune bat izango du ibilbidean. Laburrak, ordea, ez”, azaldu dute Euskal Mendi Federaziotik. “Baina, amaieran, ibilbide bietako parte-hartzaileek indarrak berreskuratzeko jakiak izango dituzte helmugan, baita opari-poltsa bat ere”.

Izen emateak eta ibilbideen trackak Euskal Mendi Federazioaren webgunearen bidez ikus daitezke.

Osorik irakurri