Sareak

☉ Arrigorriaga

Osakidetzak bere aurrekontuan sartu du Arrigorriagako osasun zentro berria

Udalak eta Osakidetzak egin duten lankidetza hitzarmen hau Arrigorriagarentzat albiste “oso positiboa” bezala definitu du Maite Ibarra alkateak

|

Alderdi politikoak, bozkaketa egiten osoko bilkura arteoan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak eta Osakidetzak lankidetza hitzarmena berretsi dute joan den azaroaren 28an egindako osoko bilkuran gaur egungo osasun zentroa konpontzeko. Hitzarmen hau aurreko hilabeteetan Osakidetzako ordezkariekin egindako hainbat bileraren ondorio izan da, eta horren berri eman zuen GEURIAk.

“Oso gertutik jarraitu dudan gaia da Arrigorriagako osasun zentroarena”, aitortu du Maite Ibarra herriko alkateak. “Oso inplikatuta egon naiz eta buruhauste asko ekarri dizkit. Akordio hau erdiestearen ondorioz bereziki pozik eta harro sentitzen naiz lortu dugunaz”.

Udalak eta Osakidetzak egin duten lankidetza hitzarmen hau Arrigorriagarentzat albiste “oso positiboa” bezala definitu du Maitek: “Hilabete askoren eta negoziazioen ondoren akordio oso ona lortu dugu herritarrentzat”. Akordio honi esker, Osakidetzak gaur egungo osasun zentroaren konponketa lanak bere gain hartuko du eta Maitek ziurtatu du osasun zerbitzuak “lehengo normaltasuna” berreskuratuko duela eta herritarrek “merezitako kalitatezko zerbitzua” jasoko dutela.

Zentro berria, aurrekontura

Gainera, Osakidetzak bere aurrekontuan sartuko du Arrigorriagako osasun zentro berriaren proiektua: “Badakigu ibilbide luzea daukagula aurretik baina argi dugu herriak osasun zentro berri bat behar duela eta horretarako lanean jarraituko dugu burubelarri”, aurreratu du Ibarrak.

Bozkaketak EH Bildu, PSE, NOA eta Arrigorriaga Gararen aldeko botoak eta EAJko abstentzioa izan zituen.

☉ Arrigorriaga

CD Paduraren bigarren taldea Erregionalen Lehen Mailara igo da: “Familia bat gara”

Etxebarri Bri 2-0 irabazi ondoren lortu zuen maila igoera Padura Bk. Hurrengo helburua liga irabaztea dela zehaztu du Josu Merayo entrenatzaileak

|

Larunbatean lortu zuten maila igoera / Geuria

CD Paduraren lehen bi taldeak futbolaren gazia eta gozoa ari dira bizitzen aurten. Lehen taldearen kasuan denboraldi zaila ari da izaten, eta egoera ez da batere samurra: jaitsiera postuetan daude liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan. Bigarren taldean, aldiz, pozez txoratzen daude, Erregionaleko lehen mailara igoera lortu baitute liga bukatzeko 6 jardunaldiren faltan, Etxebarri B ri 2-0 irabazi ondoren.

Josu Merayo da taldeko entrenatzailea, eta bere hitzetan, “igoeraren sekretua da taldea familia bat dela”. Zentzu horretan, taldearen izaera eta lanerako “grina” azpimarratu ditu: “Izan ere, taldeko hainbat jokalarik eskarmentu handia dute dagoeneko, eta 5 edo 6 igoera lortu dituzte dagoeneko klubean. Horrek taldeari sendotasuna eta konfiantza eman dio une erabakigarrietan”.

Klubak azken urteotan harrobiaren alde egindako apustua ere nabarmendu nahi izan du Merayok: “Talde gaztea garen arren, heldutasunez jokatu dugu denboraldi osoan zehar, oreka handiz, eta emaitzek hori berresten dute”.

Igoera lortuta, taldearen hurrengo helburua argi dago: liga irabaztea. Liga bukatzeko bost jardunaldi falta dira, eta Indartsurekin berdinduta daude sailkapenean. Hori gutxi ez, eta azken jardunaldian euren artean jokatuko dute Arrigorriagan (joaneko partidan CD Padurak 0-1 irabazi zuen).

Paduraren entrenatzaileak argi du mezua: “Igoera ospatu dugu, baina lanean jarraituko dugu. Orain ligaren bila goaz,  denboraldia borobildu nahi dugu”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako igerileku txikiko konponketek aste bi iraungo dituzte

Helburua ur-ihesak saihestea eta ingurumenaren eta uraren tenperatura erregulatzeko sistema automatikoa ezartzea da

|

Udal kiroldegiko sarrera // Geuria

Joan den astelehenean, apirilaren 14an, Arrigoriagako udal kiroldegiko barruko igerileku txikiko konponketak hasi dituzte.

Helburua ur-ihesak saihestea eta ingurumenaren eta uraren tenperatura erregulatzeko sistema automatikoa ezartzea da eta lan hauen iraupena aste biz luzatuko dela aurreikusi dute Udaletik.

Udal ordezkariek azaldu dute obra hauek dirauten bitartean ezin izango dela igerilekua erabili.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Berakatz, OstiKda eta Zilibito Records taldeek Arrigorriagako Lastotxo Eguna girotuko dute

Maiatzaren 17an antolatu dute lehen edizioa. Jarduera guztiak udaletxeko plazan egingo dituzte eguerditik aurrera

|

Zilibito Records // Utzitakoa

Maiatzaren 17an antolatu dute Lastotxo Egunaren lehen edizioa. Herritar guztiei zuzendutako egun honetan jarduera bereziak prestatu dituzte Arrigorriagako gazteek, Udalaren laguntzarekin.

Jarduera guztiak udaletxeko plazan prestatu dituzte, Euskaraldiaren jarduera batekin hasiz. Paella txapelketa eta herri bazkariaren ostean musikaz jantziko dute herria talde ezberdinek: bazkalostean Berakatz taldea egongo da eta arrastian OstiKda elektrotxarangaren saioa.

22:00etatik aurrea kontzertuen txanda izango da. Bertan Zilibito Records eta Nonahi erromeria taldeak izango dira.

Programa | Arrigorriagako I Lastotxo Eguna

Maiatzak 17, larunbata

12:30 Egunaren hasiera Euskaraldiaren eskutik

14:30 Paella txapelketa

15:00 Bazkaria

16:00 Bazkalostea: Berakatz taldea

19:00 OstiKda elektrotxaranga

22:00 Kontzertuak: Zilibito Records + Nonahi Erromeria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Mugikorrekin adinekoen autonomia digitala bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Arrigorriagan

Saioak apirilaren 29an eta maiatzaren 6an, 13an eta 20an antolatu dituzte udaletxean. Bertan, smarthphoneak behar bezala erabiltzen eta eguneroko aplikazioak erabiltzen irakatsi diete parte-hartzaileei

|

Nsys Group V / Unsplash

Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, telefono adimenduak behar bezala erabiltzeko tailerrak antolatu dizkie herriko adinekoei apirila amaieran eta maiatzean. Helburua adinekoen autonomia digitala bultzatzea da.

Formazio zikl0a doako lau tailerrek osatzen dute. Saio horietan telefono adimendunak edo Smartphoneak eta bertan instalatu daitezken Whatsapp bezalako aplikazioak erabiltzen irakatsiko dizkiete parte-hartzaileei, eta ez hori bakarrik: webguneak, posta elektronikoa eta interneten segurtasunez nabigatzeko nozioak emango dizkiete ere, besteak beste.

Tailer guztiak udaletxeko prentsa aretoan izango dira (Urgoiti pasealekua, 57), 11:00etatik 13:00etara. “Prestakuntzaren helburua da teknologia mugikorraren erabilera eraginkorrari buruz jakin beharreko guztia irakastea, adinekoek eguneroko bizitzan mugikorra erabiltzen ikas dezaten”, azaldu dute Udaletik.

Izena emateko 944 268 844 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek edo adiskidetza.digitala@bizkaia.eus helbidera e-posta idatzi.

Programa, egunez egun

Apirilak 29: Telefono adimenduna erabiltzen hasi eta ikasi (Smartphone)
Maiatzak 6: WhatsApp aplikazioa erabiltzen ikasi
Maiatzak 13: Webguneak, posta elektronikoa eta Internet segurtasunez erabili
Maiatzak 20: Egunero oso erabilgarriak izan daitezkeen aplikazioak

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk 12 proiektu aurkeztu ditu udal aurrekontuaren gerakinerako

Udal gobernuko ordezkariekin elkartu dira EAJkoak baina ez dute akordiorik erdietsi: “Teknikariak aitzakia gisa erabiltzea nahikoa da Arrigorriagan benetako proiektuak aurrera ez eramateko”

|

EAJko kideak // Arrigorriagako EAJ

Udal gobernuarekin elkartu dira Arrigorriagako EAJ alderdiko ordezkariak udal aurrekontuaren gerakinaren inguruko proposamenak egiteko eta oposizioak 12 proiektu “estretagiko” proposatu ditu, baina EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOArekin ez dute akordiorik lortu.

“Teknikariak aitzakia gisa erabiltzea nahikoa da Arrigorriagan benetako proiektuak aurrera ez eramateko. Ez dugu konponbide partzialekin konformatzeko asmorik; proiektuak eta horiek gauzatzeko dirua dauzkagu”, azaldu dute EAJtik.

“Akordiorik lortu ez ondoren, alderdiak bere proposamena aurkeztu du, EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOAren argudioak gezurtatuz”, azaldu du Ainara Saez EAJko bozeramaileak. “Gure proposamena 2025eko aurrekontuak negoziatzean abenduan lortutako akordioaren barruan kokatzen zen, eta bertan jasotzen zen 2025erako erabilgarri zegoen soberakinaren %20aren inguruko erabakietan parte hartzeko aukera izango genuela. EH Bilduk, Arrigorriaga Garak eta NOAk, ordea, ez dute hitzartutakoa bete. Guk bai; Arrigorriagaren etorkizun estrategikoari begirako proiektuen proposamena prestatu dugu”.

12 proiektu

– Abusuko Gizarte eta Kultur Etxea: eraberritze integrala. 150.000 euro

– Auzoko Lantegi Etxea: instalazioen eguneratzea eta irisgarritasun azterketa. 150.000 euro

– Pumptrack pista. 150.000 euro

– TAOa Abusun: 200.000 euro

– Barzubia baserria: estalkiaren berritzea eta egiturazko konponketak. 600.000 euro

– Pedro Muro eta Osasun eta Higiene: igogailu bat instalatzeko azterketa. 50.000 euro

– Martiartu: komun publikoa. 75.000 euro

– Montefuerteko zelaia: belar aldaketa. 50.000 euro

– Kubo: haurrentzako parkea berritzea. 100.000 euro

– Brisketa: asfaltatzea eta argiztapena hobetzea. 50.000 euro

– Hilerria: beirate berriak eta mantentze-lanak. 100.000 euro

– Mendikosolo: sarbideak, ekipamenduak eta seinale berriak hobetzea. 100.000 euro

Ollargan, eztabaidagai

Bestalde, EAJtik oso kritiko agertu dira Ollarganeko obren inguruan: “EH Bilduk dio 600.000 euro bideratuko dituela Ollargan urbanizatzeko proiektua hobetzeko, baina hori gezurra da. Ez da hobetzeko, baizik eta amaitzeko”, azaldu dute.

“Dena Aldi Baterako Enpresa elkarte batek aurkeztutako esleipen-preziotik dator (ABEE, UTE gaztelaniaz): 1.573.000 euro, hasierako irteera-prezioa 1.950.000 euro zenean. Sei hilabeteko lanen ondoren, obren zuzendaritza fakultatiboak esleipen-prezioaren gainkostua 600.000 eurokoa dela zehaztu du. Horietatik 360.000 euro proiektuaren gabeziei dagozkie, eta gainerakoak obrak egiteko garaian sortutako ustekabeko gastuei. Une horretan, udal gobernuak estrategia bat prestatzen du, proiektu hau gauzatzeko inbertsio gisa saltzeko. Diru hori gainkostua estaltzeko da”.

Osorik irakurri