☉ Arrigorriaga
Ostera Kultur Festibalak Gari eta Maldanberaren kontzertua ekarriko du Arrigorriagara
Azaroaren 7tik 10era prestatu dute Ostera kultur etxean eta Lonbo aretoan. Aurten, solasaldiak, bakarrizketak eta Gari eta Maldanbera taldearen kontzertua eta umeentzako antzerkia prestatu dute
Urria eta azaroa bitartean antolatu dute aurtengo Ostera Kultur Festibala Balmasedan, Arrigorriagan eta Abadiñon. Festibala doakoa izango da eta Euskaran mundo oso bat kabitzen da! izango da leloa. Arrigorriagaren kasuan azaroaren 7tik 10era prestatu dute kultur etxean eta Lonbo aretoan eta solasaldiak, bakarrizketak eta Gari eta Maldanbera taldearen kontzertua prestatu dute, besteak beste.
Herri bakoitzean lau egunez luzatuko den egitarau zabala eskainiko du kultur festibalak: musika, flamenko eta dantza bertikal ikuskizunak, bakarrizketak solasaldiak, haur eta familientzako emanaldiak… Gainera, solasaldi ziklo bat antolatu dute herri bakoitzean ere eta etorkizuneko “GU” irudikatzea du helburu: euskarak alor ezberdinetan dituen erronken inguruan hausnartzea du helburu.
Arrigorriagan Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? galderaren inguruan eztabaidatuko da eta hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko pausoak aztertuko direla aurreratu dute Topagunetik.
“Euskal kulturaren sustapena Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu estrategikoa da. Eta, zentzu honetan, Ostera erreferentziazko ekimena bihurtu da Bizkaian”, azaldu du Isaak Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendari nagusiak.
Festibalaren informazio guztia Topagunearen webgunean ikusi dezakezu.
Egitaraua | Ostera Kultur Festibala 2024 Arrigorriagan
Azaroak 7, osteguna
18:30 Euskara bihar: Nola aktibatu erabilera? solasaldia, kultur etxea
Azaroak 8, ostirala
20:00 Anton Telleria, Julen Portillo, Ana Goitia eta Maialen Sorzabalbere bakarrizketa saioa, Lonbo aretoa
Azaroak 9, larunbata
20:00 Gari eta Maldanbera kontzertua, Lonbo aretoa
Azaroak 10, igandea
12:00 Maddi pirata, haur eta familientzako ikuskizuna, Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean
Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko
Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.
“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.
Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.
Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako ‘Bertsio Gauan’ izena emateko epea zabaldu du Soinuarrik
Soinuarri Elkarteak bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak lagako dizkie Bertsio Gauan parte hartuko duten bandei
Abenduaren 28an Bertsio Gaua antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Gaztetxean eta herritarrak bertan parte-hartzera gonbidatu dituzte: “Antolatu bertsioz osatutako 15 minutuko setlist bat zuzenean jotzeko”.
“Aukera ezinhobea izango da zuzenean jotzeko gura asetzeko eta gau zoragarriaz gozatzeko”, azaldu dute Soinuarritik. Elkartekoen esku geratuko da eszenatokia montatzeko lana eta musikariek bertan erabiliko dituzten instrumentuak lagatzea: izan ere bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak egongo dira oholtzan: “Nahi izanez gero musikariek beren instrumentuak ekar ditzakete Bertsio Gaura ere”, gehitu dute.
Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera e-posta idatzi beharko dute interesdunek. Bertan taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzak zein instrumentu joko duen eta setlista zehaztu beharko dute.
☉ Arrigorriaga
Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan
Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan
Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.
Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.
Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.
☉ Arrigorriaga
Bere zale baten kontrako erasoa gaitzetsi du Arrigorriagako Padura futbol taldeak
Erasoa partida bukaeran jazo zen, eta Arrigorriagako taldearen arabera “Deustuko hainbat zale ultrek” gauzatu zuten. Zauri eta kolpeen ondorioz zalea ospitalean artatu behar izan zuten
Modurik txarrenean bukatu zen 3RFEF mailako CD Paduraren eta SD Deustoren arteko norgehiagoka. Arrigorriagako taldeak partida bukatu bezain pronto jakitera eman zuen bere zaleetako bat erasotua izan zela, eta erasoa Deustuko taldearen hainbat “jarraitzaile ultren” eskutik heldu zela.
Hori gutxi ez, eta zera nabarmendu nahi izan zuten Arrigorriagako taldetik: “Zoritxarrez, gertakari horiek ez dira Deustoko zale ultrekin gertatzen diren lehen aldia, eta, Deustoko benetako zaleen arabera, “beti berdinak dira”.
Oharrean bertan jakitera emandakoaren arabera, jarraitzailea ospitalean artatu behar izan zuten, eta erasoa ez zen larriagoa izan bi taldeen jarraitzaile eta Ertzaintzaren esku hartzeari esker.
Bukatzeko, Arrigorriagako taldetik kiroltasunaren eta joko garbiaren aldeko mezua luzatu dute. Deustuarren kasuan, oraindik ez dute adierazpanik egin, bere zaleetako batzuk sare sozialen bidez adierazitakoa salbu.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Arima galduez bete zen Arrigorriaga urteko gaurik beltzenean
Haurrentzako esperimentazio tailerra prestatu zuen Arritxikerrak taldeak Gau Beltzean, eta bertan egon ginen, argazki beldurgarriak egiten
Arritxikerrak taldeak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ prestatu zuen udaletxe aurreko Argala enparantzan. Itzalitako kalabazak piztu, zentzumenak landu eta mozorroekin gozatzeko aukera izan zuten txiki eta ez hain txikiek. Bertan egon ginen, eta argazki beldurgarri hauek egin izan ahal genituen.