→Arrigorriaga

Arrigorriagako Padura Mendi Taldea betiko itxiko duten erabakiko dute ostegun honetan

Zuzendaritzak kargua utziko du 12 urteren ondoren. Ordezkapenik egon ezean, urtarrilaren 12ko asanbladan hartuko dute kluba ixteko erabakia

Arrigorriagako mendi taldea Castro Valneran // @paduramt

Padura Mendi Taldeko zuzendaritzak 12 urte daramatza klubaren kargura, baina hiru legegintzaldi agintean egon ondoren, postua utziko dutela jakinarazi dute. Antonio Negredo presidenteak (11 urtez egon da burutzan) orain aurkeztu du dimisioa, gai pertsonalak arrazoi, eta gainontzeko kideek 2023aren amaieran esango diote agur Arrigorriagako klubari. Erreleborik egon ezean, adierazi dute Padura Mendi Taldea betiko desegin beharko dutela: “Oso gorri ikusten dugu kontua”.

Erabakia ostegun honetan (urtarrilak 12) hartuko dute, taldekide guztiekin egingo duten asanbladan, Lonbo Aretoan, 20:00etan. Bertan, kideek zuzendaritza talde berria eratzeko hautagaitzak aurkezteko aukera izango dute; beraz, “bazkideen esku egongo da kluba ez desagertzea”.

Orain arte erakutsi duten jarrera kontuan hartuta, baina, zail dago erreleboa. “Kluba kideek eskatuta zabaltzen dugu ostegunetan, baina oso arraroa da norbait hurbiltzea”, azaldu dute taldetik. Gainera, zuzendaritzak urtero-urtero prestatzen du ekintzen eta irteeren egutegi oparoa, baina gehienak bertan behera utzi behar izaten dituzte ez duelako inork parte hartu nahi. Bazkide guztiak agertzen diren momentua federatuen txartela berritzeko ordua da, baina zuzendaritzatik argi daukate: “Kluba ez da federatzeko leku soila”.

Azken hiru legegintzaldietan, arazo bera izan dute klubean. Ordezkepenaren gaia landu izan dutenean, kideek aitzakia baliatu dute: “Jarrai dezatela lehengoek, oso ondo egiten baitute”. Horrela 12 urtez jarraitu ondoren eta ordezkapenen faltan, oraindik, mendi taldea desagerraraztea da aurreikusten duten aukera bakarra.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak