☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Padurako mendizaleek egun osoko irteera egingo dute Gorbeialdera
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira

Padura Mendi Taldeak Gorbeialdera antolatu du hurrengo egun osoko mendi-irteera. Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte.
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira.
Irteera 07:30ean egingo dute Arrigorriagako osasun zentrotik abiatuko den autobus batean. Itzulera 17:00etan aurreikusi dute, “berandu lez”.
Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte
Gorbeia mendia da Gorbeiako zerumuga definitzen duen gaina. Gailurretik, 1.481 metroko altueran, bista panoramikoak ikusgarriak dira eta bidean animaliak ikusteko aukera ematen du Gorbeia parke naturalak.
Han, Gorbeiako Gurutzea aurkituko duzu, euskal mendizaletasunaren erreferentzia puntua eta Euskadiren ikurra. 17 metro pasatxoko eraikina da eta Eiffel dorrea gogorarazten duen egitura da.

Itzinako biotopoa // gorbeiaeuskadi.com
Itzinako biotopoa
Beste mendi enblematikoetako bat, bere balio historikoagatik eta aniztasun naturalagatik, Itzinako mendigunea da. Katilu forma du, eta barrualdea labirinto harrigarri bat da, euskal mitologiako leize eta elezaharrez zipriztindua.
Itzinako mendigunea, airetik ikusita, ingurutik altxatzen den goi-lautada harritsu ikusgarria da, 1.000 metrorainoko altuera duten hormen gailur batez inguratua, barrualde hustua babestuz. Duela 110 milioi urte inguru itsaso bero eta ez oso sakonetan hazi ziren koralezko arrezifeak dira mendigunea osatzen duten kareharrien jatorria. Haitzak iragaztean pitzatzen dituzten euriak dira lurpeko kobazulo erraldoien erantzule; bertan, lurrazpian, estalaktita eta estalagmita ugari daude.
Barrualdean, harri-labirinto itzel bat leku malkartsuenetan hazten diren pagoekin nahasten da. Pago horiek baso txikiak osatzen dituzte, eta salamandrak, igel gorriak, muxar grisak eta azeriak babesten dituzte. Haitzetan harkaitz-sugandilak, sai zuriak, belatzak, belatxingak eta kobazulo eta zuloetan saguzarrak bizi dira.
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu. Ikaztegien eta artzainen txabolen hondarrak, historiaurreko aztarnategien ondoan, dira gizakiaren lanaren lekuko. Elurtegi baten hondakinak ere badaude bertan; aurreko mendearen erdialdera arte Orozko izotzez hornitzen zen bertatik. Izotza, elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zuten.
Itzinan Supelegor leize ikusgarria dago, Mari euskal mitologiako jainkosaren bizilekuetako bat. Kondairen arabera, Marik ekaitzak leherrarazten ditu suzko suge itxura duen bere senar Sugaarrekin lur azpian elkartzen denean.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.








































































