→Arrigorriaga

Mendigoizaleen esperientziak biltzeko hitzaldi zikloa egingo dute Arrigorriagako Mendi Astean

Padura Mendi Taldeak Susana Ruiz Mostazo, Igone Mariezkurrena, Adolfo Madinagoitia eta Alex Txikon ekarriko ditu Lonbora

// Susana Ruiz Mostazoren "Los sueños no tienen cima" liburuaren portada

Arrigorriagako Mendi Astea azaroaren 7an (astelehena) hasiko da, eta herriko Padura Mendi Taldeak kirolari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du zazpi eguneko egutegi oparoa osatzeko. Euskal Herriko lau hizlari hurbilduko dira Lonbo Aretora haien esperientziak eta bizipenak partekatzeko; solasaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta doakoak izango dira bertaratu nahi duten guztientzako.

Lehen egunean, Susana Ruiz Mostazo mendigoizale nafarrak irekiko du hizketaldien saioa Los sueños no tienen cima hitzaldiarekin. Mostazori 11 urterekin diagnostikatu zioten diabetesa, eta 20 urterekin mendiak igotzen hasi zenetik, gaixotasunarekin kirola maila gorenean praktikatzeko aukeren bila aritu izan da. 2013an, diabetesa duten pertsonei egokitutako mendirako erremintak probatzen hasi zen Kilimanjaro, Meru eta Elbrus gisako mendietan.

Mendigoizaleek lehen pertsonan bizitako esperientziekin jarraituko dute asteazkenean eta ostegunean ere; oraingoan, ikus-entzunezkoen bidez. Igone Mariezkurrenak Westfjords: Islandia inhóspita a pedales dokumentalaren aurkezpena egingo du jardunaldien bigarren egunean, eta azaroaren 10ean, Adolfo Madinagoitiak Patagonizados lana ekarriko du Arrigorriagara. Bi filmek Euskal Herritik kanpoko mendietara egindako igoerez dihardute; Islandian bizitakoak, batak, eta Fitz Roy, Saint Exupery, Mocho eta Cerro Torre inguruetan ikusitakoak, besteak.

Mendi Asteko azken egunean (azaroak 14), Alex Txikonek 10 años de himalayismo invernal solasaldia eskainiko du Lonbon. Alpinista bizkaitarrak zortzi milakoetan bizitakoez jardungo du Padura Mendi Taldeak ekarritako hitzaldi zikloa ixteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak