☉ Arrigorriaga
Asteburuko irteera prestatu dute Pirinioetara irailean Arrigorriagako Padura taldekoek
Sallent de Gallego herrian egingo dute lo mendizaleek eta Baños de Panticosatik egingo dituzte ibilbideak

Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak asteburuko irteera prestatu du irailaren 26tik 28ra Pirinioetan kokatutako Sallent de Gallegora. Irteera irailaren 26an egingo dute (barikua). Autobusa 18:00etan abiatuko da Arrigorriagako osasun zentroko geltokitik.
Irteeran izena emateko ipini harremanetan Padura Mendi Taldeko ordezkariekin. Taldeko kideak eguazten guztietan elkartu egiten dira Lonbo Aretoko 1 pisuan, 5. gelan (Urgoiti pasealekuko 3. zenbakian kokatutako sedean), 19:00etatik 21:00ak arte.
Mendi taldeak Baños de Panticosa bisitatuko du eta hiru aukera izango dituzte bertan: Tebarray mendia igo eta bertatik Sallent de Gallegora joatea, Infernuetara igo (3.078 metro) eta bertatik Sallent de Gallegora abiatu (aukera hau teknikoena da eta talde txiki bat sortuko dute) edo Ibon Urdinetara abiatu (Ibon Azules).
Hiru aukerak
Tebarray eta bertako ibona edo lakua: Tebarray iboia Aragoiko Pirinioetako iboi bat da, Sallent de Gallego (Huesca) udalerrian kokatua. Tebarrayko iboia horrela deitzen da 2.916 metroko Tebarray mendiaren azpian dagoelako. Iboi bat da, altitude altuan dagoena, itsas mailatik 2.710 metrora. Bainatzea baimenduta dago, baldin eta ekosistema eta ingurunea errespetatzen badira; ezin da latarik bota, ezta iboiari kalte egiten dion artikulurik ere. Iboiko ura edan daiteke, bainatzea bezala, baina kontuz ibili behar da, iboiaren sakonera handia baita, 25 metro sakon.
Infernuetako tontorrak: Infernuetako tontorrak oso altitude berdintsuko hiru tontor dira, ibiliz egin daitekeen gandor zorrotz baina merke batek bereizten dituenak. Panticosako bainuetxearen konplexutik 3.000mt baino gehiagoko tontor erakargarri horiek gertu daudenez, eta haien igoerek zailtasun handirik ez dutenez, eta erraz samarrak eta azkarrak direnez, mendizaleak paisaia eta sentsazio alpetar handien bila ibiltzen dira. Bachimañako aterpea eraikitzeak, Bachimaña Bajo urtegiaren ondo-ondoan, mendigunea bisitatzen duten txangozaleen kopurua handitu du, eta Infernuak igotzen ari dira Saretas lepotik, duela urte batzuk jende gutxiago joaten baitzen bertara.
Ibon Urdinak: Ibilbide hau Panticosako bainuetxean hasten da eta aukera egokia da mendizale guztientzat. Goi mendiko ibilbideaz gozatzeko aukera ematen du eta lau iboi eder zeharkatzen ditu: beheko Bachimañako ibona, goikoa eta Ibon Urdinak (behekoa eta goikoa).
Hurrengo irteerak
Pirinioetara egin beharreko irteera honen ostean hurrengoak faltan ditu Arrigorriagako mendi taldeak:
- Irailak 21: Saldropo-Otzarreta ibilbidea (Gure Magalean Guraso Elkartea)
- Urriak 12: Garrastatxuko inguruak (Gure Magalean Guraso Elkartea)
- Urriak 26: Gorbeia-Itxina
- Azaroak 16: Iluntzar mendia (Nabarniz) (Gure Magalean Guraso Elkartea)
- Azaroaren 23an Aizkorri-Aratz
- Abenduaren 31: Xanpai Eguna (Artanda) (Gure Magalean Guraso Elkartea)
☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.
Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.
Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025
Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa
Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena
Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa
Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan
“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.
Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.
Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.
19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.
☉ Arrigorriaga
Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera
Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.
Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.
Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.
Aldiz, eskaintza ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.
Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.
Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.
Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak
David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.
Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.
Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.
Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.
Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Herritarrentzako aurkezpenak azaroan
Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:
Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)
Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean


























































































