→Arrigorriaga

Antonio Negredo, Padura Mendi Taldea: “Zuzendaritza berritzea izugarrizko pausoa da klubaren jarraipenerako”

Zuzendaritza talde berriko bost kideetako hiru Padura Mendi Taldeko bazkideak dira, eta gainontzeko biek orain emango dute izena klubean

Taldeko kideak Castro Valneran // @paduramt

Padura Mendi Taldeko zuzendaritzak erreleboa lortzea “oso zaila” izango zela uste zuen. Eta klubeko bazkideekin ostegunean (urtarrilak 12) egindako asanbladan koordinazio taldea berritu ezean, 73 urteko bidea egin duen elkartea betiko desegin beharko zutela adierazi zuten. Azkenean, baina, kluba ixteko ideia alde batera utziko dute: bost kideko talde berriak hartuko du gain Arrigorriagako mendi taldea.

Antonio Negredok, 11 urtez presidente lanetan ibili den kideak, pozik hartu du erabakia: “Zuzendaritza berria izugarrizko pausoa da klubaren jarraipenerako”, onartu du. Aurreko urteetan ere zaila egin zaie erreleboa aurkitzea, eta azken zuzendaritza taldea hiru legegintzaldiz (12 urtez) egon da karguan. “Batzuetan, egoera pixka bat behartu behar izaten da jendea berrikuntzak egin behar direla konturatu dadin”, dio Negredok.

Izan ere, kideak asanbladara deitzeko zabaldu zuten mezuan, zuzendaritza taldeak bazkide batzuen interes falta ekarri zuen mahai gainera, federatu ahal izateko baino ez zutelako izena ematen. “Antolatutako ekintzetan parte hartzea txikia zela ikusteak eta laguntza gutxi geneukala jakiteak zaildu egiten zuen lana” —onartu du presidente ohiak— “baina, orain, jende berria proiektuarekin jarraitzeko prest dagoela ikustea pozgarria da”.

Bost kide “berri”

Zuzendaritza talde berriko bost kideetako hiru Padura Mendi Taldeko bazkideak dira, eta gainontzeko biek orain emango dute izena klubean. Horrela, prestaketaren beharrean, dimisioa aurkeztu duen zuzendaritza taldeak haiekin harreman estua izango du lehen hileetan zehar, koordinatzaile berriak idazkaritzaren arloan, diruzaintzari lotutako gaietan eta federazioarekin egin beharreko izapideetan gidatzeko. Negredok azaldu duen bezala, bazkide guztien arteko lankidetza izango da gakoa: “Gu hor egongo gara laguntzeko, ez gara joango”.

Datozen asteetan, bilerak hasiko dituzte presidente berria aukeratzeko eta eskumenak pixkanaka ematen joateko. Zuzendaritza talde zaharrak 2022-2023 denboraldirako abian jarritako ekintzen egutegia baliatuko duten ere erabakiko dute orduan. “Horrekin jarraitu dezakegu, baina zuzendari berriek ideia gehiago izan ditzakete klubean aurrera eramateko!”, azaldu du Negredok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak