→Arrigorriaga

Padura MT: “Talde ederra osatu dugu, inoiz baino mistoagoa eta gazteagoa”

Arrigorriagako mendi taldeak zuzendaritza-batzordea berritu du. 370 bazkideko taldeari gazte gehiago batu zaizkio. Orain, publiko guztiak erakartzeko, Padura Mendi Erronka eta Mendi Irteerak Familian ekimenak prestatu dituzte datozen ekitaldietarako

Padura MTko zuzendaritza-batzorde berria (ezkerretik eskumara): atzean Josu Najera, Joseto, Ainara, Olatz eta Josu Ruiz de Azua; aurrean Bitxu eta Uxue // Padura MT

Arrigorriagako mendi taldeak “oso gorri” ikusten zuen Padura klubari erreleboa emateko aukera. Urtarrilean, zuzendaritzak karguan 12 urte egin ondoren, postua utzi eta taldea betiko desagertu zitekeela esan zuten. Baina erreleboa, azkenean, heldu da, eta nola heldu ere: Padura Mendi Taldean luze jardun duten mendizaleez gain, herritar gazteak iritsi dira batzordera. 30 bazkide berri gehitu dituzte zerrendara, eta hemendik aurrera, Padura Mendi Erronka eta Mendi Irteerak Familian ekimenak jarriko dituzte martxan, publiko zabalagora heltzeko. Euskal Herriko nahiz Pirinioetako mendiak ezagutarazteko helburua izango dute, batetik eta seme-alaben eta gurasoen artean mendizaletasuna eta euskararen erabilera sustatzea, bestetik.

Padura Mendi Taldeak zuzendaritza-batzorde berria dauka urtarrilaren 12an klubak Lonbo Aretoan ospatutako batzar orokorretik. Nortzuk zarete kide berriak? Sare sozialetan zazpi batzordekide zaretela aipatzen da: batetik, Jose Luis Meabe (Bitxu), Josu Ruiz de Azua, Uxue Ostaikoetxea, Josu Najera eta Olatz Ruiz de Azua; bestetik, Jose Nieto (Joseto) eta Ainara Sáez. Bitxu, Josu biak, Uxue eta Olatz herriko bost mendizale gara, ondo ezagutzen dugu elkar, eta txiki-txikitatik bostok izan gara klubeko bazkide; nahiz eta azken urteetan, arrazoi ezberdinak direla tarteko, gutako batzuk beste mendi talde batzuetan ibili izan garen. Joseto eta Ainara, bestalde, aldameneko herrietako mendizale ezin amorratuagoak dira, aurreko zuzendaritza-batzordeko kideak. Josetok 20 urte baino gehiago daramatza klubeko zuzendaritzaren partaide izaten, eta Ainarak bi urte, bulegoko idazkari lanak egiten.

Nor da presidente berria? Josu Ruiz de Azua da klubeko presidente berria, eta Uxue, berriz, presidenteordea. Josu Najera diruzaina da; Olatz, idazkaria; Bitxu eta Joseto, bokalak; eta Ainara, bulegoko idazkaria. Josu Ruiz de Azua klubeko presidentea izendatu dugu bera hasi zelako Gabonetan ezagunen artean hariak mugitzen Padura Mendi Taldearen desagerpena ekiditeko zerbait egin beharra geneukala argudiatuz. Izan ere, urtarrilaren 12ko batzar orokorrean zuzendaritzaren erreleborako hautagaitzarik aurkeztu ezean, 2023ko abenduan kluba desagerraraztera kondenatuta zegoen. Berak presidentetzaren kargu hori emakumeetako batek hartzea nahi zuen, baina, nahiz eta emakumeok bigarren legegintzaldian zehar izendapenetan aldaketak egiteko gure prestutasuna agertu dugun, momentuz, berari esleitu diogu erantzukizun hori. Josu Najerari, aldiz, ez diogu aukerarik eman. Bera dugu herriko matematikari doktorerik argiena, eta diruzaina izatera behartu dugu lege-aginduz hasieratik amaierara arte. Talde ederra osatu dugu, inoiz baino mistoagoa eta gazteagoa, gainera.

Antonio Negredo presidente irten berriak, hain zuzen, batzordean jende gaztea sartu dela azpimarratu zuen. Pentsatu duzue gazteria klubera erakartzeko ekintza zehatzik aurrera eramatea? Hala da, bai. Josu Najerak, Uxuek eta Olatzek 30 urte inguru dauzkagu, eta gure helduerarekin lortu dugu gertuko gazte dezente klubean lehen aldiz bazkidetzea. Baina adinez gu hirurok zuzendaritzako gazteenak izan arren, nagusiena dugun batzordekideak, Josetok, bere 72 urteekin, gu baino espiritu, freskotasun eta sasoi hobea dauka. Beraz, ez pentsa gaztetasuna adin kontua denik! Joseto urteko ia egun guztietan joaten da mendira, izan bizikletarekin, eskiekin ala botekin. Whatsaap taldera beti bidaltzen dizkigu egundoko argazkiak, eta lanean edo ikasten gabiltzan gainerako kideok kristorenak eta bi esaten dizkiogu gure barrenei, inbidiaz beteta.

Gazteok, zuzendaritzan daramatzagun bi hilabeteetan, gertuko 30 bat lagun inguru bazkidetzea lortu dugu, baina espero dugu datozen hilabeteetan zifra horrek nabarmen gora egitea. Jendea erakartzeko, izan ere, bazkidetzea eskatuko dituzten bi proiektu eder martxan jartzear gaude: alde batetik, Padura Mendi Erronka 2023; eta, bestetik, Mendi Irteerak Familian eskolako ume, guraso eta senideentzako.

Padura Mendi Erronka taldean nahiz indibidualki parte hartzeko dinamika bat izango da, bereziki mendizaletasuna sustatzeko eta Euskal Herriko nahiz Pirinioetako mendi desberdinak ezagutarazteko. Guk Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Pirinioetako mendien zerrenda bat aterako dugu, eta erronka izango da herrialde bakoitzeko gutxieneko tontor batzuk igotzea martxotik abendura bitartean. Gutxieneko kopuru hori adinaren araberakoa izango da. Parte-hartzaileek Padura MTko ikur batekin tontorrean ateratako argazki baten bitartez frogatu beharko dute bertara igo izana, argazkia sare sozialetara igoz eta Padura MT etiketatuz edo gure e-mailera bidaliz. Erronka gainditzen duten kuadrillek eta norbanakoek, gero, abenduro antolatzen dugun Mendi Astean sari bat jasoko dute.

Mendi Irteerak Familian, bestalde, eskolako familientzako eskaintza itxia izango da. Mendizaletasuna bultzatzea izango du helburu nagusi, baina baita gurasoen artean euskararen erabilera sustatzea eta txangoetan umeek mugikorraren erabilerarik ez egitearen mezua indartzea ere. Padura Mendi Taldeak eta eskolako guraso elkarteko mendi-komisioak, elkarlanean, hilero irteera bat antolatuko dugu. Lehena Babiora izango da, martxoaren 26an. Parte-hartzeko baldintzak guraso elkarteko kide eta Padura MTko bazkide izatea izango dira. Dena den, bi proiektu horien inguruko berri gehiago laster izango duzue bai sare sozialen bitartez, bai herritik zehar eskegiko ditugun kartelen bitartez.

Proiektu konkretuez harago, gure helburu garrantzitsuenetariko bat Arrigorriagan mendizaletasuna sustatu eta saretzea izango da; hau da, mendiarekin lotzen ditugun balioak sustatzea herritarrengan, hala nola naturarekiko errespetua, elkartasuna edo talde lana. Bestalde, lehen aipatu bezala, mendiaren bueltan belaunaldien arteko loturak indartzea herrigintza egiteko beste modu bat da.

Sare sozialetan bazkidetza kanpaina abiatu duzue. Gaur-gaurkoz zenbat zarete? Gaur-gaurkoz 370 bazkide gara, baina zuzendaritza aldaketarekin bazkideen kopuruak gora egingo duelakoan gaude, komentatutako dinamika berriak direla-eta.

Padura Mendi Taldean bazkidetuta egoteak klubeko ekintzetan parte hartu ahal izatea ahalbidetzen du, baita klubeko materiala (pioletak, kranpoiak, erraketak, gida-liburuak, mapak, etab.) doan mailegatu ahal izatea ere. Gainera, gure bazkidetuen erdia, gutxi gorabehera, federatuta dago Euskal Mendizale Federazioan, eta horrek suposatzen du estatuko eta Pirinioetako edo munduko edozein mendietan praktikatutako kirol-modalitate ezberdinetan istripu-asegurua izatea; mendiko aterpeetan deskontuak izatea; Pyrenaica aldizkaria etxean jasotzea; baita Bizkaiko Goi Mendi Eskolak (BGME) eskaintzen dituen 20 ikastaroetara sarbidea izatea ere. Bazkidetuta eta federatuta dauden pertsonek beste abantaila bat dute: klubak urtean zehar aurrera aterako dituen BGMEren lau ikastaroetan deskontuak izatea.

Aurreko zuzendaritza-batzordeak proposatutako irteera egutegia mantenduko duzue zuzendaritza berritik edo egutegi berria prestatuko duzue? Aurreko zuzendaritza-batzordeko kideek, nahiz eta euren karguak urtarrilean utzi zituzten formalki, osteguneroko batzarretan izaten ditugu aldamenean, laguntza ematen. Eta ezin eskertuago gaude! 2023ko egutegiaren behin-behineko zirriborro bat pasatu digute, baina oraindik elkarrekin zehazten gabiltza. Zaila da epe ertain-luzera mendiko ekintzak antolatzea, baina bazkide asko nahiz beste klub batzuetako kideak galdetzen ari dira 2023ko egutegiaren inguruan. Beraz, kosta ala kosta, ahal bezain laster publikatu beharko dugu.

Otsailaren 11n Pico Umión eta Pico Flor mendiak igo zenituzten lehen irteeran. Nolakoa izan zen esperientzia? Halaxe da. Urteko lehen irteera otsailean egin genuen. Eguneko irteera izan zen, eta autobus txiki bat betetzea lortu genuen. 22 lagun joan ginen, asko, ezagunak gure artean; beste batzuk, berriak. Hala ere, egunaren amaierarako, denok ezagutu genuen elkar apur bat hobeto. Eta horrelako testuinguru eta giro ezin osasuntsuagoan jendea ezagutzeak ez dauka parekorik.

Eguraldia eta elurra ezin egoera hobean egon ziren: erraketak eraman genituen arren, ez genituen jarri behar izan. Hori bai, hauek erregulatzen eta motxilan, badaezpada, prest eramaten ikasi genuen! Inork ez zuen minik hartu, eta joan ginena baino pozago itzuli ginen denok etxera. Oso kontent eta hurrengo irteera noiz helduko desiatzen gaude.

Badaukazue hurrengorik buruan? Bai. Hurrengo irteera martxoaren 25ean izango da: Castro Valnerara. Hori ere eguneko irteera izango da. Goizeko 08:00etan irtengo gara Arrigorriagako anbulatoriotik, autobusez, eta Lunadako eski estazioraino joango gara. Bertan ibilalditxoari ekingo diogu: asmoa da lehenengo Pico de la Miel (1.512 metro) igotzea eta ostean, Castro Valnera (1.718 metro), ertzetik. Zailtasun erdiko ibilbidea izango da, gutxi gorabehera, sei ordukoa, eta Arrigorriagara arratsaldeko 19:00etan itzuliko garela aurreikusten dugu.

Irteera horretara apuntatzeko, izen-emate epea martxoaren 10ean zabalduko dugu eta 23an itxi. Betiko lez, izen-ematea e-mail bitartez egin ahal izango da edo presentzialki, egoitzan bertan (ostegunetan, 19:30etatik 21:30era, Kuboko Doctor Fleming 4 kalean). Autobusaren kostua 18 eurokoa izango da federatuentzako, eta ez- ederatuek, 23 euro ordaindu beharko dituzte: 18 euro, autobusarengatik eta bost euro, istripu-aseguruarengatik.

Elurraren egoeraren arabera, aukera ezin hobea izan daiteke kranpoiekin ibiltzen ikasten hasteko, esperientzia eta pazientzia handia duten kideen eskutik. Beraz, ez dago aitzakiarik!

Antonio Negredo, Padura Mendi Taldea: “Zuzendaritza berritzea izugarrizko pausoa da klubaren jarraipenerako”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak