Sareak

☉ Arrigorriaga

Eskolako eta institutuko ikasleei laguntza psikologikoa eskainiko diete Arrigorriagan

Udalaren eta hezkuntza zentroen arteko lankidetza protokoloa sortu dute arazoak dituzten neska-mutilen kasuak jarraitzeko. Ekainean, doako psikologia zerbitzua eskainiko diete

|

Arrigorriagako eskola // Geuria

Nerabeen egoera sozio-emozionala zaila denean, askotan, ingurukoei kostatu egiten zaie arazoaz jabetzea eta gazteei laguntza eskaintzea. Arrigorriagako eskolan eta institutuan —batez ere, pandemiaz geroztik— okerrera egin dute mota horretako problematikek, eta erremedioa jartzeko, Udalak eta bi zentroek lankidetzan jardun dute esku hartzeko tresnak garatzeko. Arazoak dituzten neska-mutilen jarraipena egiteko, lankidetza protokolo bat garatu dute, eta Udalak gazteei arreta eskaintzeko psikologia zerbitzua jarriko du martxan ekainetik aurrera.

“Gure ikasleen egoera delikatua dela ikusten dugu, eta gazte guztietan izan ez arren, arazoak dituzten lagunen kasu asko daude”, azaldu digute Arrigorriaga BHIko ordezkariek. Izan ere, institutuan egoera psikologiko zaurgarriak dituzten neska-mutil dezente daude, antsietatea, depresioa, fobia sozialak, elikadura nahasmenduarekin lotutako arazoak, zein, orokorrean, osasun mentalari eragiten dioten gorabeherak dituen jendea. Pandemiak, gainera, areagotu egin ditu problematikak. “Horri aurre egiteko ditugun tresnak mugatuak dira” —onartu dute institututik— “Eta artatzeko gabeziak genituenez, Udalak eskaini zitzakeen baliabideak zeintzuk ziren jakin nahi genuen”.

Lehen pausoak otsailean eman zituzten. Udaleko ordezkariak izan ziren bi zentroekin harremanetan jarri zirenak, eta bilera deitu zuten egoera aztertzeko. Biek ala biek jarri zuten mahai gainean bata bestearengandik zer behar zuten, gazteei arreta hobea eskaintzeko. Eta horrela garatu zuten Udaleko gizarte zerbitzuen, eskolaren eta institutuaren arteko koordinazioa nolakoa izango den zehazten duen lankidetza protokoloa. Jarraipena egiteko bilerak noiz egingo dituzten, kasuak nola aztertuko dituzten eta arta eskaintzeko bakoitzak eskura dituen baliabideak zeintzuk diren azaltzen dute bertan.

Institututik azaldu dutenez, idazki formal horrekin esku hartzeak protokolizatzea lortuko dute. Horrela, institutuko langileen artean aldaketarik balego, enplegatu berriek ikasleen egoera zein den jakin lezakete hasieratik, eta haien jarraipena gertutik egin ahalko lukete, informazioa eskura izanda eta estandarizatutako pausoekin. Halaber, zentroko neska-mutilen batek arazorik balu, Arrigorriagako gazteen zerbitzuek eskura dituzten baliabideetara bideratu ahalko lituzkete, ekintza prebentibo gisa.

Udalak Gaztegunean eskaintzen dituen tailerrak aipatu dituzte Arrigorriaga BHItik: “Demagun ikasle bat ez datorrela klasera fobia sozialak dituelako; badauka Udalak ekintzaren bat aisialdian eskaintzen duena eta harreman sozialekin lagun diezaiokeena?”. Herrian eskura dauden programa horiek ezagututa, ikasleei gomendatu diezazkiekete institutuko arduradunek, hezkuntza zentroaz gain, kanpoan ere laguntza sare bat izan dezaten. Hasieratik babes hori emanda, larriegia ez den arazoren bat duten gazteentzako “prebentzioa” bilatu nahi dute.

Psikologia zerbitzua

Kasu larrienetan, babesgabetasun egoeran dauden neska-mutilekin, Gizarte Zerbitzuek zuzenean egiten dute lan, eta arazo psikologiko nabarmenak dituzten nerabeak, berriz, Osakidetzako UPI zerbitzura (Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Unitatea) bideratzen dituzte. Baina interbentzioa beharko luketen gazte batzuek ez daukate zerbitzu horretan sartzeko besteko “larritasunik”, eta UPI “gainezka” dagoenez, kanpoan gelditzen dira, Arrigorriagako udal ordezkariek azaldu duten moduan. “Hori gertatzen denean, familia askok ez daukate psikologo pribatu bat ordaintzeko baliabide ekonomikorik, eta gazteak laguntzarik gabe gelditzen dira”, diote. “Gu hutsune hori betetzera gatoz”.

Ekainetik aurrera, Arrigorriagako Udalak nerabeentzako psikologia zerbitzu publikoa jarriko du martxan. Ikasketa zentroetako langileek neska-mutilen batek laguntza behar duela ikusiko balute, Gizarte Zerbitzuekin jarriko lirateke harremanetan. “Udaleko psikologoak lehen balorazioa egingo du, eta kasu larria bada, UPIra bideratuko du”, azaldu digute udal ordezkariek. “Bestela, terapia emateko kanpoko zerbitzu batera bidaliko luke, Udalak kontratatutako psikologia zerbitzu batera”.

Txikientzako ere bai

Arrigorriagako eskolako ordezkariek azaldu dutenez, ekainetik aurrera eskura izango duten laguntza beharrezkoa da “linboan” dauden ikasle horiei arreta eskaintzeko. “Familia egoera zailengatik edo beste arazoren batengatik, eskolan ditugu haurtxo batzuek ez dakite beren egonezin emozionala bideratzen”, eta kasu horietan, zentroan baliabide mugatuak dituzte esku hartzeko. “Gu ez gara horretan adituak”, azaldu dute: “Horregatik, oso positiboa da guk arreta eskaini ezin dugu kasuetan Udalarekin harremanetan jartzea eta profesionalek umeei laguntza eskaintzea”.

Haur txikiei dagokienez, protokoloa lehen momentutik aktibatzen dute eskolan, eta Gizarte Zerbitzuekin harremanetan egoten dira ordutik. Arazoak dituzten umeei, ahal duten neurrian laguntzen diete irakasleek, baina kasu larriagoetan Udaleko psikologoaren terapia jasotzen dute. Laguntza hilabete inguruko esku hartzea izan ohi da, eta, batzuetan, labur gelditzen dela diote Arrigorriagako eskolako ordezkariek; gainera, Osakidetzaren zerbitzura bideratu ezin dituzten kasuetan, kolokan gelditzen da laguntza. “Tarte horretan sartzen diren gero eta ikasle gehiago daude, eta, beraz, beharrezkoa zen herrian horrelako zerbitzu bat martxan jartzea”.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gazte Egunak 300 lagun bildu ditu Gaztetxean, larunbatean

“Giro paregabea” izan zela aitortu dute Arrigorriagako Gaztetxetik, gaueko musika-eskaintza anitzarekin

|

Gazteak, bazkarian // Arrigorriagako Gaztetxea

Arrigorriagako Gazte Egunaren zortzigarren edizioa ospatu dute ekainaren 22an, Gaztetxean eta Argala plazan. Aurten, urteroko Hockey Txapelketa eta bertso bazkariaz gainera, Bafle poteoa antolatu dute herrian zehar.

Asteburuko eguraldi txarrak udaletxeko arkupeetara eraman du urteroko hockey txapelketa, iaz bezalaxe. Hala ere, Gazte Egunaren delaldiak “arrakasta handia” izan duela azaldu diote Gaztetxeko arduradunek GEURIAri: “140 lagun bildu ziren bertso bazkarian eta gerora 300 pertsona inguru izan ziren Gaztetxean”.

Izan ere bazkariko “giro paregabea” azpimarratu dute Gaztetxetik eta gaueko eskaintza musikala anitza izan zela azaldu dute: Rally48, Altxa Porru Erromeria eta Painapple taldeen kontzertuen lekuko izan ziren kontzertuetara gerturatu zirenak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako san juan gaueko ekintzak kiroldegiko kantxa urdinean egingo dituzte

Arrigorriagako Udalak iragarri duenez, iratxoak eta sorginak 20:45etan antolatu dituzte

|

Haurrak, San Juan suan // Geuria

Hasiera batean Mendikoso eta Mintegi parkean antolatu zituzten san juan suen pizteak eta jarduerak lekualdatu ditizte asteburuko eguraldia dela eta. Arrigorriagako Udalak kiroldegiko kantxa urdinera lekualdatu ditu. Horiek horrela, 18:00etatik aurrerako ekintza guztiak bertan izango dira: iratxoak eta sorginak 20:45etan izango dira. Ondorioz, bertan ez dute surik piztuko.

21:35etan txokolate jana eta dantza egingo dute, 22:30ak arte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Harrotasun Asteak hitzaldiak, tailerrak eta Holi jaia ekarriko ditu herrira

Jarduera guztiak herrigunean antolatu dituzte, udaletxeko plazan eta baita Lamiaenan, ekainaren 24an, 28an eta 29an

|

Harrotasun Eguna, 2018an // Geuria

Ekainaren 24tik 29ra Harrotasunaren Astea antolatu dute Arrigorriagan eta hitzaldiak, tailerrak, bideo-proiekzioak eta Holi jaialdia antolatu du Arrigorriaga Harro taldeak Udalaren babesarekin.

Jarduera guztiak herrigunean antolatu dituzte, udaletxeko plazan eta baita Lamiaena emakumeen etxean ere

Egitaraua | Harrotasunaren astea 2024

Ekainak 24, astelehena
– 19:00 Dokumentala: Ekain Lersundi, Lamiaena

Ekainak 28, ostirala
– 17:00 eta 19:00 Escape Room LGTBIQ+, Lamiaena
– 19:00 Txapa tailerra, Lamiaena

Ekainak 29, larunbata
– 17:30 Arrigorriaga Harro taldearen bideoaren proiekzioa, Edurne Garitazelaiako Azokea aretoa
– 18:00 Umeentzako marrazketa tailerra, udaletxeko plaza
– 18:00 Arrigorriaga Harro hitzaldia + mokadutxoa, udaletxeko plaza
– 19:30 Holi jaia, udaletxeko plaza
– 20:00 Baflepoteo Transmaribibollo, herrian zehar

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Ume arrigorriagarrek puzgarriak, tailerrak eta ikuskizunak izango dituzte Madalenetan

Jai Batzordeak 17 jarduera baino gehiago prestatu ditu uztailaren 19tik 25era, egunez egun: antzerki saioak, tailerrak, buruhandiak, puzgarriak… herria umeentzako ekintzez beteko dute.

|

Haur bat, Arrigorriagako iazko txupinazoan // Geuria

Arrigorriagako Udala aurtengo jaietan izango diren jarduerak iragartzen ari da egun hauetan. Oraingo honetan umeentzat prestatutako ekintzen berri eman dute Udaletik.

Izan ere, Jai Batzordeak 17 jarduera baino gehiago prestatu ditu uztailaren 19tik 25era: antzerki saioak, tailerrak, buruhandiak, puzgarriak… herria umeentzako ekintzez beteko dute. Aurten ere Umeentzako parkea ipiniko dute Lehendakari parkean, hilaren 23an eta 24an, ordutegi ezberdinetan.

Egitaraua | Haurrentzako jarduerak 2024ko Madalenetan

Uztailak 19, ostirala
– 18:00 Jaioberriei aitortza-ekitaldia, Edurne garitazelaia kultur etxea
– 20:15 Buruhandiak, udaletxeko plaza

Uztailak 20, larunbata
– 12:00 Erraldoien kalejira, udaletxeko plazatik
– 19:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 21, igandea
– 11:00 Patinaje ibilbidea, herrian
– 11:00 Ekortzeko makina puzgarria, Joan XIII plaza
– 19:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 22, astelehena
– 19:00 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 23, asteartea
– 11:30 Umeentzako parkea, Lehendakari parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 13:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea
– 17:30 Umeentzako parkea, Lehendakari parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 18:00 Izozki banaketa, Pergola

Uztailak 24, asteazkena
– 15:00 Umeentzako antzerkia: Izarren Hartza, Lehendakari Agirre parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 18:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 25, osteguna
– 11:00 Entsalada tailerra, Ugertza parkea
– 17:45 XIII Tiragoma Txapelketa
– 18:30 Bitsa festa, Joan XIII plaza

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arritxikerrakekoak ikasturteari euskaraz agur esateko elkartuko dira

17:30ean antolatutako Euskara Plazara izeneko gaurko jardueraren helburua familiak elkartu eta euskaraz berba egitea izango da

|

Familia bat, Arrigorriagako plazan // Geuria

Gaur bertan, ekainaren 20an, hitzordua ipini dute Arrigorriagako Arritxikerrak taldekoek ikasturteari agur esateko. 17:30ean antolatutako Euskara Plazara izeneko gaurko jardueraren helburua familiak elkartu eta euskaraz berba egitea izango da.

“Ez da jarduera gidaturik egongo; udaletxeko plaza euskararen arnasgune bihurtuko dugu”, azaldu dute Arritxikerraketik. Jarduera 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.

Osorik irakurri