Sareak

☉ Arrigorriaga

Sagarrak ekologista taldeak Arrigorriagako Mendikosolo eta Abrisketako Done Peri bisitatuko ditu

Doako bisita apirilaren 28an antolatu dute Basaurikoek Ekologistak Martxanekin elkarlanean eta izena emateko azken eguna hilaren 25a izango da

|

Urko Ibañez basozaina, Mendikosolo parkeko presan // Geuria

Basauriko Sagarrak Ekologista Taldeak Arrigorriagako balio natural eta historiko handiko ingurune txikiak bisitatuko ditu datorren apirilaren 28an. Zehazki Arrigorriagako erdigunea, Mendikosolo parkea eta Abrisketako Done Peri baseliza bisitatuko dituzte parte-hartzaileek Ekologistak Martxaneko Eduardo Renovales kidearen eskutik.

Txangoa egun erdikoa izango da, 09:00etatik 14:00ak arte, gutxi gorabehera. Hitzordua apirilaren 28a izango da eta geralekua Basauriko Bidebieta geltokia izango da, 09:00etan. Espero dute 09:30ean Arrigorriagara heltzera.

“Bisita Arrigorriagako tren geltokian hasiko dugu eta lehenengo geldialdia ondoko Teodosia Ortega parkean egingo dugu”, azaldu dute elkartetik. “Aurkezpenaren eta agurraren ondoren, gauden lekuaz, zuhaitz esanguratsuenez eta hiri-inguruneetako parkeen balioaz egingo dugu berba”.

Antzara bat, Mendikosolon // Geuria

Arrigorriagako herrigunetik Mendikosolora abiatuko dira eta bidean inguru urbanizatuko harizti batean geldialdia egingo dute eta hortik zuzenean Mendikosolo parkeko sarrerara joango dira. Sarreran bertan parkeko iraganaz eta bertako balio naturalez berba egin ostean, presako aldamenetik doan bideari ekingo diote eta Mendikosolo atzean utziz mendian gora abiatuko dira.

Igoeraren amaieran Abrisketako Done Peri baselizara helduko dira ibiltariak eta tenpluaren historiaz eta inguru txiki honetan egindako azken ikerketen inguruan hitz egiteko aukera izango dute.

Teresa Campos, Abrisketako Done Peri baselizako ikerketetan // Geuria

Kontuan hartzekoak

Lehenik eta behin, ibilaldia herritar guztiei zabalik dago eta bertan hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute Sagarraketik. Izen emateak webgune honen bidez egin daitezke eta izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango da.

Bestalde, ibilbidea modu egokian egiteko zapata erosoak eta makila eramatea gomendagarria dela azpimarratu dute elkarteko kideek eta Mendikosolotik Abrisketako San Pedrora doan igoera “zailtasun ertainekoa” bezala definitu dute.

☉ Arrigorriaga

Ziortza Karranza: «Larrialdietan espezializatutako psikologoak funtsezkoak dira Kordobako tren-istripua bezalako tragedietan»

“Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”, azaldu du Arrigorriagako psikologoak

|

Ziortza Karranza, Bilbon // Geuria

Joan den urtarrilaren 18an Adamuzen (Kordoban) gertatutako tren istripu traumatiko bezalakoetan, lehen 48-72 orduetan lan egiten dute bereziki larrialdietan espezializatutako psikologoek, baina beharrekoa denean denbora tarte hori biktimek dituzten beharren arabera luzatu egiten dute.

Hego Uribe eskualdeari begira, Ziortza Karranza aditua da larrialdietako psikologian Gurenduz zentroan eta berarekin berba egiteko tartea izan dugu GEURIAn.

Azken urteetan antzekoak izan dira 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako atentatuek eragindako egoerak edo urrutira joan gabe, 2024an Danak Valentzian sortutakoa: “Valentzian izan nintzen Danak eragindako egoeraren haritik eta arreta psikologikoaren haritik ez zen lan-antolaketa ona egin”, aitortu du Arrigorriagako psikologoak.

“M11ko atentatuetan egon ziren esku-hartzeek ere zer esan asko eman zuten eta esan behar da era horretako egoeretan gauza asko gertatu daitezkeela”.

“Itxaropena”, Adamuzen

Adamuzen gertatutako tren istripuak 40 hildako baino gehiago utzi ditu, horrek ekarriko dituen ondorio psikologiko guztiekin. “Kordoban gauzak ondo egingo direlaren itxaropena daukat”, dio Ziortzak. “Kordoban gertatutako tren istripua bezalako egoeretan, kaltea ez da fisikoa bakarrik: trauma, shocka eta dolua larritasun berarekin artatu behar dira”, gehitu du Karranzak. “Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”.

“Lehenengo momentuan ezinbestekoa da biktimek arreta psikologikoa jasotzea. Kasu bakoitzaren arabera pertsona bakoitzaren beharrak identifikatuko dira: batzuetan oinarrizko laguntza eman behar da (manta bat edo ur edalontzi bat eskaintzea…), baina baita geroago etorriko den prozesuan laguntza ematea ere”.

“Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”

“Egoera traumatikoetan, biktimaren burmuina kolapsatu egin ohi da eta ez daki zer egin behar den. Egoera horren aurrean, pertsona batzuk blokeatuta gelditzen dira eta beste batzuk, ordea, “borrokatzen” hasten dira: informazioa bilatzen hasten dira, gehiago jakin nahi dute, espazioan mobilizatu nahi dira”.

Horrelako momentuek sortzen dituzten emozioak kudeatzeko laguntza eskaintzen dute larrialdietako psikologoek, hain zuzen ere, bizi duten egoera ezezagun horri nolabait aurre egiteko, doluari hasiera emanez.  “Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Pintxada Gaua’ antolatu dute Arrigorriagako Gaztetxean, ADELA elkartea laguntzeko

Elkartearentzat dirua lortzeko jaialdia otsailaren 28an prestatu dute eta laster berri gehiago iragarriko dituztela iragarri dute Gaztetxetik

|

Gurpildun aulki bat // Jon Tyson, Unsplash

Otsailaren 28an Pintxada Gaua antolatu dute Arrigorriagako gaztetxean ADELA elkartearentzako dirua lortzeko.

“Elkartearentzat dirua lortzeko jaialda antolatu dugu: egitarau polita prestatuta dago eta laster berri gehiago iragarriko ditugu”, iragarri dute Gaztetxetik.

ADELA EH, Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteen Federazioa da eta ADELA Araba, ADELA Bizkaia eta ADELA Gipuzkoa lurralde elkarteek osatzen dute. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, familiek, boluntarioek, laguntzaileek eta ELArekin eta haien familiekin pertsonen arretan lan egiten duten profesionalek osatutakoak. Elkartearen helburua gaixoei Bizitza Duina ematen laguntzea da.

Zer da AEA?

Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA, ELA erdaraz) nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, eta neurona motorren endekapen progresiboa du ezaugarri. Ondorioa muskulu-ahultasuna da, eta paralisiraino egiten du aurrera, gorputz-eremu batzuetatik beste batzuetara zabalduz.

Autonomia motorra, ahozko komunikazioa, irensketa eta arnasketa mehatxatzen ditu, baina zentzumenak, adimenak eta begietako muskuluek bere horretan diraute. Pazienteak gero eta laguntza gehiago behar du eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, nahiz eta bilakaera desberdina izan kasu bakoitzean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Galdakaoko ospitalera doan autobus linea Arrigorriagako goiko auzoetara zabaltzeko eskatu dio Udalak Bizkaibusi

Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera

|

Bizkaibuseko erabiltzaile bat, autobusera igotzen // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriaren goikaldean bizi diren auzotarren eskaria jarri du Foru Aldundiko eta Bizkaibuseko arduradunen mahai gainean: Galdakao-Usansolo ospitalera doan linea herriko goikaldean kokatzen diren auzoetaraino eramatea, hain zuzen ere.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Xabi Cabrera Ingurumen zinegotzia Antonio Jaraices Salazar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendari nagusiarekin eta Bizkaibuseko teknikariekin batzartu dira. Ibarrak azaldu duen lez, “Zehazki, autobusa egoitza, institutua, kirol-instalazioak eta etxebizitza berriak dauden eremuraino iristea nahi dugu. Auzo horiek hazten ari dira, eta bizilagun askok autobus geltokiak urrun dituzte oraindik”.

Ez da Arrigorriagako Udalak egin duen eskari bakarra, ordea. Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera berritu dute, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera, irisgarritasuna hobetze aldera.

Hobekuntza hauek guztiak arrazoitzeko, Udalak Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planean (HMIP) eta herritarren eskaeretan oinarritutako txosten teknikoak aurkeztu dizkio Aldundiari: ” Gure asmoa  mugikortasuna sustatzea bada ere, zerbitzu horien eskumena foru-erakundearena da” zehaztu dute udal ordezkariek.

“Udaletik neurriak bultzatzen ditugu, baina ezinbestekoa da Aldundiaren inplikazioa zerbitzua egiazki eraginkorra izan dadin”, borobildu du Ibarrak, garraio publikoa indartzea herritarren “etengabeko eskaera” dela gogoraraziz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Lokatz artean lehiatu dira Ausartak Mendi Lasterketako korrikalariak Arrigorriagan

10:00etatik eguerdira bitartean ibili dira korrikalariak lokatz artean Upo eta Artanda mendietan barrena

|

Korrikalariak, eskualdeko mendietan barrena // Geuria

Ausartak Mendi Lasterketako zazpigarren edizioko protagonista euria izan da. Aste hasierako aurreikuspenek eguraldi ona iragartzen bazuten ere, asteburu euritsua izan dugu Hego Uribe eskualdean.

Hasiera batean berri txarra izan zitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina egia esateko euriak eta lokatzak joko handia eman dute aurtengo edizioan.

EuskalMeteko partea ikusita mendira igo gara gure korrikalariak pistetan, mendian eta basoetan barrena inoiz baino zikinago erretratatzeko. Non hobe?

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

|

Emakume bat, haur batekin // Ana Curcan, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.

“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.

Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.

Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)

Osorik irakurri