Sareak

☉ Arrigorriaga

Santa Isabel auzoan 50 aparkaleku jartzeko lanak hasi dituzte

Arrigorriagako Gonbernu taldeko 'Hobeto Bizitzeko 100 neurri' txostenaren 89. puntua dugu Abusuko Santa Isabel auzoan 50 aparkaleku jarri behar dituzten proiektuarena.

|

Santa Isabeleko aparkalekuaren sarrera, lanak hasi baino lehen // GoogleMaps

Arrigorriagako Gonbernu taldeko 'Hobeto Bizitzeko 100 neurri' txostenaren 89. puntua dugu Abusuko Santa Isabel auzoan 50 aparkaleku jarri behar dituzten proiektuarena. Abusuko auzo honetako aparkatzeko arazoak arintzeko helburuagaz, honako hau 2021eko aurrekontuen inbertsio handiena da eta 222.519 euro bideratu dira proiektu hau gauzatu ahal izateko Ekin Eraiketak S.L enpresaren eskutik.

Lanak azaroaren 29an hasi zituzten Abusuko auzoan hesiak eta inguruetan ez aparkatzeko iragarkiak jarriz: "Inguruko aparkaleku-arazo ezagunei gehitu behar zaie Santa Isabel kaleak oztopo arkitektoniko garrantzitsuak dituela, eta gaur egun eskatzen diren kalitate-estandarretara egokitu behar dela. Egokitzapen horiek egiteko, beharrezkoa izango da auzoan aparkatzeko plazak kentzea eta oinezkoari protagonismo handiagoa ematea", azaldu dute udal ordezkariek.
Lan hauetan aparkalekua txukundu, asfaltatze-lanak, behar bezala seinaleztatzea, argiztapen egokia jartzea, aparkalekura daraman bidea txukuntzea eta zaintza-sistema eraginkor bat ezartzea bezalako lanak egingo dituzte. "Helburua ez da soilik inguruan dagoen aparkaleku falta arintzea, baizik eta gaur egun hondatuta eta erabili gabe dagoen eremu bat birgaitzea eta auzorako berreskuratzea", azaldu du Idoia Molina Arrigorriagako Auzoak eta Hirigintzako zinegotziak.

Abusuko Santa Isabel aparkalekua eraberritzeko proiektua 2021ean gauzatuko da

☉ Arrigorriaga

Emakumeen ahalduntzerako lau tailer antolatu dituzte Arrigorriagan

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak herrigunean eta Abusun antolatu ditu saio guztiak

|

Emakume bat, 2022ko Martxoaren 8ko manifestazioan, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak Emakume Ahalduntzea izeneko programa abiaraziko du herrigunean eta Abusun. Programa horrek lau tailer hartuko ditu barne: lehen tailerra Arte feministari buruzkoa izango da eta emakumeen ahalduntzea izango du helburu; bigarrenak 'Hango eta hemengo emakumeak: esperientziak partekatzen' du izena; hirugarrena estimulazio kognitiboaren ingurukoa izango da; laugarrena, amaitzeko, ahalduntzeko autoezagutza tailerra izango da.

Izen emateak Herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke (HAZ) eta informazioa handitzeko 944 020 200 telefono zenbakia eta berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.

Herrigunean eta Abusun

Herriguneko saioetarako talde bi osatuko dituzte astearte eta ostegunetan, udaletxeko prentsa aretoan: lehena 16:00etatik 17:30ak arte eta bigarrena, 17:30etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean eta lehen saioa urriaren 17an egingo dute.

Abusuko saioetarako talde bakarra osatuko dute Zentro Soziokulturalean, 16:00etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 4an antolatu dute, 17:00etan, Zentro Soziokulturalean bertan, eta lehen saioa urriaren 18an prestatu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Programa | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Aurtengo edizioan hiru lurraldetako emakume sortzaileen lanak plazaratuko dituzte, besteak beste

|

Uztaila hasieran GEURIAn aurreratu ostean, gaur bertan Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna.

Aurtengo Loraldia asteburu bitan antolatu dute: lehenik eta behin irailaren 29an prestatu dute Zaratamoko Elexaldeko Kultur Etxean, eta gainontzeko saioak Arrigorriagan egingo dituzte, urriaren 6tik 8ra. Guztira sei ekitaldi prestatu dituzte bost egunetan, bi herrietan.

Aurtengoan kontzertuak, antzerki saioak, arte bisualak eta bestelako jarduerak jasoko ditu Zaratamok eta Arrigorriagak 'Bozak' kontzertuarekin, Aukeran Dantzan Konpainiarekin, Igor Elortza eta Rafa Ruedaren 'Anonyme Popular' lanarekin, besteak beste.

Amaia Ocerin, Maite Ibarra eta Ainhoa Muerza // Geuria

Egitaraua | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Irailak 29, ostirala
19:30 Bozak, Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean: Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere, Osterabe
5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 6, ostirala
18:00 Aiurri antzerki saioa, Abusu Zentro Soziokulturalean: Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaren zuzendaritzapean. Doan
11:00 (ikasleak) + 20:00 'Mira hadi. Eulalia Abaitua Andre-begietan', Lonbo aretoan: Lide Hernando, Maria Urcelay, Getari Etxegarai, Alpha. 5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 7, larunbata
20:00 Anonyme Popular, Lonbo aretoan: Igor Elortza eta Rafa Rueda
8 euro / Lorezainak: 6 euro

Urriak 8, igandea
12:30 Frankenstein Agurgarria, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Petti eta Ana Galarraga. Doan
13:30 Txin Txin Txakolin Dastaketa, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Mikel Garaizabel. 8 euro / Lorezainak: 6 euro

"Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Talde argazkia, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria

Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du: "Aurreko urtean adierazi genuen bezala, plazer bat da era honetako ekimena Zaratamon kokatzea eta espero dugu jarraitzea", nabarmendu du eta emakumeek aurtengo edizioan izango duten garrantzia goraipatu du Muerzak: "Oraingo honetan, gainera, gure euskal musikaren bozgoragailu diren emakumeak oholtzara ekarriko ditu Loraldiak Bozak kontzertuarekin. Hiru lurralde ezberdinetako emakume sortzaile elkartuko dira Zaratamoko plazan euskal kultura emakumeok ere egiten dugula lau haizetara zabaltzeko", azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran aurkeztuko dute Arrigorriagako gobernu plan "aberatsa"

Gobernu plan berriak hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Bertan antolatuko dituzte proiektu guztiak

|

Iratxe Rubia  (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Arrigorriagako udal gobernua eratu zenetik 100 egun pasa dira eta gaur bertan prentsaurrekoa deitu dute taldea osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdiek. "Gobernu taldea sortu zenetik lan egiten egon gara burubelarri datozen lau urteetarako Gobernu Plan berria diseinatzen", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Plan honen helburua arrigorriagarren bizi-kalitatea eta ongizate maila hobetzea da, "arlo eta sektore ezberdinetatik begiratuz, lupa jarriz, entzuten eta erabakiak hartzen", gehitu du Ibarrak. "Oso aberatsa da sortzen ari garen plana, aniztasun eta elkarlanetik eratu dugu bere enborra esfortzu eta lan handiarekin, baina baita ilusioarekin ere, herritarrek horixe merezi dute eta".

Hiru atal

Maiteren hitzetan, planak "parte-hartze handia" izaten ari du sail eta eremu ezberdinetako langileen eta udalerriko hainbat eragilen ekarpenak jasoz. Dagoeneko, Udala herriko elkarte eta klubekin batu da, zinegotzi berrien aurkezpenetan, besteak beste, eta beste elkarte batzuekin bilerak egin behar dituztela gehitu du.

Gobernu plan berri honek hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. "Proiektuak eta neurri zehatzak hiru bloke nagusi horietan antolatuko dira. Ulertzearen arrazoia irizpide tekniko eta politikoak uztartu eta proiektu bakoitza arlo ezberdinetatik modu kolektiboan eta zeharkakoan garatzea da".

"Gobernuaren lanaren iparrorratza izateaz gain gardentasun ariketa lez ulertzen dugu plan honen sorrera". Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, azaro erdialdean edo bukaera aldean, aurkeztuko dio gobernu taldeak plana herritarrei. Legegintzaldi osoan zehar planaren betetze mailari jarraipen publikoa egingo diotela azaldu dute gobernu taldetik. "Udaletxeko horma zurrunak apurtu nahi ditugu, herritarrek eskubidea dutelako Udala zertan dabilen jakiteko, hori gure betebeharra da".

Maite Ibarra, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

"Sintonia ona"

"Gobernu plan hau eratzeko EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA ekarpenak eta iradokizunak jaso ditugu. Bertatik jaioko da gobernu plan berria", azaldu du Maitek eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien "sintonia ona" azpimarratu du. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubiok gehitu du bere alderdiak hauteskunde programa aurkeztu duela plana osatzeko: "Gainera, kulturaren esparrutik 2024ko programa osatu dugu, aurreko legegintzaldian gauzatu ezin izan ziren proposamenekin, besteak beste. Elkarlanak gobernu plan berri hau eratzeko lana erraztu eta aberastu du". NOAko Jose Ignacio Fernández zinegotziak alderdi guztien asmoa goraipatu du ere: "Hauteskunde programak gainezarri nahi izan ditugu, gobernu plan berriak aniztasun handiena lortzeko".

Bestalde, eta udal gobernuaren hurrengo helburuei helduz, abenduan 2023ko aurrekontua aurkeztea da Udalaren xedea: "Momentu honetan ere aurrekontuen gaiarekin gabiltza", gehitu du Ibarrak. "Esparru hori dagokion zinegotziak eman beharreko pausuak prestatzen ari da eta alde teknikoari dagokionez abenduan aurkeztu nahi ditugu. Beraz, ateak zabalik ditugu ekarpenak egin nahi dituzten alderdiei, adostasun handiena erdiesteko".

2024ari begira Arrigorriagako HAPO aurkezteko asmoa azaldu dute udal gobernutik. Joan den martxoan behin-behineko zirriborroa aurkeztu zuten eta behin betiko plana datorren urteko apirilean aurkeztea da asmoa, Maitek aurreratu bezala: "Edozein udalerriren beharrezko elementua da HAPO".

Iratxe Rubio (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Juan Jose Agirrek XIX. mendeko Arrigorriaga aztertuko du Edurne Garitazelaian

XIX. mendeko arrigorriagako historiaren inguruko hirugarren liburua aurkeztuko du arrigorriagarrak datorren urriaren 19an, 19:00etan, Edurne Garitazelaian

|

Edurne Garitazelaia kultur etxea // Geuria

Juan Jose Agirre Jauregi arrigorriagarrak XIX. mendeko historiari buruzko hirugarren liburua kaleratu zuen duela hilabete batzuk, GEURIAn argitaratu bezala: Arrigorriaga en el siglo XIX. Del Trienio Liberal a la II. Guerra Carlista, 1820-1876. Bertan, herriko pasarte historiko garrantzitsuenen errepasoa egiteaz gain, "protagonisten alde gizatiarrenean" jartzen du fokua, kontestu sozial eta politikoan bizilagunen bizipen pertsonalak txertatuz. Datorren urriaren 19an Edurne Garitazelaian eskainiko du liburuaren aurkezpena, 19:00etan.

Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da

Arrigorriagarraren hirugarren liburu hau Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da, eta 2020ko pandemian, konfinamendu ordu luzeek bultzatu zuten liburu honen idazketa. Idazleak ingurua oso ondo ezagutzen duenez, liburu honetan Arrigorriagan eta inguruan XIX. mendean, zehazki 1820 eta 1876 bitartean, jazotako gertakarien kronologia aurkeztu du, batez ere biztanleen bizitzak azpimarratuz, "ezezagunak izan arren, historia hori egin baitzuten".

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Eskola Bidea ekimenari ekingo diote berriro Arrigorriagan

"Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik

|

Haurrak, eskolarako bidean // Geuria

Iazko esperientzia pilotuaren "harrera ona" ikusi ostean, Arrigorriagako Udalak, eskolako familiekin eta langileen batera, berriro ekin diote Eskola Bidea ekimenari, haurrak eskolara oinez heltzeko. "Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik: "Eskola Bidea proiektuaren bidez, haurrak bakarrik joango dira eskolara, aurretik landutako bide seguruak erabilita".

Arrigorriagan lau ibilbidek osatzen dute Eskola Bidea, zonalde ezberdinetan antolatuta: Udaletxe ondoko plazan, Kubon, Jose Mª Makuan, San Antonio plazan eta Lonboko zonaldean. Irteera guztiak 08:45etan egingo dira.

Eskola Bideako lehen esperientzia 2022ko ekainaren 13tik 17ra egin zuten Arrigorriagan. Egun horietan boluntarioekin batera joan ziren eskolara haurrak, diseinatutako bidea erabiltzeko ohitura har zezaten eta Udaltzaingoa arduratu zen umeen segurtasuna bermatzeko.

Osorik irakurri