→Arrigorriaga

Supersurren eta Arrigorriagaren arteko konexioa martxan egongo da 2023ko udaberrian

Peñascal eta Bolintxu Arnotegiko tunelarekin lotu dituzte, eta Bolintxuren eta Beteluriren arteko konexioaren ondoren, Seberetxeko tunela osatu dute

Imanol Pradales diputatua eta Pedro Rivas obra arduraduna // Bizkaiko Foru Aldundia

Supersur saihesbidearen eta AP-68 autobidearen arteko lotura datorren apirilean egongo da martxan, eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek, obraren 1b faseko trazatuaren zati bat inauguratzeko, astearte honetan (azaroak 8) oinez egin dute ibilbidea. Hain zuzen, Arnotegiko eta Seberetxeko tunelak igaro dituzte, Hegoaldeko Saihesbidea AP-68arekin Betelurin (Arrigorriagan) konektatuko duen zatia.

Obrak 2019ko urtarrilean hasi zituzten, eta orain arte, “eragozpenik gabe” garatu dituztela adierazi du Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Horrela, bada, ez dute atzerapenik aurreikusten, eta Supersurraren Bizkaiko saihesbidea 2023ko apirilean bukatu ondoren, Bilboko itsasadarraren azpiko errepidea eraikitzen hasiko dira.

Gainera, zatirik konplexuena bukatuta dagoela adierazi dute ordezkariek. Arnotegi eta Pagasarri mendien arteko Bolintxu bailara eta bertako ibaia errespetatzeko, haranean makinaria sartzea ekidin nahi izan dute. Horregatik, bi jaiste-maniobra konplexu egin behar izan dituzte, eta 1b fase osoaren aurrekontua 178,9 milioira heldu da.

Bilboko Peñascal auzotik Bolintxura arteko tartea (9A deitua) Arnotegiko tunelarekin egin da. Ondoren, Bolintxu eta Beteluri arteko 9B zatia bi azpitartetan osatu dute: Bolintxu-Beteluri, batetik, eta Seberetxeko tunela, bestetik. Tunel bien artean, haranaren gainetik doan 162 metroko bidea eraiki dute.

Azpiegitura “estrategikoa”

Obrari esker, Pradalesek azaldu duenez, hiru minutu eta erdi baino ez dira beharko 4,7 kilometro izango dituen errepidea autoz gurutzatzeko. Horrela, Bizkaian trafikoa hirigunetik kanpoaldera bideratu eta pilaketak arintzeaz gain, herrialdean “mesetarekin konexio azkar, eroso eta segurua” egiteko bidea ahalbidetuko da. Saihesbidea, izan ere, portua, aireportua, BEC, teknologia-parkeak eta lurraldeko enpresak estatuarekin lotzeko azpiegitura “estrategikoa” izango da.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak