Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Sute batek Arrigorriagako Atxukarro poligonoko aroztegi bat kiskali du

Bart gauean gertatu zen ezbeharra, 23:00ak aldera, pabiloia hutsik zegoenean, eta ez da kalte pertsonalik izan

|

Bizkaiko suhiltzaileak lanean aritu dira gauean zehar, Atxukarro poligonoko aroztegi zahar batean piztutako sua itzali nahian.

Ezbeharra gertatu zen orduan orubea hutsik zegoen, eta suhiltzaileen zeregin nagusia sua alboko pabiloietara ez heltzea izan da.

Kalte materialak handiak izan diren arren, ez da zauriturik egon.

Argazkiak: Unai Zabaleta

☉ Arrigorriaga

Data berriarekin dator aurtengo “Umorea Labur” festibala Arrigorriagara, eta azaroaren 18an hasiko da

Ohi baino goizago helduko da Umorea Labur Arrigorriagara, azaroaren 18etik 24ra, Bogoshorts festibalaren gonbidapenak baldintzatuta

|

23 edizio bete ditu dagoeneko Umorea Laburrek, komedia jaialdien aitonak // Geuria

Abenduarekin batera umoreak, hausnarketak eta laburmetraiek lur hartu izan dute Arrigorriagan azken bi hamarkadetan, dagoeneko 23 edizio bete dituen Umorea Labur jaialdian.

Aurten, baina, azaroaren 18an hasiko da Umorea Labur, eta 24ean bukatu. Horren arrazoia Aitor Arenas jaialdiko zuzendariak azaldu zuen: “gonbidapena jaso genuen Bogota Shorts film festibaletik, mundu mailan dagoen festibal garrantzitsuenetariko bat da, eta ezin genion Arrigorriaga eta Umorea Labur bertan egoteko aukerari muzin egin”.

Arenasek berak azaldu zuen festibala nazioarte mailan zabaltzeko hautua hartu zutela aspaldi, eta Kolonbiako festibal entzutetsutik jasotako gonbidapenak erabaki hori indartzen duela: “Estatuko komedia jaialdi guztien “aitona” eta munduko beteranoetako bat gara, eta hori erakutsi nahi dugu”.

EITBrekin batera saria

Aurtengo edizioari begira, hainbat berritasun iragarri zituen Arenasek, eta horien artean honako hau nabarmendu nahi izan zuen: “sari berri bat egongo da, EITBrekin elkarlanean emango duguna, euskaraz egindako laburmetrai onenari”. Euskararen presentzia indartzeari garrantzi berezia eman zion Arenasek, eta beste bi zeharlerro ere nabarmendu nahi izan zituen: “XXI.mendeko jaialdi bat egin nahi genuen, feminista eta jasangarria izango dena”.

Ohiko programazio eta sariez harago, “Vaya Semanita” saioari omenaldia egingo diote , eta 2024ko “Ohorezko Txantxarria” Urko Olazabalek jasoko du, zineman eta telebistan ibilbide luzea egin duen aktorea, bere azken ekoizpenekin arrakasta izaten ari dena” diote antolakuntzatik.

Hasierako gala Mitxel Santamariak gidatuko du, eta itxierakoa Lander Otaolak. Otaolaren kasuan, gainera, bere liburua aurkeztuko du Umorea Laburren meeting pointean, “Txokoa” bezala bataiatu dutena: “Ekitaldi honen helburua edukia pantailatik ateratzea da, jaialdiaren barne eta kanpoko jarduerak burutuz (masterclassak, topaketak, networkinga, zuzeneko emanaldiak, aurkezpenak…) programa anitz eta etengabe baten barruan”.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, bere aldetik, zera nabarmendu nahi izan zuen: “Urte hauetan erakutsi digute, umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain, kritika eta analisi sakonak ere egin daitezkeela. Munduari begiratzeko modu bat dela. Horregatik, ilusio handiz aurkezten dugu XXIII. edizio hau”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta hobetzeko protokoloa berritu dute Arrigorriagan

Arrigorriagako Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak, Osakidetzak eta herriko hezkuntza- zentroek gaur sinatu eta aurkeztu dute

|

Protokoloaren sinadura // Geuria

Herriko ordezkaritza zabala batu da gaur Arrigorriagako Osoko Bilkura aretoan, beste hainbat erakundeetako ordezkariekin batera, Arrigorriagako Udalak 2019an sinatu zuen “Emakumeen kontrako indarkeria prebenitu eta artatzeko erakundearteko I. protokoloa” berritzeko eta eguneratzeko asmoz.

Bertan egon dira, hurrenez hurren: Maite Ibarra alkatea eta Joana Etxeberria Politika sozial eta Politika feministako zinegotzia, Edurne Arce Ibaizabaleko Ertzain-etxeko burua, Rakel Solaun Arrigorriaga Herri Ikastetxeko zuzendaria, Mikel Baza Arrigorriagako Lehen Mailako Arretako Unitate-Burua, Jon Guajardo, Barrualde- Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentea, Miren Martinez Barrualde- Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko Integrazioko zuzendaria, Ana Rosa Francisco Barrualde-Galdakao genero indarkerian erreferentea, Raul López Arrigorriagako Udaltzaingoaren arduraduna eta Alexander Aginagalde IES Arrigorriaga BHI-ko zuzendaria.

Parte hartzaileek argi utzi nahi izan dute bigarren protokolo honetan begirada “zabaldu” nahi izan dutela, “orain arte ez zelako indarkeria matxista osoa kontutan hartzen,”hau da, emakumeen aurkako eta sexu- eta genero- aniztasunaren aurkako indarkeria matxista hartzen da orain aintzat; hots, baita LGTBIQA+ kolektiboen aurkakoa ere” zehaztu dute. Planak lau urteko iraupena izango du, baina luzatzeko aukera ere ez dute baztertu.

Egindakoa oinarri, baina eguneratzeko asmoz

Egun arte indarrean egon den protokoloa modu positiboan baloratu dute udal ordezkariek, Udalak  “askotariko jarduerak eta proposamenak” gauzatu dituelako indarkeria matxistaren arretaren arloan, “hala nola Arrigorriagako eskola eta ikastetxe batzuek eta gizarte-zerbitzuek elkarrekin jarduteko protokoloa edo Magdalenetan indarkeria matxistari erantzun instituzionala emateko protokoloa”, besteak beste.

Hala ere, eta beste esparru batzuetan eman diren aldaketa eta aurrerapenak kontutan hartuta,  “erabili beharreko terminologian eta biktimekin esku hartzeko gidalerro eta prozeduretan zuzenean eragin duten legeak onetsi dira”, aurreko protokoloa goitik behera berrikusi dute, eguneraketa horiek guztiak jasotzen dituen protokolo berri hau ontzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Jostailu bilketa antolatu du Arrigorriagako Gure Magaleanek azaroko truke-azokarako

Arrigorriagako elkartetik azaldu dute garrantzitsua dela jasoko duten materiala “egoera onean” egotea eta konponketarik behar ez izatea

|

Jostailuak // Chris Hardy, Unsplash

Gure Magalean elkarteak jostailu bilketa antolatu du azaroaren 12ra arte: “Aukera izan daiteke gure armairu eta ganbarak berrikusteko eta hilaren 29an antolatuko dugun truke-azokan parte hartzeko”, azaldu dute Arrigorriagako elkartetik.

Jostailuak 09:15etik 09:45era eta 16:15etik 16:45erako ordutegian eman daitezke Gure Magaleaneko atezaintzan

“Etxean gordeta dituzun jostailu edo besteentzako erakargarriak izan daitezkeenak behar ditugu”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik. “Garrantzitsua da jasoko dugun materiala egoera onean egotea eta konponketarik behar ez izatea”, nabarmendu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Haurdunaldi eta erditze-osteko sostengu taldea sortu du Altzoanek Arrigorriagan

Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean

|

Emakume bat // Suhyeon Choi, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak haurdunaldi eta erditze osteko sostengu taldea sortu du Arrigorriagan, Udalaren babesarekin, “espazio segurua eraikitzeko, partekatzeko eta tribuan hazteko”.

Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean. Saioak psikologo perinatal batek zuzenduko ditu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean

Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko

|

Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.

“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.

Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.

Urgoiti pasealekuko farolak, Arrigorriagan // Geuria

Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna