Sareak

☉ Arrigorriaga

Sute batek auto bi kiskali eta beste bati kalteak eragin dizkio Arrigorriagako Santa Isabelen

Gaur 05:30ean hasi den sute batek kalteak sortu dizkie kalean aparkatutako hiru autoei: bi guztiz kiskali ditu eta beste bati kalte handiak eragin dizkio

|

Kiskalitako auto biak, aparkaleku berrian // Utzitakoa

Gaur goizaldean, Arrigorriagako Udalak eraberritu duen Santa Isabel auzoko aparkaleku berrian (70. zenbakian) 05:30ean hasi den sute batek kalteak sortu dizkie bertan aparkatutako hiru autori: bi guztiz kiskali ditu eta beste bati kalte handiak eragin dizkio.

Segurtasun Sailaren arabera, emergentzia-zerbitzuek 05:45etan jaso dute abisua eta bertara bonba-kamioi bat gerturatu da, sua itzaltzera: “Auto biak kiskali dira eta hirugarren batek kalte handiak jasan ditu beste bi autoek sortutako beroagatik”. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du sutearen zergatia azaltzeko eta bertako auzokideek diote bertan dauden segurtasun kameretako edukia aztertu behar dela, sutearen egilea nor den ikertu ahal izateko.

☉ Arrigorriaga

Sorpresaz eta berritasunez beteta dator aurtengo “Umorea Labur” jaialdia

Hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa kar-kar, ja-ja eta ha-haz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera

|

Iñigo Salinerok eta Lander Otaolak gidatuko dituzte hasiera eta bukaera galak // Geuria

Abenduaren 11n hasi eta 16an bukatuko da “Humor en Corto – Umorea Labur” jaialdiaren 22. edizioa. Aitor Arenas zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala,  “beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!”

Hobekuntza horren seinale da urtero formatua berritu eta indartzeko egiten duten apustu sendoa. Aurten ere, hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa KAR-KAR, JA-JA eta HA-HA-z beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera.

Horiek izango baitira, -eta horra lehen nobebadea-, aurtengo edizioko hiru kategoria nagusiak: KAR-KAR (Euskal Herriko laburmetraientzat), JA-JA (estatu mailakoentzat), eta lehen aldiz “Umore Labur” nazioarteko festibala bilakatuko duen HA-HA kategoria, nazioarteko filmentzat. Guztira 300-dik gora film jaso dituzte, eta 44 aukeratu.

Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Tokikoari garrantzia ematen dakien festibala izaki,  Arrigorriaga edo Hego Uribeko sortzaileek euren erakusleihoa izango dute #Nosolopaja atalean.

Nazioarteari erreparatuz gero, eta Napoliko NaNo festibalarekin elkarlanean, Italiako umoreaz gozatzeko aukera izango dute Lonbora hurbiltzen direnek.

Sariei dagokienez, eskola eta institutuko gazteek epaile gisa arituko dira beste urtebetez, IRRIbarri eta Saria Gazte programen bitartez.

Bestetik, Umorea Labur-ek herrian duen ikusgarritasuna handitu nahi izan du, bere magia eta talentua txoko askotara barreiatuaz, eta JaJam Sessions izeneko saioak prestatu dituzte herriko hainbat tokitan: Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.

Berrikuntzekin bukatzeko,  Umorea Lab sortu dute,  “giro onaren inkubagailua”, antolatzaileen arabera.  Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.

Urtero bezala, hasiera eta bukaerako galek emango dute zeresana, Iñigo Salinero eta Lander Otaolaren eskutik. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.

 

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei

|

M8ko elkarretaratzea // Geuria

Arrigorriagako Berdintasun Kontseilua urtero biziberritzen doan organoa da, hiru helburu edo eginkizun nagusi dituena: berdintasunaren alde lan egitea, berdintasun politika publikoen inguruan eztabaidatzea eta udal gaien inguruan erabakiak hartzea, hurrenez hurren. Urtean lau bilera egiten dituzte, hiru irizpide hauen arabera.

Kontseilu berrituaren lehen bilera datorren abenduaren 12an izango da, 18:30ean Lamiaenan, eta Kontseilutik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei. Horretarako, beharrezkoa izango  Abusu edo herriguneko HAZ-ean izena ematea, edo  lehen bileran bertan egitea tramitea.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek

Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

|

2024ko aurrekontuek 16.064.210,21 euro izango dituzte guztira

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.

Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik  kontuak aurrera eramateko.

16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak  auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.

Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira:  Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.

Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.

Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira,  eta  “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean

Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

|

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.

Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”

Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.

Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.

“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduaren 4a arte luzatuko dute Arrigorriagan

Kike Amonarrizen hitzaldi batekin bukatuko dira Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzak

|

Lonbo Aretoan kontzertua eskainiko du Ekizak

Azaroaren 28an hasi zen Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioa Arrigorriagan, eskola eta institutuko ikasleekin egin diren hainbat ekintzekin.

Asteburuari begira, Disko Txantxa Mugi Boogiek kantuz, dantzaz eta barrez beteko du kantxa urdina gaur arratsaldean, 18:00etan.

Igandean, abenduaren 3an,  Euskararen Nazioarteko egunean, herriko plaza hankaz gora jarriko dute Artizarra Musika Eskolak, Estropezu Bertso Eskolak eta Aritz Berri taldeak, eguerdiko 13:00etatik aurrera.

Herritarrek ere protagonismoa izango dute, euskararekin lotutako bizipenak eta esperientziak partekatuko baitituzte arlo, jatorri eta ibilbide ezberdineko arrigorriagarrek.

19:00etan, aldiz, Ekizak kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.

Bukatzeko, biharamunean, Kike Amonarrizen etorriak, ezagutzak eta umore onak “si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar”? hitzaldi kitzikagarria eskainiko du, 17:00etatik aurrera Arrigorriagako eskolan.

 

Osorik irakurri