→Arrigorriaga

Bideoa | Iratxe Fresneda: “Tetuán filmarekin, nire aitaren istorioa kontatzeko arriskua hartu dut”

Tetuán filmarekin, nire aitaren istorioa kontatzeko arriskua hartu dut”, onartu du Iratxe Fresnedak Zinebi festibalean gaur egindako aurkezpenean. Irrintziaren ohiartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) ikus-entzunezkoekin batera, zinemagile arrigorriagarraren hirugarren lan luze honek trilogia osatzen du. Baina astearteko prentsaurrekoan azaldu duen bezala, Tetuánek badu besteengandik bereizten duen duen zerbait: bere esperientzia pertsonala du ardatz.

“Familia pornografiarik egin gabe” (Fresnedak azaldu duen bezala), bere esperientzia kontatu eta, aldi berean, gure artean bizi diren migratzaileen “istorio kolektiboa” ehuntzea lortu du zuzendariak. Irina eta Mohamed gazteek Errumaniatik eta Saharatik egindako bidaiak ditu ardatz filmak, hurrenez hurren, eta egunerokoan bien errealitateak erakutsi eta atzerritarrak izateagatik ezarri dizkieten “estereotipoak apurtzea” bilatzen du Tetuánek.

Ideia bere aitak idatzitako gutun batzuetatik jaso zuen Fresnedak. Hura hil ostean, haren oroitzapenak “fantasia hutsa” bilakatu zirela onartu du zinemagileak, eta pausoz pauso, hark egindako bidaia ezagutzen eman du denbora, gogorapenak berreskuratzeko. Aitak Brasildik Almeriara eta Espainiako Hegoaldetik Marokora egin zuen gaztetan bidea, eta filmak erreferentzia egin bezala, Tetuán herriko protektoratuan hartu zuen babes.

Euskal Herrira heldu baino lehen, hainbat muga zeharkatu eta hamaika oztopo igaro behar izan zituen. Eta, hain zuzen, hori da Fresnedak filmean kontatzen duena: pertsonen atzean dagoen istorio luzea eta “muga arbitarioen” artean errotzeko zailtasuna.

Datorren emanaldia

Goizeko aurkezpena eta gero, Fresnedak Zinebi festibaleko gaueko emanaldian (20:00) proiektatuko du filma asteazkenean, Bilboko BBK Aretoan. Estreinaldi bikoitz hau Xixongo FICX Nazioarteko Festibalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioa da, eta Euskal Herritik kanpo filma ezagutarazteaz gain, lana etxekoei hurbiltzeko beta ere eskaini dio zuzendariari.

Fresneda, Gentzane Martínez de Osaba zinemagilearekin eta Vanesa Fernández Zinebiko zuzendariarekin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak