→Arrigorriaga

Arrigorriagan 1.360 txakur zeuden 2020an: animalia bat, bederatzi pertsonako

Arduragabe jokatzen duten txakurren jabeak oso gutxi direla esan dute Udaletik. Halere, gutxi batzuen jarrerak kezka sortu du herritarren artean, eta kontzientziazio kanpaina bat jarriko dute martxan herrian jarrera zibikoen inguruan sentsibilizatzeko

Arrigorriagako Ausartak mendi eta txakurkros lasterkeen aurkezpena // Geuria

Arrigorriagako herritarrek txakurrekiko duten grina neurgaitza da. Edo horrela izan da, gutxienez, orain arte. Udalak zabaldu dituen datuen arabera, duela bi urte, 1.360 txakur zeuden herrian erroldatuta: animalia bat, bederatzi pertsonako, Eustat estatistika institutuak 2020an emandako biztanleriaren datuekin alderatuta. Gauzak horrela, Udalak oso kontuan hartu du herriko errealitatea udal politikak garatzeko orduan, eta auzokideen eta txakurren arteko bizikidetza errazteko, maskoten jabeen artean jokabide zibikoa sustatzeko plana jarri du martxan.

Udaletik jakinarazi dutenez, txakurrak paseatzen dituzten gehienek “arduratsu” jokatzen dute Arrigorriagan: “Ondo ezagutzen dituzte betebehar zibikoak, besteak beste, maskoten gorotzak biltzea, baita fatxadetako edo zutabeetako pixak ureztatzea ere”. Halere, herritarren artean ardurarik hartzen ez duten gutxi batzuen jarrerak “gero eta kezka handiagoa” sortu biztanleen artean, eta horregatik, udal ordezkariek beharrezko jo dute neurriak hartzea “espazio publikoen osasungarritasun ezari” muga jartzeko.

Horretarako, bando batekin emango dute informazioa maskotak dituzten herritarrentzako, eta pasealekuetan eta parkeetan sentsibilizazio mezuak indartzeko seinaleak jarriko dituzte. Udaletxean, Abusuko HAZen eta albaitaritza zentroetan txakurrak izanez gero bete beharreko araudiaz (Eusko Legebiltzarraren 9/2022 Legea) eta maskotak ateratzeko ahabidetutako eremuez diharduten triptiko informatiboak banatuko dituzte.

Gune horiek, gainera, zabaldu egingo dituzte. Gaur gaurkoz, 24 orduz irekita dauden lau gune daude txakurrentzako ahalbidetuta: Ollarganen (prestatutako espazioa), Lonbon (eremu itxia), Mendikosolobarrena eta Mintegi parkeetan egokitutako espazioak eta Landarragan prestatutako gunea. Bestalde, 09:00etatik 21:00etara gaitutako hainbat gune ere badaude Arrigorriagan, txakurrak paseatu ahal izateko: Lonbon, Martiartun, Santa Isabelgo parkean eta pistetan, Lehendakari Agirreko eta Ugertzako parkeetan eta Arandian zein Kubon.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak