☉ Arrigorriaga
17,6 milioi euroko udal aurrekontu “orekatua” onartu dute Arrigorriagan, 2025ekoa baino % 7 handiagoa
Aurrekontu honek, Peio Garmendia Ogasun zinegotziaren arabera, “herritarren egunerokotasuna hobetuko du”

Arrigorriagako Gobernu taldeak 2026ko aurrekontua onartu du joan den azaroaren 27an egindako ez ohiko osoko bilkuran, EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botoekin eta EAJ eta PSEko ezezkoarekin. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 7 handiagoa.
Peio Garmendia Ogasun zinegotziak aurrekontu “anbiziotsuak” lez definitu ditu: “Aurrekontu hauek Arrigorriagaren garapena eta herritarren ongizatea bermatzeko pentsatuta daude. Helburua da Arrigorriaga bateratuago, inklusiboago eta jasangarriago bat eraikitzea”. Aurrekontu hauek “orekatuak” ere badirela gehitu du Garmendiak: “Herritarren egunerokotasuna hobetuko dute”.
“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, aurreratu zuen Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak joan den azaroaren 18an egindako prentsaurrekoan.
“Aurrekontuak funtsezkoak dira herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko”, laburbildu du Arrigorriagako alkateak. “Aukera emango digute Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”.
Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026
– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, “kluben eta erabiltzaileen beharrak aseko dituen” kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko proiektuaren idazketa martxan jartzea: “Ongi diseinatutako patio bat jolasteko eremu bat baino askoz ere gehiago da: hezteko ingurune bat da, errespetuan oinarritua, barrerarik gabe ikasteko eta garatzeko aukera eskaintzen duena”, nabarmendu du Peiok eskolako proiektuari dagokionez.

Kiroldegiko igerilekua // Geuria
– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.
– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.
– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.
2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.
Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.
Kritikak, oposiziotik
EAJk eta PSE-ek gobernu taldeak onartu berri duen udal aurrekontua gaitzetsi dute, “estrategiarik gabeko, zorroztasun teknikorik gabeko, lehentasun argirik gabeko eta gardentasun eta leialtasun instituzionalik gabekoa delako” eta auzitan ipini dute udal gobernuak “aurrekontu anbiziotsuak” bezala definitu izana.
“Aurrekontua handitzea ez da gobernu-taldearen lanaren emaitza, Udalkutxaren hazkundearena baizik”, azaldu du Ainara Saez EAJko bozeramaileak. “Diru-sarrera guztien % 61 transferentzia horren menpe daude. Ez dago euro bakar bat ere Europako funtsetakoa, ez hitzarmenik, ez finantzaketa-lerro berririk. Horrela, Arrigorriagak ezingo du inoiz proiektu handiei ekin”.
Kiroldegi berria diseinatzeko proiektuaren testuinguruan, jeltzaleek “benetako proiekturik ez dagoela” salatu dute: “80.000€ bakarrik kantxak birmoldatzeko proiektu baterako dira. Ez faserik, ez obra-planik, ez memoria ekonomikorik, ez urte anitzeko finantzaketarik. Ez dago kiroldegi berrirako proiekturik. Existitzen den bakarra, eslogan bat da”.
Eskolako patio inklusiboari dagokionez, 2024ko gerakinarekin kontura gauzatu behar zen proiektua dela gehitu du Saezek: “Hori egin ez denez, 400.000 euro blokeatu dira orain, premiazko beste behar batzuei erantzutea eragozten dutenak, hala nola Labarketako irisgarritasunari”, eta EAJ aldertditik obra hori uda bitan faseatzea proposatu du “2026an baliabideak askatzeko, proiektuari uko egin gabe”.
Segurtasunaren alorrean, udal gobernuak partida % 36 murriztu duela azaldu dute oposiziotik: “Euskadin segurtasunik ezari buruzko kezka handitzen ari den testuinguru batean, Arrigorriagako udaltzainek segurtasun-gabeziako giroagatik babes gabezia salatu duten une honetan”.
EAJren zuzenketak
EAJk “hutsuneak” ikusi ditu ere gardentasunaren, zorroztasun faltan eta negozioatzeko borondatean eta zortzi zuzenketa aurkeztu ditu: “Aurkeztutako proposamenek 570.000 euroko balioa dute, eta alderdi jeltzaleak Erregistroan aurkeztutako proposamenean zehaztu du zenbateko hori nondik atera daitekeen beste partida batzuk egokituz gero”. Partida horrekin honako zuzenketak aurkeztu ditu:
– Pedro Muro eta Osasuna eta Higienea lotzeko irisgarritasun-azterlana
– Abusuko Zentro Soziokulturaleko instalazioak eta altzariak berritzea
– Kubo auzoa hirigunearekin lotuko duen pasabide estali berri baten azterketa, egungoa ordezkatuz.
– Tokiko merkataritza bultzatzea
– Hiri-altzariak, asfaltatzea eta bide-seinaleak hobetzea
– Auzo batzuetako argiztapena hobetzea
– Hiriguneko Tailer Etxea eta Tailer Etxearen eta Emakumeen Topalekuaren irisgarritasuna hobetzeko estudioa konpontzea.
– Ollargan eta Abusu lotzen dituen pasabide estali berri baterako azterlana, egungoa ordezkatuz
☉ Arrigorriaga
Delituek % 13,5 baino gehiago egin dute behera Arrigorriagan 2025ean
Kriminalitate tasa 32,28koa da eta gobernu taldetik ondorioztatu dute Arrigorriaga “herri segurua” dela

Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udaltzaingoaren datuen arabera, delituek % 13,53 egin dute behera iaz, 2025ean. Datuen arabera, Beherakada hau Bizkaiko lurraldean izandakoa (% 1,44) baino askoz handiagoa da, eta Arrigorriaga inguruko herri seguruenen artean kokatzen du, udal ordezkarien aburuz.
Kriminalitate tasari dagokionez (hots, delitu kopurua 1.000 biztanleko) 32,28koa da Arrigorriagan, Bizkaiko batezbestekoa % 48,3koa izanik. Horrek, gobernu taldearen arabera, Arrigorriaga “herri seguru” bezala berresten du.
Azken urteetako bilakaerari dagokionez, arau-hauste penalek behera egin dute poliziak helaraziko datuen arabera: 2022an 436 arau-hauste penal egon ziren (36,47 biztanleko milako tasa); 2023an 423 (35,39 biztanleko milako tasa); 2024an 436 (36,28 biztanleko milako tasa); eta 2025ean 377 (32,28 biztanleko milako tasa). Datu horiek Raul Lopez Arrigorriagako Udaltzainburuak datu horiek guztiak helarazi dizkie Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei egin berri diren batzordeetan.
Maite Ibarra: “Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”
“Datu objektiboek erakusten dute Arrigorriaga herri segurua dela”, ondorioztatu du Maite Ibarra herriko alkateak. “Ez bakarrik gure inguruko herriekin alderatuta, baita Bizkaiko batezbestekoarekin alderatuta ere. Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”
☉ Arrigorriaga
Zabalik da Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea
Helburua herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek

Martxoaren 18ra bitartean zabaldu dute Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea.
“Ekimen honen helburua 2015 eta 2020 urteen artean jaiotako herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalekuak apirilaren 7tik 10era antolatu dituzte 09:30etik 13:30ak bitartean. Izena emateko modu bi daude: udaletxeko HAZen (08:00-13:00ak bitartean) edo Abusu zein herriguneko kultur etxeetan (16:00etatik 20:00ak bitartean). Beste aukera bat telematikoki egitea da arrigorriaga.eus webgunearen bidez.
Bete beharreko baldintzak
Arrigorriagako Udaletik azaldu lez, parte hartu nahi duten haurrek Arrigorriagan erroldatuta egon behar dute, 2015 eta 2020 urteen artean jaioak izan (6 eta 11 urte bitartekoak) eta eskolan B edo D ereduetan ibili. “Gainera, begiraleekin eta taldekideekin moldatzeko ahozko euskara maila egokia izatea eskatzen da”, gehitu dute.
Onartuen zerrenda martxoaren 23an argitaratuko dute udal webgunean. Edukiera mugatua izango da. Beraz, epeak errespetatzea eskatu dute udalekuetako antolatzaileek.
☉ Arrigorriaga
M17ko grebak eragina izango du Arrigorriagako udal-zerbitzuetan
Gobernu-taldeak bat egin du greba orokorrarekin eta Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan gorabeherak egon daitezkeela deitoratu du

Arrigorriagako udal gobernu taldeak bat egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrarekin eta aldi berean iragarri du horrek eragina izango duela zenbait udal zerbitzuetan.
EH Bilduk, Arrigorriaga Garak eta NOAk osatutako Arrigorriagako udal-gobernuak bat egiten du eskakizun honekin, “justizia sozialean eta langileen eskubideen defentsan oinarritutako politika publikoen aldeko konpromisoa berretsiz”, eta, horregatik, greba egingo dute asteartean.
Grebaren eraginez gorabeherak egon daitezke Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan, aldaketa edo etenekin. “Barkatu greba-eskubidea erabiltzeak sor ditzakeen eragozpenak”, iragarri dute Arrigorriagako udal ordezkariek.
Gutxienezko soldata, ardatz
Datorren martxoaren 17an, greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute, gutxieneko soldata propioaren alde. Deialdiaren leloak (“Gutxieneko soldata hemen erabaki”) jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.
ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen eta egungo LGSak ez duela bere funtzioa betetzen adierazi zuen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla salatu dute udal ordezkariek
“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute

Arrigorriagako Udaletik jakinarazi dute ezezagun batzuek Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla etxez etxe.
“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute.
“Horrelakorik gertatuz gero, deitu berehala Udaltzaingora”, gomendatu diete herritarrei. Horretarako telefono zenbaki bi ahalbidetu dituzte: 944 020 201 eta 651 705 970.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Jasokakoek Argentinara egindako bidaiaren inguruko ‘Harri, Egur eta Bihotz’ dokumentala emango dute Lonbon
Martxoaren 27an proiektatuko dute dokumentala Arrigorriagako Lonbo aretoan, 18:00etan

Datorren martxoaren 27an ‘Harri, Egur eta Bihotz’ izeneko dokumentala emango dute Arrigorriagako Jasoka Herri Kirol Klubeko kirolariek Lonbo aretoan, 18:00etan.
Zinta horretan, Argentinako Tandil hirira egindako bidaia kontatuko dute Arrigorriagako elkartekoek: “Gure Tandileko Euskal Asteko bizipenak kontatuko ditugu lehen pertsonan: zelan bizi izan genuen, ezagutu genituen pertsonen testigantzak ezagutuko ditugu… denetarik!”, aurreratu dute Jasokatik.
“Bizitza osorako markatu gaituen bidaia baten kontakizuna da honako hau. Herri kirolak Argentinara eramatearen emozioa, Tandilgo Euskal Astean egindako erakustaldia, eta milaka kilometrora egon arren, euskal diasporarekin herri bereko kide sentitzearen indarra”.
Dokumentalaren helburua bidaia hura egiteko laguntza eman zuten pertsona, denda, taberna… jende guzti horri eskertzea dela azaldu dute Jasokatik. “Nahiko hunkigarria izango da”, aurreratu dute. “Gure ahotsarekin entzungo dalako euskal diasporak emandako harrera”.

GEURIAk iazko martxoan izan zuen Argentinara egin beharreko bidaia honen berri, Jasokako Marta Camacho eta Nerea Espinosa kirolarien eskutik. Izan ere, horren inguruko berbaldia izan genuen beraiekin.











