Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Aldaketak Umorea Labur festibalean: Kolonbiako komedia eta umeentzako ekitaldiak egongo dira XXI. edizioan

Aitor Arenas: “Estatu mailan, umoreari dagokionez, dagoen jaialdirik ‘zaharrena’ gara, eta ekitaldiari aldaketa bat eman behar geniola sentitu dugu”

|

Arrigorriagako Umorea Labur festibalak aldaketak dakartza aurten. Antolatzaileek azaldu duten bezala, ekitaldia “zaharkituta gelditu ez dadin”, abenduaren 12tik 17ra bitartean, hainbat sorpresa antolatu dituzte XXI. edizioari ongietorri beroa egiteko. Herritarren parte hartzea bultzatzea —bereziki umeena—, eskualdeko sortzaileei ikusgarritasuna ematea eta zinea aretoetatik kanpora ere zabaltzea izango dira aurtengo edizioaren ardatzetako batzuk.

Horrela azaldu dute Aitor Arenas Lanbarri Kultur Elkarteko kideak eta ekimenaren zuzendariak eta Iratxe Rubio Arrigorriagako Udaleko Kultura zinegotziak asteazken honetan (abenduak 7) egindako aurkezpenean. “Estatu mailan, umoreari dagokionez, dagoen jaialdirik ‘zaharrena’ gara” —azaldu du Arenasek—, “eta ekitaldiari aldaketa bat eman behar geniola sentitu dugu, beste jaialdi askotan gertatu den bezala, txikitik hasi eta handira pasatzeaz gain, nagusi egiten ari garelako”.

Aurtengo edizioan, beraz, nazioartekotzeaz gain, arlo askotako sortzaileei zabalduko diete Umorea Labur. Abenduaren 15ean (osteguna), Kolonbiatik ekarritako umorezko film laburren emanaldia egingo dute; eta ostiralean, berriz, Whabbit 4 Hec saioa prestatu dute egile berriak bilatzeko eta hauek beren artean harremanak sortzeko asmoz.

Era berean, zinema haurrei hurbiltzeko, IrribARRI ekitaldia jarriko dute martxan, Udalarekin, Arrigorriagako Herri Ikastetxearekin eta Abycinitos programarekin lankidetzan. 120 ume inguruk hartuko dute parte bertan, eta animaziozko laburrak ikusteaz gain, jolasak eta askotariko dinamikak egingo dituzte Alazne Astorga dinamizatzailearen laguntzarekin.

Hainbat izen

Baina aldaketak eta berrikuntzak gorabehera, betiko “esentzia” mantentzeko, eskualdeko artistei ere beren espazioa emango diete No solo paja sailean. Bertan egongo dira, besteak beste, Iratxe Fresnedaren Tetuán lanaren trailera (eta ondorengo hizketaldia, zuzendariarekin), Tamara Lucariniren Txango eta Arnatz Puertasen Aux.

Zuzendari entzutetsuez gain, ikus-entzunezkoen munduan ezagunak diren Maria Cruickshank aktoreak, Pedro Mateo Abycineko programatzaileak eta Cristina Sancho Taringa-ko managing zuzendariak ere hartuko dute parte, kasu honetan, epaile gisa. Jaialdia irekitzeko, berriz, Kepa Sojok eta Sonia Palaciosek hartuko dute hitza astelehenean, José Luis López Vázquez aktoreari omenaldia egiteko; eta larunbatean, itxiera ekitaldian, Paula Púa aurkezle eta komikoa hurbilduko da Arrigorriagara.

Sarrerak, Lonbon

Emanaldi guztiak Lonbo aretoan egingo dituzte, urtero bezala, baina XXI. edizioan denbora gehiago eskaini nahi diotenez pelikulen inguruko hizketaldiei eta ondorengo tarteari, saioak 18:30era aurreratuko dituzte aurten. Hasi baino lehen, Lonbon bertan egongo dira eskura doako sarrerak, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik eskatzea.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 229.000 euro bideratuko ditu Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak berritzeko

Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea du helburu eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea

|

Ollarganeko haur-parkea // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak konpontzeko asmoa azaldu du, udalerriko jolasguneen azterketa​ egin ostean. Lizitazio prozesua martxan ipini dute eta aurrekontua 229.000 eurokoa izango dela iragarri dute: “Enpresek irailaren 25era arte dute eskaintzak aurkezteko”.

Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea dela azaldu dute Udaletik eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea.

Ollarganeko parkearen kasuan parkea “nahiko hondatuta” dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek: “Gainera, auzoko haur gehienek erabiltzen dute”.

Arrigorriagako Udala: “Ollarganeko parkea nahiko hondatuta dago eta auzoko haur gehienek erabiltzen dute”

Haurreskolako parkeak, udal ordezkarien aburuz, ez ditu ohiko erabiltzaileen beharrak asetzen eta “ez da egokia 0 eta 2 urte bitarteko haurtxoentzat eta gainera parkeak ez du itzalgunerik: ondorioz eguzki eta bero handiko egunetan ezin dute erabili”. Arazo hori konpontzeko itzalgune bat ipiniko dute.

Herriko gainontzeko haur-parkeei dagokienez, egun hauetan Abusuko Santa Isabel kaleko jolasgunea eraberritzen ari da Arrigorriagako Udala, eta GEURIAri azaldu lez, hurrengo hilabeteetan Lonbo auzoko haur-parkearekin hasiko dira: “Gainerakoak hurrengo urtean berrituko ditugu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, kontua izan behar da aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasean gaudela eta emaitzak itxaron behar ditugu”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Emakume Sortzaileen Azokak hasiera emango dio Lamiaenako ikasturte hasierari

Joana Etxebarria politika feministako zinegotziak Lamiaenak sorreratik garapen “oso positiboa” izan duela azpimarratu du. Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute

|

Udal ordezkariak, Lamiaenan egindako aurkezpenean // Geuria

Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak ikasturte hasierako jaia egingo du datorren irailaren 28an, Teodosia Ortega parkean. Egun erdiko ospakizuna antolatu dute eta jarduera nagusia urteroko hitzordua bilakatu den Emakume Sortzaileen Azoka izango da.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak emakumeen etxearen jardueren aurkezpenean azaldu bezala, Emakume Sortzaileen Azokak harrera ezinhobea izan du aurreko urteetan. Izan ere, aurten 25 saltoki egongo dira, eskaini daitekeen kopuru handiena.

Joana Etxeberriaz gain, Lamiaenako ikasturtearen aurkezpenean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ane González, Berdintasun saileko teknikaria izan dira eta egitarau anitza eta erakargarria diseinatu dutela iragarri dute: “Aurtengo egitarauan ikastaro, hitzaldi, solasaldi, zinema, erakusketa eta liburuen aurkezpenak eskainiko dira”, azaldu dute. “Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”.

Ane González: “Aurtengo egitarauko jarduera gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”

Etxeberriak 11 eta 14 urte bitarteko neska gazteentzako ‘Esperimentatzera!’ laborategia goraipatu du. Urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean antolatu dute Lamiaenan, 17:30etik 19:30ak arte: “Eskua eta adimena askatzeko jarduera izango da. Hitzak, objektuak eta hainbat material erabiliko ditugu neska gazteok kontatu nahi duguna ilustrazioen bidez adierazteko”. Marrazketa tailerraz harago doa eta euskara hutsean eskainiko dute Limoi Zurrusta Kultur Elkartearen eskutik: “Guztion artean jolasteko topalekua sortu nahi dugu, ikasteko eta gozatzeko”.

Emakume bi, Lamiaenako egoitzaren aurrean // Geuria

Urte bi borrokan

Lamiaena 2022an inauguratu zuten herriko emakumeek. Aurretik, jakina denez, Arrigorriagako kultur etxea zen baina gaur egungo eraikinak ez du aurreko urteetako etxearen arrastorik, goitik behera eraberritu baitute herriko emakumeek: bilerak egiteko gelak, egongelak, terraza… eraikinak ez du ezer faltan.

Lamiaenaren hazkundea ere nabarmendu beharrekoa da eta sorreratik Etxebarriak balantze “oso positiboa” izan duela azpimarratu du: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu. Datu kuantitatiboak oso garrantzitsuak dira guretzat baina esan beharrekoa da ere gero eta gehiago direla Lamiaenara hurbiltzen ari direnak”, eta bakardadeari aurre egiteko gero eta emakume gerturatzen direla gehitu du politika feministako zinegotziak: “Lamiaenak emakume gehiago ezagutzeko aukera ematen die eta onuragarria da beraientzat”.

Joana Etxeberria: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu eta gero eta gehiago dira Lamiaenara hurbiltzen ari diren emakumeak”

Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute, Lamiaenan bertan arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 20:00ak arte). Abusuko Zentro Soziokulturalean egiteko aukera ere badago (astelehenetik ostiralera 08:00 – 14:45)

Egitaraua | Lamiaenako Ikasturte Hasierako Jaia

Irailak 28, larunbata

11:00 Emakume Sortzaileen III. Azoka
12:00 Txosna irekitzea
12:30 Kancaneo Teatroren ikuskizuna

Egun erdiko ospakizunak Lamiaenako ikasturteko programazioari hasiera emango dio.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bosteko erakusketa Arrigorriaga eta Basauritik igaroko da urte amaieran

Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra

|

Bosteko Eraskusketaren aurkezpena, Leioan // Arrigorriagako Udala

Gaur Bosteko Erakusketa ibiltariaren aurkezpena egin dute Leioako Kultur Etxean: “Gaur Leioan izan gara Bosteko erakusketa ibiltariaren edizio berriaren aurkezpenean”, azaldu dute udal ordezkariek. Irailetik abendura, erakusketa bost udalerritatik pasatuko da, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri. Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra arte egongo da.

Bost udaletako (Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioa) bost erakusketa-aretoren artean antolatzen eta koordinatzen den erakusketa ibiltaria da BOSTEKO eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesa du.

Bosteko 1998an sortu zen eta, ordutik hona, 76 artista euskaldunen lanak hartu ditu. Hala, Bizkaiko testuinguru kulturalean erakusketa sendoa bihurtu da. Ekimena euskal artista plastiko ospetsuen artelanak ikusgai jartzen ditu eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan ezagutzera eman eta zabaltzeko plataforma interesgarria da. Aurten, erakusketa irailetik abendura pasatuko da aipatutako udalerrietatik, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri.

Iaz, Bosteko 2023. Kaosetik Kosmosera: Unibertsoko Paisaiak izeneko 26. edizioan, Iñigo Sarriugarte izan zen erakusketaren komisarioa eta María Alonso Páez, Gorka Gondra, Victor Arrizabalagaren lanak ikusi ahal izan ziren.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako kale batzuen argiteria aldatuko dute, “segurtasuna handitzearren”

Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan puntu ilunak ezabatzeko

|

Tunela, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan argiteria indartzeko. Lizitazioa martxan ipini dute eta enpresek irailaren 30era arte aurkeztu ditzakete proposamenak.

Arrigorriagako zenbait auzotako herritarrek beren egonezina azaldu dute azken egunetan. Kuboko hainbat auzotarren arabera argiztapen falta izan dute azken asteetan tunelean, zubian eta Barzubia baserriaren inguruetan: “Arriskutsua da argirik ez izatea tunelean, zubian, Barzubia zonaldean…”, kexatu da herritar bat. “Udalak egoeraren berri du, Kuboko bizilagunen kexak jasotzen ari baita. Gure auzoan ere baditugu “Puntu Beltzak” eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”. Udala jakinaren gainean dagoela azaldu dio GEURIAri eta abisua eman dutela jakinarazi du.

2020an presio baxuko sodiozko lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako argiztapen eraginkorragoa instalatu zuten kale horietan IDEAk emandako Udalerrietako kanpoko argiztapen-instalazioak berritzeko laguntza-programaren bidez. Baina Arrigorriagako udal ordezkarien arabera horrekin ez da nahikoa izan gaur egungo arazoari irtenbidea emateko: “Jarduketa horrek ez zuen balio izan udalerriko hiri-bilbean lehenagotik zeuden argiztapen-arazo guztiak zuzentzeko”.

Kuboko herritarrak: “Kubon ere baditugu ‘Puntu Beltzak’ eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”

Trenbideen azpiko lurpeko pasabidea, Arrigorriagan // Geuria

Horiek horrela, Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuko argiztapena egungo estandarretakoarekin alderatuta “eskasa” dela ikusita, zonalde horietako argiteria indartzeko asmoa azaldu dute Udaletik, argi berriak instalatuz: “Helburua puntu ilunak ezabatzea eta kaleetan segurtasun-pertzepzioa handitzea da, egungo estandarretarako argiztapena eskasa den lekuetan argi berriak instalatuz”, azaldu dute ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak brontzezko domina lortu du 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan

Iaz brontzezko saria eskuratu zuen ere Cimadevillak 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan

|

Garriko Taekwondo Taldeko kirolariak, Torreviejan // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den irailaren 14an, 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako Txapelketa antolatu zuten Torreviejan (Alakant) eta Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak (Garriko Taekwondo Taldeko kirolaria) brontzezko domina lortu zuen. Iaz sari bera eskuratu zuen. Aurten Kataluniako ordezkariaren aurka galdu du borroka Alakanten, final erdietan.

Bestalde, Arrigorriagako klubeko Maider Castrok eta Daniel Zaldivarrek final-laurdenetan galdu zuten eta podiumaren atarian geratu ziren biak. Maiderrek Kataluniako ordezkariaren aurka galdu zuen eta Danielek Extremadurakoaren aurka.

Osorik irakurri