Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Ziortza Karranza Ramírez: «Hitzen bidez emozioak transformatu ditzakegu eta horiei leku egokia eskaini»

Arrigorriagako psikologoak Gurenduz kontsultako ateak zabaldu dizkigu Bilbon eta gertutik ezagutu dugu bere lana. Jendearen adimenaren zoko-mokoetan “bidelagun” lez lan egitea maite du Karranzak, helburua mina sendatzea izanik

|

Psikologo baten lanak benetan zaila behar du izan. Bere lehengaia jendearen adimena eta emozioak dira eta lan-tresna profesionalaren beraren trebezia da, pertsona horien barrenetan murgildu eta euren gaitzak sendatzeko.

Ziortza Karranza Ramirezek (Arrigorriaga, 1982) bere lana maite du, eta nabari da. Gurenduz psikologia integraleko zentroan egiten du lan eta jendearen mina sendatzeko bidelaguna dela esan digu. Emakume irribarretsua, lasaia eta irekia da eta sexualitateaz, doluaz eta gaur egun gero eta gehiago entzuten den osasun mentalaz egin dugu berba.

Alde askotako emakumea zara, Ziortza. Nola definituko zenuke zure burua?
Bizitasun handiko pertsona naiz. Bizitzarekin oso konektatuta sentitzen naiz. Lasaia ere banaizela esango nuke, baita kuriositate handikoa ere. Lan arloan profesional on bezala definituko nuke neure burua: entzuten ona naiz eta beste pertsonen minak bideratzen badakit. Enpatia handiko profesionala naiz.

Psikologiaren hainbat arlotan lan egin duzu urte hauetan: sexologia, harremanak, dolua… Zer eman dizu bakoitzak?
Unibertsitateko ikasketekin nenbilen bitartean, baita horiek bukatzean ere, dolua landu nuen, galera handi bat bizi izan nuelako. Niretzat oso pertsona inportantea izan zen eta galera hark erakutsi zidan gizartea ez zegoela prest doluaren bidez laguntzeko eta heriotza oso tabu handia zela. Heriotzaren inguruan hutsune handia dago eta horren inguruan zainketa bat egin behar da. Momentu hartan erabaki nuen doluaren inguruan hezten hasi behar nintzela. Aldi berean, ikusi nuen sexualitatea gizartean daukagun beste tabu handi bat dela gure erlazioak bizitzeko moduan, gure gorputzarekin dugun harremana, gure plazera…Esparru horren inguruan ere formakuntza jasotzen hasi nintzen. Ohartu nintzen sexualitatearen eta heriotzaren artean bizitza osoa dagoela. Azken batean Freudek zioen bizitzak bi energia bital dituela: Eros eta Thanatos. Bizitza energia bi horiekin orekatu behar da. Tristura, bizitzeko gogorik eza, maitasunarekin eta bizitzeko gogoarekin orekatuz, alegia. Bizitzeko gure erronka guztiak bertan daude, Erosen eta Thanatosen artean. Gure min sakonenak eta, aldi berean, pertsona egiten gaituena ezkutatzen dute batak zein besteak. 

Gurenduz psikologia integraleko zentroan egiten duzu lan eta pertsonen ongizate integrala da helburu nagusia. Psikologiatik harago doan zentroaz ari gara?
Bakoitzak definitu behar du hori. Hona etortzen diren pertsonak ez dira bezeroak edo zenbakiak niretzat; zentrora datozen pertsona guztiekiko maitasuna sentitzen dut eta pertsona horiek nire maitasun hori sentitzea garrantzitsua dela uste dut. Horregatik nire erronka pertsona horiei guztiei laguntza integrala eskaintzea da. Hona datorrenak ni hemen laguntzeko prest nagoela sentitzea da nire helburua.

Zuk uste duzu gaur egun psikologoarekiko ikuspegia nolabait normalizatu dela?
Duela urte batzuk gutxik zioten psikologo baten laguntza behar zutela eta gaur egun pertsona gutxik ez dute figura honen beharrik izan. Nik uste dut koronabirusak eragindako pandemiak leku bat eskaini diola osasun mentalaren zainketari eta zentzu horretan normaltasun handiagoz berba egiten da gai honen inguruan. Lehen, esaterako, normaltasunez ikusten zen seme-alabak psikologoarengana ekartzea, baina gurasoak ez ziren sekula etortzen: laguntza behar zuten pertsonak umeak zirela esaten zuten baina gurasoek ez zuten argi laguntza hori eurentzat ere erabilgarria zenik. Aldaketa nabarmena eman da gizartean psikologoaren figura hori normalizatzeko. Bestalde, askok diote psikologoen beharra handitu dela, baina aldi berean honek erakutsi du gizartea ez dagoela batere ondo osasun mentalaren ikuspegitik. 

Gizartea ondo ez dagoela diozunean, osasun mentalaren zein esparruz ari zara zehazki?
Suizidio kasuek, esaterako, nabarmen egin dute gora; gazteen artean zehazki. Medikazioaren alorrean, antidepresiboen, antsiolitikoen, psikofarmakoen kontsumoa asko hazi da. Esparru honetan, eta ikuspuntu ezkorra bada ere, gizarte mailan enpatia falta ikusten dut. Adibide modura, kalean goazenean eta inor hurbiltzen zaigunean, inork ez du alde batera egiteko keinurik egiten. Duela urte batzuk argiago geneukan inor hurbiltzen zenean alde batera egin behar genuela. Adibide oso sinbolikoa da. Nor bere kontuekin dabil eta ez digu axola albokoa zertan dabilen. Beste adibide bat ematearren, supermerkatura goazenean erosketak egitera goazela ahazten zaigu eta askotan helburua erostea baino supermerkatutik ahalik eta lasterren alde egitea da, horretarako kobratzeko makina automatikoetatik igaroz eta pertsonekin egotea saihestuz. Berdin digu autokobraketaren eraginez kutxetan dauden langileak inoiz kaleratuko dituzten edo ez. Gizarte indibidualista batean bizitzera igaro gara.

Eta teknologiak? Zer esanik ba al du gizarte indibidualista honetan?
Nik uste dut sarea askoz argiago sentitzen genuela lehen. Herri mailan taldean egotearen sentsazioa geneukan, esaterako. Teknologia berriei esker norberak den-dena etxetik egin dezakeen sentsazioa saldu digute eta hor pandemiak inpaktu oso handia izan du. Nor bere beharrei so egitera ohitu gara, gainontzekoen beharrak alde batera utziz.

Nolako garrantzia dute emozioek zure lanean?
Azken batean, zuk zure emozioak dituzu alde batetik, baina bertara laguntza esker datozen pertsonek dituztenekin lan egin behar duzu aldi berean. Terapiaren magia da hori. Hitzen bidez emozioak transformatu ditzakegu eta horiei leku jakin bat eskaini. Gure lana pertsonari laguntza ematea da emozio jakin batzuk sentitzen eta eraldatzen dituen bitartean. Askotan, eta Anna Llenasen ‘Koloretako Munstroa’ liburuan gertatzen den era berean, pertsona asko kolorez nahastuta datoz kontsultara. Ez dakigu zein izen ipini behar diogun emozio bakoitzari edo are gehiago: emozio jakin batzuk sentitzen dituzte eta ez dakite zergatik. Testuingurutik irteten dira eta euren tristuraren, amorruaren edo dena delakoaren arrazoia ulertzea kostatzen zaie. Askotan, gure lana hori guztia detektatzean datza.

Dolura bueltatuz eta emozioak alde batera utzi barik, pertsonen ongizatearen alde garrantzitsua da. Nola daiteke min egiten digun ezer gure ongizatearen alde garrantzitsua izatea? Dolua gizarte mailan aldatu den gauza bat da. Duela 60 edo 70 urte pertsonek beste modu batean bizitzen zuten dolua eta horren inguruan gaur egun ia galduta dagoen errito bat zegoen: janzkera bat zegoen, lutoa delakoa bizi behar zen eta pertsona bakoitzak bazekien nola jokatu behar zuen egoera horren aurrean. Lutoak galeraren arabera bizitzen ziren: kasu bakoitzerako denbora jakin batzuk igaro behar zituen galera hori izan zuen pertsonak, bere buruari baimen antzeko bat emanez galera horri “aurre egiteko”. Luto horren bidez, gainera, gizarteak bazekien pertsona hori nola tratatu eta pertsona bat kalean beltzez jantzita ikustean jendeak bazekien pertsona horren bihotza nola zegoen. Hori guztia galdu dugunean, nor bere burua sendatzeko epeak ere galdu ditugu eta gaur egungo hitzarmenak bost eguneko baimena ematen digu galera baten aurrean. Gizarteak gure aldetik produktiboak izatea espero du eta doluak ez dio produktibitaterik eskaintzen pertsonari. Gaur egungo gizarteagatik balitz, hurrengo egunean bertan ondo egon beharko ginateke. Txarto edo triste sentitzean, pertsona gelditu egiten da. Gaurko ereduari so eginez, medikamentuak eman eta aurrera: lanera itzultzen gara. 

Orduan, duela 60 edo 70 urteko doluetara itzuli beharko ginatekeela esan nahi du horrek?
Uste dut gakoa dela nork bere erritmoei entzun behar diela galera bati aurre egiteko orduan, bere beharrei entzunez. Hor ez dago gaizki egiteko aukerarik: beti egongo da ondo gure bihotzarekin konektatuta gauden heinean. Batek daki: agian bihotzarekin konektatuta egotea pertsona batentzat hildakoaren gauzak hurrengo asteetan etxetik ateratzea izan daiteke. Zergatik ez? Norberak eman behar dio baimena bere buruari. Aldi berean, beste pertsonen doluak ez epaitzen ikasi behar dugu.

Gaur egungo gizarteak, aurreratuta egon arren, heriotzaren eta, ondorioz, doluaren esparruan tabuak mantentzen jarraitzen du.
Heriotzaren tabuak bertan jarraitzen du. Are gehiago: heriotzaren arabera tabu hori handiagotu daiteke. Suizidioen inguruan izugarrizko tabua dago gizartean. Agerian uzten dute gizarte mailan ez garela ondo funtzionatzen ari. Jaioberrien heriotzaren inguruan beste hainbeste. Betidanik esan digute bizitzaren zikloan jaio, heldu bilakatu, haurrak izan eta nagusiak garenean hil egiten garela. Baina saldu diguten bizitza hori horrelakoa ez dela ikusten dugunean tabu bilakatzen da.

Tabuak inoiz hautsiko ditugu?
Hala espero dut, itxaropentsua naiz. Egunen batean doluan dagoen pertsona batengana hurbildu eta zelan dagoen galdetzeko gai izango da gizakia. Behin baino gehiagotan esan didate: “Nola demontre galdetuko diot doluan dagoen pertsona bati nola dagoen doluan badago? Bizitzen ari den egoera gogoraraziko diot horrela eta ez diot onik egingo”. Doluan dagoen pertsona batek egunero bizitzen du egoera hori eta ez du sekula ahaztuko, pertsona batek gogorarazi edo ez. Dolua igarotzen ari den pertsona bati zelan dagoen galdetzen diogunean laguntza ematen diogu: sentitzen duen min horri leku bat ematen ari gara. Espero dut egoera hauek astiro-astiro aldatzea gizarte mailan. Egoera hau aplikagarria da  umeengan ere, eta euren dolu hori bizitzeko eskubidea ere errespetatu beharrekoa da.

Gaur egungo gizartean osasun mentalaz asko hitz egiten da. Beharrezkoa zen errealitate hori azaleratzea?
Arazoak azaleratzea beti dago ondo. Gure emozioak, beldurrak azaleratzeak ez luke arraroa izan behar baina askotan gure emozioak epaitu egiten ditugu inguruan ditugun pertsonekin ez daukagulako behar besteko harremanik gai horiek sakonean tratatzeko.

Psikologiaren esparruan MDR izeneko teknika erabiltzen duzula irakurri dut. Zer da, nola lantzen da eta zein onura ditu?
MDRa teknika bat da. Duela gutxira arte, psikologia mailan, pertsona baten traumak tratatzeko era bakarra pertsona horrekin hitz egiten eta emozioak kudeatzen zen. Baina askotan, hitz eginez ez gara heltzen trauma hori sendatzera. MDR teknikak gure garunean zuzenean eragiten du: gure garunak badu sendatzeko ahalmena. Jakina da lo egiten dugun bakoitzean fase ezberdinetatik igarotzen garela. REM fasean gure begiek mugimendu oso azkarrak egiten dituzte. Momentu horretan, gure burmuinak bere bi hemisferioak orekatzen lan egiten du, alde arrazionala eta alde irrazionala orekatzen, hain zuzen ere. Trauma bat bizitzen dugunean gure garuna blokeatu egiten da eta alde emozionala oso handituta gelditzen da (gauza asko sentitu ditugulako). Askotan alde arrazionalarekin lotuta datozen mezuak jasotzen ditugu, eta horiek ez digute onik egiten. Beste hitz batzuetan: demagun txikiak garela abusuak jasaten ditugula. Egoera traumatiko bat da eta burmuina blokeatzean alde emozionala aktibatuta gelditzen da eta askotan mezu kontraesankorrak datozkigu: “merezi izan nuen”, “nik neuk bilatu nuen”… MDR teknikaren bidez gauez begiekin egiten ditugun mugimendu horiek egunean zehar aprobetxatzen ditugu eta pertsonei iraganean bizitako trauma horiek berriz biziarazten diegu, emozio negatibo horiek dauden lekuan esaldi positiboak “sartuz”. Garunak dituen konexio negatibo horiek desegiten ditugu eta aldi berean berriak sortzen ditugu. MDRa oso modu positiboan baloratzen dut, hitzekin konpontzen ez ditugun trauma horiek sendatzera heltzen garelako. Prozesua benetan interesgarria da, pertsonak keinu jakin batzuk egiten dituelako teknika lantzen den bitartean. Azken batean, momentu horretan garunak informazioa prozesatu egiten du eta batzuetan irudi edo oroitzapen berriak “ekartzeaz” arduratzen da pertsonaren trauma prozesatzeko. Gu, psikologoak garen heinean pertsona horren adimenean murgiltzen gara eta benetan ikaragarria da hori.

Eta MDRa egitea onartzen duen pertsonak minik jasaten al du prozesuan? Azken batean, zauri bat berrirekitzen duzue prozesu honen bidez.
Ez dugu inolako minik sortzen, guztiz kontrakoa; prozesua hastean traumaren inguruko eskala bat egiten zaio pertsonari, oroitzapenak nolako mina egiten dion adierazteko. Prozesuan zehar jarraipena egiten zaio eta eskala horrekin etengabe egiten dugu lan. Amaieran, galdera egiten zaio berriro. Momentu horretan traumaren aldaketa ikusten da beti.

Gurenduzen MDRa praktikan ipintzen duzue?
Bai. Bertara heltzen diren pertsona askok trauma handiak dituzte eta erreminta benetan baliagarria da, eta azkarra gainera: bizpahiru saiorekin oroitzapen traumatiko hori desentsibilizatzea lortzen dugu.

Eta eraginkorra al da?
Erabat. Demagun pertsona batek kolore jakin batekin trauma bat duela. Prozesuan zehar kolore hori “kentzen” saiatzeko eskatzen diogu eta astiro-astiro intentsitatea jaisten diogu traumari, guztiz eraldatu arte.

Ziortza, psikologia kontsultatik harago eramaten duzu eta oso aktiboa zara sare sozialetan zein hedabideetan. Izan ere, astelehenero kolaborazioak egiten zenituen duela gutxira arte Euskadi Irratian. Nola heldu zinen bertara?
Behin, heriotzaren inguruko hitzaldi bat eman behar izan nuen Bilboko alde zaharrean. ETBkoek horren berri izan zuten eta harremanetan ipini ziren nirekin, hitzaldiaren inguruan berba egiteko. Momentu hartan fitxatu ninduten. Momentu hartatik urtez urte ibili naiz Euskadi Irratian zein Radio Euskadin, kolaborazio lanak egiten. Aurten etenaldi bat egin dut irratian eta kolaborazio txikiak egiten ditut telebistan. Orain arte, gaiak gaurkotasunaren arabera aukeratzen genituen. 

Hedabideez gainera, idazle lanetan ere ibili zara eta Aromas izeneko liburua argitaratu zenuen.
Urteak eman nituen liburua idazten, eta Durangoko azokan ale asko saldu banituen ere arazo jakin batzuk izan nituen eta proiektua standbyn geratu zen. Hala ere berreditatzeko asmoa dut eta lehenago edo geroago berriro kaleratzeko 
itxaropena daukat. Proiektu interesgarria zen: liburu hori terapian izandako emakume baten kasutik jaio zen. Bere senar ohiak emakumearen alaba hil zuen. Niretzat oso mingarria zen terapia horiek egitea, min izugarriarekin konektatzen nuelako eta min hura bideratzeko modu bakarra Aromas idaztea izan zen. Idaztea benetan terapeutikoa da eta nik emakume hark kontatutako emozio horiek nolabait kanalizatu behar nituen.

Gauza da idaztea gustuko duzula. Aromasen “trauma” hura alde batera utzita, bestelako proiekturik duzu? Bai, noski! Momentu honetan liburu berri bat idazten ari naiz eta esan dezakedan gauza bakarra da aurrekoarekin ez duela inolako zerikusirik. Oraingo honetan ez da eleberria izango, baizik eta autozaintzaren inguruko liburu bat eta uste dut oso polita izango dela. Momentura arte hori da esan dezakedan gauza bakarra.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri