☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako euskaldunak ere gelatik kanpo elkartzen dira Berbalaguni esker

Dagoeneko 30 pertsonek eman dute izena Arrigorriagako Berbalagun dinamikan parte hartzeko. Bost talde sortu dira aurten, gelatik kanpo ere elkartu eta euskaraz egiteko.
“Berbaz aituten da” dio esaera zaharrak eta Arrigorriagako Berbalagunek helburu horrekin eman diote hasiera ikasturteari. “Aurten, iaz bezala, bost berbalagun talde sortu ditugu“, diote arduradunek. “Dinamikaren asmoa ez da euskara ikastea, baizik eta euskara dakitenek, euren euskara maila edozein izanda ere, elkartzea eta gai ezberdinei buruz aritzea, berba egitea eta eztabaidatzea. Hori guztia umore onean eta lagunarteko giroan“.
30 herritar dira izena eman eta animatu direnak eta, “hemendik maiatzera, aste guztietan elkartzeko konpromisoa hartu dutenak“. Hala ere, antolatzaileek esan dutenez, taldeak oraindik ez dira itxi: “Inor animatuko balitz nahikoa litzateke Udal Euskaltegira deitu (94 400 20 60) eta izena ematea“. Honako hauek dira elkartzeko orduak: astearteetan 12:00etan, asteazkenean 11:00etan, 12:00etan eta 18:00etan eta ostegunean 19:00etan.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat eraikitzea proposatu dio udal gobernuari
Proiektu honek “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoari aurre egingo liokeela” adierazi dute EAJtik

Arrigorriagako EAJk mozio bat aurkeztu zuen joan den otsailaren 9an udal gobernuak bideragarritasun-azterketa bat egiteko. Helburua lurpeko aparkaleku bat eraikitzea litzateke, non eta udaletxeko plazaren azpian.
Aparkaleku hori, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.
Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela oraingoa: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.
Horren haritik, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” dela adierazi dute EAJtik eta udalerri erdian obrak bat etortzea “aparteko aukera” eskaintzen dutela “luzerako irtenbide posible bat modu koordinatu eta estrategikoan aztertzeko”.
Proiektu hau burutu ahal izateko, 2025eko aurrekontua likidatu ondoren, diruzaintzako soberakina erabiltzeko aukera proposatu dute EAJtik: “Soberakin esanguratsu bat izango du Udalak, eta, horri esker, zorroztasunez aztertu ahal izango litzateke horrelako inbertsio baten bideragarritasun ekonomikoa, dela finantzaketa zuzenaren bidez, plazen salmentaren bidez, txandakako aparkaleku baten bidez edo legez”.
EAJ: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”
EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.
Era berean, udal gobernuari eskatutako azterlanak “Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekiko (HAPO) hirigintza-bateragarritasuna eta esku-hartzearen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa ebaluatu beharko lituzkeela” adierazi dute oposiziotik, “HAPOren aldaketa puntuala sustatu edo hirigintza-tresna espezifikoren bat izapidetu beharko balitz ere, aplikatzekoa den hirigintza-legeriaren arabera”.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Arrigorriagako Inauteria girotzeko Maskaradaren pertsonaiak atera dituzte kalera!
Otsailaren 14rako egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean

Inauteriak girotzen hasi dira Arrigorriagan, eta horretarako Maskaradaren Zamalzainak, Entseinariak, Kantinerak… atera dituzte kalera!
Otsailaren 14rako egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean.
“Mimo handiz prestatutako egitarau ederra geratu da otsailaren 14rako, beraz, animatu mozorratzera, ospatzera eta, batez ere, disfrutatzera! Kalean ikusiko dugu elkar!”, azaldu dute Inauteri batzordetik eta Gaztetxetik.
Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan: “Alergikoa, beganoa, zeliakoa… bazara abisatu arguiagazte@gmail.com helbidera idatziz edo 688 654 717 telefono zenbakira deituz”.
Egitaraua | Arrigorriagako herri inauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Inauteriei ongi etorri deia: hartzaren eta mozorroen esnatzea, bertsoak, dantzak… udaletxeko plaza
15:00 Herri bazkaria + bingo musikatua, Gaztetxea
19:00 Elkarretaratzea, Odol emoileen plaza
19:30 Kalejira, herrian zehar
20:00 Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa
21:00 Kontzertua: Gautegun erromeria
01:00 DJ gaua, Gaztetxea
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, elkarretaratzea eta kalejira antolatu dute Arrigorriagako herri inauterietan
Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan

Otsailaren 14an egitarau berezia antolatu dute Arrigorriagako inauterietan, eguerditik gauera bitartean, “Aratusterik ez!!” lelopean.
“Mimo handiz prestatutako egitarau ederra geratu da otsailaren 14rako, beraz, animatu mozorratzera, ospatzera eta, batez ere, disfrutatzera! Kalean ikusiko dugu elkar!”, azaldu dute Inauteri batzordetik eta Gaztetxetik.
Herri bazkarian parte hartzeko tiketak beharko dira. Horiek Imara eta Sorgiñe tabernetan eskuratu daitezke 13 euroan: “Alergikoa, beganoa, zeliakoa… bazara abisatu arguiagazte@gmail.com helbidera idatziz edo 688 654 717 telefono zenbakira deituz”.
Egitaraua | Arrigorriagako herri inauteriak 2026
Otsailak 14, larunbata
12:00 Inauteriei ongi etorri deia: hartzaren eta mozorroen esnatzea, bertsoak, dantzak… udaletxeko plaza
15:00 Herri bazkaria + bingo musikatua, Gaztetxea
19:00 Elkarretaratzea, Odol emoileen plaza
19:30 Kalejira, herrian zehar
20:00 Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa
21:00 Kontzertua: Gautegun erromeria
01:00 DJ gaua, Gaztetxea
☉ Arrigorriaga
Udan hasiko dira Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoaren saneamendua eraberritzeko lanak
Auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela adierazi dute Udaletik

Arrigorriagako Udalak udan hasiko ditu Osasun eta Higiene auzoko saneamendu sarea osorik berritzeko lanak. Udal ordezkariek gaur bertan iragarri dute milioi bat euro baino gehiagoko lanak lizitatu dituztela, auzoaren 100. urteurrenarekin kointzidituz.
Osasun eta Higiene auzoa eraberritzeko bilerak aspaldi hasi ziren eta auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela iragarri du David Cidre Auzoak eta Hirigintza zinegotziak: “Lanen muina edateko uraren eta saneamenduaren (ur fekalak eta euri-urak) instalazioak berrantolatzea izango den arren, esku-hartzea harago doa; izan ere, argiteria publikoa ere hobetuko dugu, bide batez. Horrela, lur azpiko azpiegiturak modernizatzeaz gain, Osasun eta Higiene auzoaren kanpoko itxura, irisgarritasuna eta argiztapena ere eguneratuko dira”.
Lizitazio prozesua amaituta hondeamakinak lanean hasiko direla gehitu dute Udaletik, uda aldean. “Udal honentzat auzo guztiak dira garrantzitsuak, bertan bizi den herritar kopuruari erreparatu gabe”, adierazi du Maite Ibarra herriko alkateak. “Gure helburua Arrigorriaga orekatua da, non auzo guztiek, txikienek ere, kalitatezko zerbitzuak eta azpiegitura modernoak dituzten”.
☉ Arrigorriaga
Korrikaren aurkezpena egingo dute bihar, Arrigorriagan
Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egingo dute bertan

Bihar, otsailak 6, Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Arrigorriagako Kultur Etxean, 18:00etan.
“Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egongo dira. Gogoratu, bildutako dirua helduen alfabetizaziora bideratuko da AEKren bidez. Ez galdu!”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
“Euskararen aldeko jai handirako motorrak berotzen hasteko unea da!”.












