→Arrigorriaga

Arrigorriagako Foro Soziosanitarioa berdefinitu eta herriaren diagnosia egin du Udalak

Mikel Baza, Maite Ibarra, Joana Etxebarria eta Unai Martin // Geuria

Osasun Foroa duela urte batzuk martxan jarri zen udalerrian dauden osasun-aktibo edo indarguneak eta beharrak modu parte-hartzailean identifikatzeko. Hala ere, Udalak azaldu du pandemiaren hasieran “garrantzi berezia” hartu zuela: “Udalerriko gizarte-eragileetako asko bertan daude ordezkatuta eta urte batetik hona, haren hileroko saioak garrantzitsuak izan dira egoera aztertzeko, baita egoerari aurre egiteko hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko eta bateratzeko ere”. “Udal mailan lan handia daukagu egiteko, herritarrengandik hurbilen gauden instituzioak garen heinean”, azaldu du Maite Ibarra alkateak. “Horregatik, Foro Soziosanitarioari beste ikuspegi bat emateko beharrean bat egin genuen parte hartzen dugun elkarte zein instituzioek. Lehen pausu moduan, diagnostikoa egitea adostu zen, jakiteko egun zein egoeratan gauden, eta zer behar ditugun. Hortik abiatuta, Udalak bide horretan lan egiteko konpromisoa hartuko du, hitzetik ekintzetara pasatzeko borondate argiarekin, eta askotan aipatu dugun Arrigorriaga osasuntsuago baten aldeko apustua berretsiz”.

“Alde batetik, Foroa bera birdefinitu da, eta azken saioan erabaki da hemendik aurrera ‘Osasun Foroa’ deitzea, Foro Soziosanitarioaren ordez; izan ere, izen horrek hobeto definitzen du foroaren izateko arrazoia, eta gaiarekin zerikusia duten tokiko beste eragile batzuk ere gonbidatzea erabaki zuten. Horrez gain, komenigarritzat jo zen logo bat eta posta elektroniko bat sortzea” azaldu du Joana Etxeberria Gizarte Ekintzako zinegotziak. “Gainera, Udaleko gizarte-zerbitzuen eta herriguneko eta Abusuko Osasun Zentroen artean lankidetza estuagoa egon behar zela ondorioztatu zen, herritarrei erantzun soziosanitario hobea emateko. Hori dela eta, elkarrekin jarduteko protokolo bat prestatu eta abiarazi da”. Politika feministako zinegotziak azaldu du ere 65 urte baino gehiagoko pertsonekin jarduera-ildoa ezartzea berezibizkoa dela azaldu du: “Pandemiak gogor astindu du kolektibo hau eta horregatik kultura eta kirol-programa berezia prestatu dugu udaberriarei begira talde honi zuzendutakoa”. Jarduera hauek Abusun eta erdigunean eskainiko dira debalde, astean bitan eta informazio guztia etxeetara helaraziko zaie pertsona hauei.

Mikel Baza, Maite Ibarra, Joana Etxebarria eta Unai Martin // Geuria

Arrigorriagako Osasuna

Unai Martin Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldeko (OPIK) kidea dugu eta herriko osasun diagnostikoa egin duen kidea da. Ikerlaria Arrigorriagako gaur egungo egoeraz aritu da: “Diagnosiak ardatz nagusi bi izan zituen: datu kuantitatiboena, arrigorriagarren osasuna nolakoa den definitzen duena, eta hurbilpen partehartzailea, osasun lehentasunak zeintzuk diren detektatzea helburu duena”. Martinek adierazi zuen Arrigorriagako bizitza-itxaropena 86 urtekoa dela emakumezkoentzat eta 80 gizonenzkoentzat: “Datu horrek asko esaten du: gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun hori azpimarratzea garrantzitsua da. Ez da biologia kontua, genero harremanena baino: sistema patriarkalarena. Sistema honek hilkortasun tasa handiagoa sortzen du gizonengan eta osasun txarragoa eragiten die emakumeei“. Arrigorriagako bizitza-itxaropen tasa altua bada ere, Martinek azaldu herriko zonalde batzuetako hilkortasun tasa Euskal Herriko batazbestekoaren %10 baino txikiagoa bada ere, badirela beste alde batzuk Euskal Herriko %10 baino altuagoa dela: “Ezberdintasun sozial garrantzitsuak daude herrian hilkortasun tasari dagokionez”, azaldu du ikerlariak eta hori herritarren ezaugarri sozioekonomikoei eta orokorrean, bizitza baldintzari egotzi dio: “Bizitza-baldintzak berebiziko garrantzia dauka pertsonen osasunean: betidanik pentsatu izan dugu osasun sistema dela osasuntsu edo gaixorik egotea erabakitzen zuena. Osasun sistema garrantzitsua bada ere, esparru lokala berebizikoa da pertsonak osasuntsu mantentzeko”. Ikerlariak iragarri du garai hau osasun lokalarena izango dela eta beharrezkoak direla osasun sistema eta esparru lokala uztartzen dituzten ekimenak osasuna mantendu eta hobetu ahal izateko.

Ardatz parte-hartzaileari dagokionez, Martinek azaldu du sektore sozial ezberdinekin dinamikak landu direla eta isolamendu eta bakardadearekin lotutako arazoa atzemanez: “Pandemiak arazo hau areagotu du eta baita zaintza-sareetako egoera ahula ere, besteak beste”.

“Pandemia edo Sindemia honek agerian utzi ditu aurretik geneuzkan behar eta gabeziak eta osasun zentrotik haratago doaz” izan dira Mikel Baza Arrigorriagako Lehen Mailako Unitateburuaren hitzak, eta osasun sistema eta esparru lokaleko ekintza horiek sustatzearen beharra azpimarratu du.

“Arrigorriagako Udaletik eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Mikel Bazari baita osasun zentroan lan egiten duten profesional guztiei”, azaldu du Ibarra alkateak. Bere hitzetan, zentroko langileek azken hilabeteetan egindako lanak argi utzi duela zerbitzu publiko indartsuak izatea eta horien alde egitea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak