Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Triatloi Txikia egingo dute irailean, 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzako

Urbiko Triatloi taldeak antolatuta, lasterketa irailaren 10ean (larunbata) egingo dute. 2008-2015 urte bitarteetan jaiotako umeek hartu ahalko dute parte, bi kategoria ezberdinetan: banaka (X. Triatloi Txikian) edo taldeka (IV. Triatloi Familiarrean).

|

Arrigorriagako Triatloi Txiki, 2017 // Geuria

Urbiko Triatloi Taldeak antolatuta, Arrigorriagan 2008-2015 urte bitarteetan jaiotako umeentzako triatloia egingo dute irailaren 10ean, larunbatean. Haurrak bi kategoriatan lehiatu ahalko dira, banaka (X. Triatloi Txikian) edo taldeka (IV. Triatloi Familiarrean), adinaren arabera banatutako luzera desberdineko ibilbideetan. “Triatloia maite dut” lelopean, umeak kirola egitera bultzatzeko ekimenaren parte izango da lasterketa, eta edozein haurrek parte har dezan prestatuta egongo da.

Lasterketa Arrigorriagako Udal Kiroldegian hasiko da. Igeriketa proba kanpoko igerilekuan egingo da, eta gero, umeek bizikletaz ibili beharko dute ibaiko paseotik Lonbo aretora arte. Eraikinaren inguruko ibilbidea txirrindulaz egin ondoren, ibaiko paseoa eta udal kiroldegiko pista korrika egin beharko dituzte, lasterketa bertan bukatzeko.

Triatloi Txikia 16:00etan hasiko da, 2008-2009 bitartean jaiotako neska-mutilekin (umeen kategoria). Lasterketako nagusienak izanik, Ibilbiderik luzeena egingo dute hauek: 80 metro igerian, 3.000 metro bizikletan eta 1.000 metro korrika. 16:15ean, kimuen kategoriakoek (2010-2011) jarraituko dute ibilbidea: 60 metro igerian, 1.500 metro txirrindulaz eta 750 metro korrika. Benjaminek (2012-2013), berriz, 40 metro egingo dituzte igerian, 1.000 metro bizikletaz eta 500 metro korrikan, 16:45etik hasita. Azken kategoriak 17.45ean itxiko du jardunaldia. 2014-2015 urteen artean jaiotako benjaminaurrekoek 20 metro egingo dituzte igerian, 500 metro bizikletan eta 250 metro korrikan.

Banakako probak bukatu ostean, 18:00etan, Triatloi Familiarra hasiko da, Triatloi Txikiaren ibilbide berarekin. 2012 eta 2015 urteen artean jaiotako haurrek 40 metro egin behako dituzte igerian, eta 2008 eta 2011 bitartean jaiotakoek, 80. Korrikan, berriz, gazteenek 500 metro egingo dituzte, eta nagusienek, 1.000. Bizikletaz egin behar den distantziaren arabera, bi ibilbide desberdin egongo dira: batetik, A Triatloi Familiarra, 750 metrokoa, 2012-2015 bitartean jaiotako umeentzako; bestetik, B ibilbidea, 1.500 metrokoa, 2008-2011 urteen artean jaiotakoentzako. Ibilbide familiarrean edonork parte hartu ahal badu ere, bizikletaz egin behar den atala horretako umea derrigorrez izan beharko da lehenago Triatloi Txikia egin duen haurretako bat.

Izen-ematea

Lasterketa egin ahal izateko, umeek norbere kaskoa eraman beharko dute, eta bizikletaz zein korrikan egindako zatietan, kamiseta, triatloiko monoa eta bainujantzia (ez bikinia) jantzita eraman beharko dute derrigorrez. Bi lasterketetan izena emateko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik, Urbiko Triatloi Taldearen webgunean; dortsalak lasterketaren egunean bertan banatuko dituzte, 15:00etatik aurrera.

☉ Arrigorriaga

Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan

Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan

|

Transilvaniako paisaiak // Cara Jr, Unsplash

Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.

Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.

Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bere zale baten kontrako erasoa gaitzetsi du Arrigorriagako Padura futbol taldeak

Erasoa partida bukaeran jazo zen, eta Arrigorriagako taldearen arabera “Deustuko hainbat zale ultrek” gauzatu zuten. Zauri eta kolpeen ondorioz zalea ospitalean artatu behar izan zuten

|

CD Paduraren futbol zelaia // Geuria

Modurik txarrenean bukatu zen 3RFEF mailako CD Paduraren eta SD Deustoren arteko norgehiagoka. Arrigorriagako taldeak partida bukatu bezain pronto jakitera eman zuen bere zaleetako bat erasotua izan zela, eta erasoa Deustuko taldearen hainbat “jarraitzaile ultren” eskutik heldu zela.

Hori gutxi ez, eta zera nabarmendu nahi izan zuten Arrigorriagako taldetik: “Zoritxarrez, gertakari horiek ez dira Deustoko zale ultrekin gertatzen diren lehen aldia, eta, Deustoko benetako zaleen arabera, “beti berdinak dira”.

Oharrean bertan jakitera emandakoaren arabera, jarraitzailea ospitalean artatu behar izan zuten, eta erasoa ez zen larriagoa izan bi taldeen jarraitzaile eta Ertzaintzaren esku hartzeari esker.

Bukatzeko, Arrigorriagako taldetik kiroltasunaren eta joko garbiaren aldeko mezua luzatu dute. Deustuarren kasuan, oraindik ez dute adierazpanik egin, bere zaleetako batzuk sare sozialen bidez adierazitakoa salbu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Arima galduez bete zen Arrigorriaga urteko gaurik beltzenean

Haurrentzako esperimentazio tailerra prestatu zuen Arritxikerrak taldeak Gau Beltzean, eta bertan egon ginen, argazki beldurgarriak egiten

|

Haurrak esperimentazio tailerrean // Geuria

Arritxikerrak taldeak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’  prestatu zuen udaletxe aurreko Argala enparantzan. Itzalitako kalabazak piztu, zentzumenak landu eta mozorroekin gozatzeko aukera izan zuten txiki eta ez hain txikiek. Bertan egon ginen, eta argazki beldurgarri hauek egin izan ahal genituen.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arritxikerrak dinamikak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ antolatu du Arrigorriagako Arimen gauan

‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ udaletxe aurreko plazan antolatu dute Arritxikerrak-ekoek gaur bertan, 18:00etan

|

Familiak, Arritxikerrak ekimenaren tailer batean // Geuria

Arrigorriagako haur askorentzat lehen Gau Beltza izango da gaurkoa eta Arritxikerra dinamikak esperientzia berri hau ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ren bidez helarazi nahi die 0 eta 6 urte bitarteko txikiei.

Arrigorriagan mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera eta herritar guztiak deituta daude armairura jo eta mozorro originalena janztera, herria animatzeko.

Izan ere, lehen hitzordua 16:30ean izango da eskolan: txiki eta nagusiak bertan mozorrotzera deitu dituzte. 17:00ak aldera ‘ziri edo zari’ (“truco o trato“, erdaraz) eske errondak egingo dituzte herriko kaleetan barrena kaleetan edo udal ordezkariek jardueraren inguruko karteletan erantsi dituzten QR kodeei jarraituz.

Esperimentazioa, udaletxe aurrean

Arritxikerrak-en ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ 18:00etan prestatu dute udaletxe aurreko Argala enparantzan. “Itzalitako kalabazak pizztera goaz”, azaldu dute dinamika taldetik. “Gau Beltza iristear dago eta gure lehenengo ekintza prestatu dugu bertan”.

Jarduera honetan, haur bakoitza nagusi batekin lagunduta hurbildu beharko dira, tailerrean parte hartu nahi izanez gero. Arritxikerrak taldeak, Arrigorriagako Udalaren laguntza tarteko, aisialdian euskaraz aritzeko doako jarduerak antolatzen dizkie 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei.

Euskararen arnasgune eta erreferente izan nahi du herrian. Horregatik, ekimenak aukera ematen die familia parte-hartzaileei aisialdiko hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Ekimenaren inguruko informazio osoa GEURIAn argitaratu genuen duela hilabete batzuk hementxe.

Gau Beltzako programazioarekin jarraituz, udaletxeko plazan tailerrak, dantzak eta suzko zezena prestatu dituzte 17:30etik aurrera. 18:00etan izuaren pasabidean parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei Gaztegunean.

Egitaraua | Gau Beltza Arrigorriagan 2024

Urriak 31, osteguna
16:30 Nagusi zein txiki, mozorroak jantzi, eskola
17:00 Eske erronda, herrian zehar
17:30 Tailerrak: Gau Beltza Esperimentazio tailerra, Arritxikerrak taldearen eskutik + makillaje gorea + ile-apainketa zoroa, Argala plaza
18:00 Izuaren pasabidea, Gaztegunea
20:00 Dantzak, Aritz Berriren eskutik, Argala plaza
20:30 Suzko zezena, Argala plaza

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gau Beltzak “ziri edo sariz” beteko ditu Arrigorriagako kaleak gaualdean

Mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera Arrigorriagan eta ez hori bakarrik: tailerrak, beldurrezko pasabidea eta dantzaldia prestatu dituzte arrasti beldurgarri honetan

|

Mozorratutako ume bat // Euskaltzaleen Topagunea

Ordu batzuk baino ez dira falta Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko. Arrigorriagako Udaletik, eskualdeko beste udalerri batzuek lez, hainbat jarduera prestatu dituzte txiki, gazte eta helduentzat.

Arrigorriagan mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera eta herritar guztiak deituta daude armairura jo eta mozorro originalena janztera, herria animatzeko.

Izan ere, lehen hitzordua 16:30ean izango da eskolan: txiki eta nagusiak bertan mozorrotzera deitu dituzte. 17:00ak aldera ‘ziri edo sari’ eske errondak egingo dituzte herriko kaleetan barrena kaleetan edo udal ordezkariek jardueraren inguruko karteletan erantsi dituzten QR kodeei jarraituz.

Bestalde, udaletxeko plazan tailerrak, dantzak eta suzko zezena prestatu dituzte 17:30etik aurrera. 18:00etan izuaren pasabidean parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei Gaztegunean.

Egitaraua | Gau Beltza Arrigorriagan 2024

Urriak 31, osteguna
16:30 Nagusi zein txiki, mozorroak jantzi, eskola
17:00 Eske erronda, herrian zehar
17:30 Tailerrak: Gau Beltza Esperimentazio tailerra, Arritxikerrak taldearen eskutik + makillaje gorea + ile-apainketa zoroa, Argala plaza
18:00 Izuaren pasabidea, Gaztegunea
20:00 Dantzak, Aritz Berriren eskutik, Argala plaza
20:30 Suzko zezena, Argala plaza

Osorik irakurri