Sareak

☉ Arrigorriaga

Xabier Derteano (Beranduegi erromeria): “Gurea euskara eta euskal kultura parranda giroan eta adin ezberdinen artean sustatzea da”

Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Beranduegi Erromeria agertokietara itzuli da Hego Uribeko herritarrak dantzan jartzeko. Neurri berrietara egokitu dira eta herritarrek euskal musikaz zuzenean gozatzen jarraitu ahal izango dute

|

Xabier Derteano eta Koldo Plazas // Geuria

[2021eko azaroaren 4an GEURIAren paperezko edizioan argitaratua] Beranduegi Erromeria herriko jaietan parranda giroa sortzeko helburuarekin sortu zen. 2018an hasi zen taldea eratzen eta gaur egun Ainize Perez (Ugao, 1997) eta Mikel Markina (Arrigorriaga, 1998) abeslariek, Markel Garmendia (Arrigorriaga, 1998) eta Kepa Hurtado (Arrigorriaga, 2003) kitarrajoleek, Mikel del Castillo (Barakaldo, 2000) baxujoleak, Koldo Plazas (Barakaldo, 1992) trikitilariak eta Xabier Derteano (Arrigorriaga, 1998) bateriajoleak osatzen dute. Denak hurbildu dira musikara bide ezberdinetatik, eta azkenean, harekiko grinak batu egin ditu. Xabirekin eta Koldorekin batu gara. Beranduegi erromeria honela laburbildu dute: Euskara eta euskal kultura plazaz plaza eramatea da helburua, inoiz gal ez dadin eta belaunaldi berrietara iristen jarrai dezan.

Eta zergatik jarri diozue Beranduegi izen taldeari?
Xabier Derteano: Entseguetan piztu zen ideia hori taldekideak beti berandu heltzen zirelako. Uste dut talde gehienetan gertatzen dela, kar kar kar!

Koldo Plazas: Horretaz gain, erromeria talde bat garenez, askotan oso berandu jotzen dugu. Gauerdia pasata hasten gara normalean. Beti Berandu izan behar zuen taldearen izena, baina hartuta zegoenez, Beranduegi deitzea erabaki genuen.

Nola elkartu zineten Beranduegi Erromeria sortzeko?
X.D.: Mikel eta Ainize izan ziren taldearen sortzaileak. Oso lagun onak dira eta behin, Arrigorriagako Aldapa tabernan zeudela, erromeria bat osatzearen ideia izan zuten. Hortik aurrera, musikariak lortzen hasi ziren, ezagutzen zuten jendearen artean zerrenda bat eginez. Talde ezberdinetan ibili izan gara guztiok eta azkenean erromeriak elkartu egin gaitu.

K.P.: 2018ko udan elkartu ginen herriko jaietan kontzertuak emateko asmoz. Errepertorioa osatzen hasi ginen eta lehen kontzertua Ugaoko Herriko Tabernan eskaini genuen. Ni ustekabean sartu nintzen, ez bainituen taldekideak ezagutzen. Taldeko trikitrilari ohiak huts egin zuen eta bere ordezkoa behar zuten. Niri Barakaldoko trikitrilarien elkarte baten bidez iritsi zitzaidan mezua, Hego Uriben erromeria talde baterako musikari baten bila zeudela. Nik baneukan buruan erromeria baten jotzea, beraz, haiekin harremanetan jarri nintzen.

Euskal folklorea bizirik dirauela erakusten duzue kontzertu bakoitzean.
K.P.: Euskal musikak euskaldunok identifikatzen gaituela uste dut. Beti irudikatzen ditugu trikitixa, txistua, panderoa… Euskal dantzekin batera, baina folklorea ere aldatuz doa. Gauza berriak sortu behar dira sustraiak galdu gabe. Gainera, munduko beste leku batzuetan ez da ohikoa jendea erdi mozkor egotea gaueko ordu bietan fandango bat dantzatzen. Kanpotik datozenek flipatzen dute denek dantzan dakitelako. Erromeriek lan hori dute: euskara eta euskal kultura parranda giroan eta adin ezberdinen artean sustatzea. Lan handia dago euskararekin eta guk gure ekarpen txikia egiten dugu. Euskara hezkuntza girotik kanpo edo parranda giroan erabil daitekeen hizkuntza dela erakusten ari gara, eta modu naturalean sortzen den zerbait da.

Taupaka elkartetik kultura askea aldarrikatzen duzue. Uste duzue elkarteak beharrezkoak direla sortzaileen lanean?
K.P.: Taupakaren helburu nagusietako bat sortzaileen arteko lankidetza bultzatzea da. Batez ere, hain ezagunak ez diren edo hasten ari diren taldeei ikusgarritasuna ematen laguntzen dute. Elkarri eskua luzatzen diogu eta denon proiektuak edo lan berriak partekatzen ditugu. Hainbat kontzertu ere lortzen ditugu Taupakaren bidez. Elkarteak behar-beharrezkoak direla uste dugu sortzaileen artean sare bat sortzeko. Gero eta talde gehiago sortzen dira musikaren inguruan musika hezkuntza handitzen ari delako, eta gaur egun baliabide pilo bat ditugulako eskura. Inoiz baino errazagoa da talde batek musika kaleratzea, adibidez, sare sozialetan presentzia izanda. Hala ere, eskaintza izugarrizkoa da eta estimulu gehiegi jasotzen ditugu. Oraintxe bertan, gainera, trantsizio-prozesu batean gaudela esango nuke: jai edo kontzertu askorik ez daudenez, agian aldaketa baten aurrean egon gaitezke.

Abesti propioak egitera animatu zarete?
X.D.: Ez, oraindik ez. Beranduegi erromeria izateko asmoarekin sortu zen eta horrela izaten jarraituko du. Bestalde, taldeak elkar gehiago ezagutzeko aukera eman digu, eta proiektu berriak sortu ahal izango ditugu gure artean edo bakoitzak bere kabuz, baina beti Beranduegitik aparte. Momentuz hori da ideia.

Adibidez, zein abesti dituzue zuen zuzenekoen zerrendan?
X.D.: Huntza edo Esne Beltzaren abestiek, adibidez, nahiko feedback ona ematen dute, dantzagarriak direlako eta ikusleek badakizkitelako. Erromerietako abesti tipikoak eta guri gustatzen zaizkigunak jotzen ditugu. “Txanpon baten truke” eta erromeria guztiek oro har abesten dituztenez gain, Ska-P, Eskean Kristo, La Polla Records edo Eskorbuto taldeen abestiak gehitzen ditugu. Errepertorioari begira, erromeria punki xamarra garela esaten digute. Beti zentzu onean, jendeari gustatzen zaiolako. Abestien moldaketak ere egiten ditugu eta batzuk nahiko modu kañeroan jotzen ditugu.

Hego Uribetik ibili zarete jairik jai.
X.D.: Inguruko herrietan jendeak ezagutzen gaitu eta harreman ona dugu ekitaldien antolatzaileekin. Oso oroitzapen ona dugu, adibidez, Galdakaoko Gazte Egunean eman genuen kontzertuaz. Karpa beteta zegoen, soinu-ekipoa primerakoa izan zen eta eszenatokian lekua soberan genuen denontzat. Jendea oso animatuta egon zen eta gurekin abestera ere igo ziren. A ze giroa!

K.P.: Tira, askotan igotzen da jendea agertokira, batzuetan ondo eta besteetan ez hain ondo, kar kar kar! Barakaldon ere mutil bat mozkortuta igo zen eta plakaje bat egin zion abeslariari. Hego Uriben eskaini ditugun kontzertuetatik herritarren berotasuna sentitzen dugula nabarmenduko nuke. Ni ez naiz eskualdekoa, baina konturatzen naiz beti pertsona berberak etortzen direla gure kontzertu guztietara. Horrek lasaitasun handia ematen du, nahiz eta ez ezagutu, eta gainera primeran pasatzen dugu.

Eskualdetik haratago, bi urtez izan zarete Bilboko jaietako txosnagunean.
X.D.: Uribarriko txosnan izan ginen 2018 eta 2019an, San Nikolas elizaren atarian. Talde gisa hasten ari ginen oraindik, eta gogotsu hartu genuen Bilboko jaietan jotzearen erronka. Azken finean, ez da berdina herrian bertan kontzertu bat ematea edo hiriburuko Aste Nagusian egotea. Inguruko txosnetako musika zaratatsuarekin eta hainbeste jenderekin soinuak nahasten ziren, baina jende asko geratu zen gu ikustera. Hori zaila da, jendea etengabe joan-etorrian dabilelako. Hortaz, parranda ederra egin behar izan genuen han zeudenak gera zitezen.

Nola aldatu da parranda giroa pandemiaren ondorioz?
K.P.: Berrogeialdiaren ondoren eskaini dugun lehenengo kontzertua Arrigorriagako jaietan izan da. Faltan botatzen genuen, baina jendeak eserita egon behar duenez, ez da gauza bera izan. Ezin dugu baldintza berdinekin jo, publikoa eta denbora mugatuagoak direlako. Hala ere, giroa sortu zen eta herritarrak animatzea lortu genuen. Aurten ez genuen kontzerturik espero. Abuztuan gehiago jotzeko aukera eskaini ziguten arren, ezin izan genuen, ordurako bakoitzak bere uda antolatuta zuelako. Gainera, erromeriak ez daude horrelako formatuetarako pentsatuta, musikaren gainetik helburu nagusia parranda sortzea delako. Baina egin daitekeela ikusi dugu eta ahal den neurrian egiten jarraituko dugu, herritarrek euskal musikaz zuzenean gozatzen jarrai dezaten. Pandemia dela eta, parranda giroa goitik behera aldatu egin da, eta horrek jai eredu berriak sortzeko beharra eragin du egoera honi aurre egiteko.

Reggaetoi eta trap musikaren gorakadarekin, herriko jai tradizionalen usaina galtzen ari dela uste duzue?
K.P.: Belaunaldiak aldatzen diren bezala, jai eredua ere aldatzen da. Azken urteotan estilo ezberdinetako taldeak sortzen ari dira. Chill Mafia taldearen izena denen ahotan dago eta, askok kritikatzen duten arren, euskal musika ere bada. Nire ustez, nahiz eta mota honetako taldeak ez gustatu, beharrezkoak dira, etengabe aldatu behar delako aurrera egin ahal izateko. Euskal musikaren jarraipena egon dadin, belaunaldi guztien gustuetarako sortu behar da, bestela jende kopuru bat galduko dugu. Nik lehen Bilboko eskola batean lan egiten nuen, eta Korrikaren abestiak eskolatik kanpo euskararekin inolako harremanik ez zuten haurrak erakartzen zituen. Hainbat estilotako musika sortzeak, beraz, publiko desberdinengana iristeko eta hizkuntza bultzatzeko bidea irekitzen du. Euskaraz bada eta mezu garrantzitsu bat helarazten badute, ekarpen bat egingo diote hemengo kulturari, eta hori beti da ona.

X.D.: Ni gazteagoa nintzenean entzuten genuen musikaren %90a euskarazko taldeak ziren. Orain, berriz, ez dut uste horrela denik. Hala ere, beste estilo batzuetako musikaren eskari handia dago, eta eskaintza zabala sortu beharko da hori asetzen saiatzeko. Musika urbanoa eta erromeriak bateragarriak izan daitezke, denetarik egon behar baita. Guk, egoera honen aurrean, ez dugu aldatzeko asmorik. Argi dago gaur egun ere erromerietako musikaz gozatzen jarraitzen dela eta, beste estilo batzuk goraka doazen arren, esentzia ez dela galtzen. Musikaren inguruan sortzen den giroak garrantzi handia du. Gainera, abesti batzuk nahitaez jo behar dira, “Sarri Sarri” kasu. 15 urteko gazte batek, beharbada, ez du bere kabuz entzungo, baina erromeria baten bidez ezagutu egin behar du. Gure kulturaren parte da, eta hori da guk egin behar dugun ekarpena: jotzen jarraitzea, inoiz gal ez dadin.

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran emango dituzte “Batera jauzi jendarte laborategia” dinamikaren emaitzak Arrigorriagan

75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan, eta helburua ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea da

|

Batera Jauzi dinamikaren kontraste taldeetako bat // Utzitakoa

Euskaltzaleen Topaguneak iaz abiarazi zuen lehen aldiz Batera jauzi jendarte laborategia dinamika, tokian tokiko euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzia emateko oinarriak ezartzeko asmoarekin.

Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak  Topagunearen III. Kongresuan aurkeztu zituzten, eta bertan azaldutakoaren arabera asmoa ekimena Euskal Herri osora zabaltzea zen.

Zentzu horretan, Arrigorriaga izan da Batera jauzi jendarte laborategiak  prozesua abiarazi duen lehen udalerria: “Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azarora bitartean luzatuko da”, orduko hartan udal ordezkariek azaldu zutenaren arabera.

Ordutik hona, 75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan. Dinamikaren helburua argi dute antolatzaileek:  “herrian ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea”.

“Guztira 5 kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko” diote.  Talde horietan udalerriaren aniztasuna islatu dute, eta herriko elkarte, eragile zein profil anitzeko herritarrek parte hartu dute. Ekarpenak “izugarri emankorrak” izan direla zehaztu dute.

Jasotako ekarpen horiek 13 herritarrek osatzen duten talde finko batek aztertu ditu. Behin uda pasata, bere azken fasean sartuko da Batera jauzi prozesua. Irailaren 11n eta 25ean egingo ditu elkarrizketa-talde eragileak azken lan saioak, dinamikak eman duena bildu, proposamenak zehaztu eta Arrigorriagan euskara biziberritzeko epe luzeko gidalerroak finkatzeko. Azaroaren amaieran emango dira ezagutzera hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario horren emaitzak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan adineko bati lapurreta egiteagatik atxilotu dute gizon bat Bilbon

Biktimak hainbat lesio izan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzaintza Arrigorriagako eta Bilboko Udaltzaingoarekin aritu da elkarlanean

|

Atxiloketa bat // Basauri

Ertzaintzak jakitera eman du 29 urteko gizon bat atxilotu duela,”edadeko gizon bati indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta”. Gertakariak joan den astelehenekoak dira: arratsaldeko 13:30ak aldera Arrigorriagako Udaltzaingoak Ertzaintzari jakitera eman zion “gizon edadetu bati lapurreta egin berri ziotela kalean oinez zihoanean”.

“Lepotik heldu eta lurrera bota zuen zangotraba eginda” gaineratu dute polizia iturriek, “eta, arrastaka eraman ondoren, urrezko domina zuen katea lapurtu zion bortxaz.  Ondoren, lapurrak ihes egin zuen”. 

Erasotua izan zen gizonak lepoan kolpeak eta belaun zein ukondoetan urradurak izan zituen, eta anbulantzian eraman zuten Basurtoko ospitalera.

Horren ondorioz, Ibaizabalgo Ertzain-etxetik ikerketa abiatu zuten, eta Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlean asteazkenean atxilotu zuten Bilbon.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Heidelberg Añorgako langileek Arrigorriagako lantokira eraman dute euren protesta

Arrigorriagako lantokiaren aurrean egin dute protesta, zuzendaritzari eskatzeko Enplegu Erregulazio Espedientea kendu dezan

|

Ekainaren erdialdean Heidelberg Materialsek Añorgako enpresa-batzordeari jakinarazi zion 56 langileri (plantilla erdia) eragingo zion Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurrera eraman behar zuela.

Enpresaren zuzendaritzak jakinarazi zuen lez, “deskarbonizazio” prozesu baitan kokatzen zuten neurria, eta horren ondorioz clinker-a produzitzeari utziko zioten.

Horrekin batera, zehaztu zuten langileak ez zirela kaleratuak izango, eta horietako hamabosti Arrigorriagako lantokian lan egitea proposatu zaie (beste hamabosti aurretiko erretiroa edo Europan barrena dituzten lantokietan aritzea, kasurako).

Greba mugagabean ekainaren 28tik

Erabaki horri erantzunez, Añorgako lantokiko langileek greba mugagabea hasi zuten joan den ekainaren 28an. ELA sindikatuaren arabera deskarbonizazio prozesua, beharrezkoa izanda ere, ezin da “langileen bizkar utzi”, eta lanpostu guztiak “bermatu” behar dira.

Dinamika horren baitan,  gaur erdian euren protesta Arrigorriagako lantokira ekarri dute. GEURIAk Esther Arruti Roteta ELAko Industria eta Eraikuntzako arduradunarekin hitz egin du, eta Arrutiren arabera “ez da bidezkoa ezta bideragarria familia bati egun batetik bestera esattea Arrigorriagara lanera etorri behar dela. Bi ordu dira egunero. Eta hori beste herrialde batzuetara joateko eskaintza jaso duten langileez ez hitz egitearren”.

Gaurkoa ez da Arrigorriagako lantokiaren atarian egingo duten azken elkarretaratzea, eta aurrera begira ere hainbat ekimen burutuko dituztela zehaztu du ELAko ordezkariak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Montefuerte futbol-zelaiko taberna kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu dute

Uztailaren 23arte egin ahal dituzte eskaintzak interesdunek, betiere modu elektrikoan, Kontratazioa Euskadi Plataforman

|

Montefuerte futbol zelaia // Geuria

Montefuerte futbol-zelaiko tabernak pandemiarekin batera itxi zituen bere ateak, eta ordutik hona, instalazioa eramaten duten taldeek antolatu dituzten ekintza jakin batzuetan salbu, ez da berriro zabaldu.

Orain, Arrigorriagako Udalak taberna ustiatzeko esleipena martxan jarri du, eta interesdunek uztailaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak, betiere modu elektronikoan, “Kontratazio Publikoa Euskadin” plataformaren bidez. Udaletik jakitera eman duten lez, “abuztuan zehar esleituko da kontratua, eta irailaren 1ean sartuko da indarrean”.

“Zerbitzuari dagokionez” zehaztu dute, “futboleko denboraldiak irauten duen bitartean eskainiko da, eta Udalak bere gain hartuko ditu uraren, elektrizitatearen, gasaren eta saneamenduaren hornidura. Interesdunek instalazioa ikusteko aukera izango dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan

|

Done Peri baseliza // Geuria

Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean. 

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.

Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.

“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.

Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.

Osorik irakurri