→Arrigorriaga

[Bideoa] Arrigorriagak 13 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Martxoaren 15ean Asier Albizua Arrigorriagako alkateak, Maite Barahona alkateordeak eta Sonia Rodriguez udalerriko EAJko bozeramaileak 2016ko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu dute.

Aurreko ekitaldikoen oso kopuru antzekoak ditu eta berriro ere, pertsonekiko konpromisoari eman dio lehentasuna“, dio Asier Albizua alkateak. Era berean, herritarren partaidetza eta adostasuna lortu nahi ditu Udalak eta horretarako hainbat bide ireki ditu proposamenak jasotzeko: aurrekontuak@arrigorriaga.org helbide elektronikoa, asieralbizua@arrigorriaga.eus alkatearen helbide elektronikoa eta udaletxeko edo Abusu Zentro Soziokulturaleko Herritarren Arretarako Zerbitzua, bai eta Ogasuneko zinegotziarekin edo alkatearekin berarekin hitzordu bat adostuz ere. Iradokizunak aurkezteko epea zabalik egongo da martxoaren 31ra arte.

ZIRRIBORROA HERRITARREN ESKU

Gaurtik aurrera Arrigorriagako bizilagunek 2016ko udal aurrekontuen zirriborroa ezagutzeko aukera izango dute esteka honetan.

SARRERAK ETA GASTUAK OREKATZEN

2016an 13.072.379 euroko aurrekontua izango du Arrigorriagak. “Aurreko ekitaldiko zifra baino %0,0005 txikiagoa da, hau da, 7.000 euro inguru gutxiago izango ditugu“, dio Albizuak: “Aurrekontu horren bidez zerbitzu guztiak mantenduko ditugu eta zergak izozten jarraituko dugu. Horrez gain, zorra 250.000 eurotan murriztea lortu dugu beste behin. Hala, 2010etik hona hiru milioi euro amortizatzea lortu dugu. Oro har, aurrekontuaren emaitza 862.435,96 eurokoa da, diruzaintzako gerakina 771.342,68 eurokoa, esleitutakoa eta hitzartutakoa 517.477,45 eurokoa eta zorraren amortizazioa 253.865,23 eurokoa“.

Aurreko urteetan bezala, aurrekontua bederatzi arlotan banatu dute eta sarrera nagusiak transferentzia arruntetatik (7.856.229 euro) eta zuzeneko zergetatik (3.107.050 euro) datoz. Gastuei dagokienez, ondasunek eta zerbitzuek daramate zatirik handiena (6.494.070 euro), baita langileria-gastuek (4.042.563 euro) eta transferentzia arruntek (1.400.824 euro) ere.

Kontu berri horietan udalerriko herritarrekiko konpromisoa nabarmendu dute eta gizarte-laguntzak bermatzen jarraituko dute. Aurten ere enplegura bideratutako gizarte-sustapena eta -ekintza lehentasunetako batzuk izango dira, eta gizarte-laguntza eskaintzeko orduak areagotu egingo dira. Zentzu horretan, gizarte-sarea sustatzen jarraituko dute. Halaber, udal ordezkarieak azpimarratu dute aurrekontuaren %10a udalerriko pertsonentzako, elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak mantentzeko erabiliko dituztela.

Aldaketa modura, 2016ko jaiek bederatzi eguneko iraupena izan ordez bost egun baino ez dutenez iraungo, jaietako partidan 90.000 euroko murrizketa egin da. “Hala eta guztiz ere, egun bakoitzeko 18.000 euroko ratioa lortu dugu, iazko egun bakoitzeko 11.000 euroko ratioaren aldean“, ziurtatu du Albizuak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak