Parte hartzeko interesa daukaten saltokiek azaroaren 30era arte eman dezakete izena. Erakusketa-aldia abenduaren 1etik 31ra bitartekoa izango da.
Azken edizioetan egin izan duen bezala, Arrigorriagako Udalak erakunde laguntzaile modura parte hartuko du Bizkaiko Erakusleihoen XXXI. Lehiaketan. Gainera, sari berezia emango dio udalerriko erakusleihorik onenari 2015eko urtarrilaren 8an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den sari-banaketa ekitaldi nagusian.
Parte hartzeko interesa daukaten saltegiek azaroaren 30era arte eman ahal izango dute izena Bilboko Merkataritza Ganberan. Eskatzen zaizkien datuak eman beharko dituzte, eta 34 euroko inskripzio-kuota ordaindu beharko dute.
Erakusketa-aldia 2014ko abenduaren 1etik 31ra bitartekoa izango da eta, “erakusketa-egunetan, erakusleihoek argiztatuta egon beharko dute merkataritza-ordutegian eta 22:00etara arte“, diote antolakuntzatik. Horrez gain, establezimenduek lehiaketan parte hartzen ari direla akreditatu beharko dute eta leku ikusgarri batean jarri beharko dute antolakuntzak emango dien seinalea.
ZEIN IRIZPIDE HARTUKO DIRA KONTUAN?
Epaimahaiak balorazioa egiteko irizpide hauek hartuko ditu oinarritzat: kalitatea, produktuaren aurkezpena eta irudi komertziala, sormena edota argiztapena. Parte hartuko duten udalerriek emango dituzten tokiko sariaz eta hiru lurralde-sari nagusiez gain, sari sektorialak eta hainbat sari berezi egongo dira.
Iaz, 33 udalerritako 184 saltegik parte hartu zuten, eta erakusleiho-apainketako 60 sari banatu ziren. Hain zuzen ere, sari berezietako bat, sormenari emandako saria, Arrigorriagako saltegia den Lilura Ekodendari eman zioten. Óptica Nervión-ek tokiko saria lortu zuen.
