→Arrigorriaga

Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiak 12 konpainia hartuko ditu Arrigorriagan

Maiatzaren 3tik 5era ospatuko da mundu osoko artistak batzen dituen doako jaialdia. Euskal Herriko hiru konpainia, Espainiako sei eta nazioarteko hiru izango dira Arrigorriagan.

Eguraldia lagun, jendetza batu zen iaz udaletxeko plazan egindako ikuskizunetan / Miraquefoto

Maiatzaren 3tik 5era ospatuko da mundu osoko artistak batzen dituen doako jaialdia. Euskal Herriko hiru konpainia, Espainiako sei eta nazioarteko hiru izango dira Arrigorriagan.

Arrigorriagak Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren 24. edizioa ospatuko du maiatzaren 3tik 5era. Bertoko zein nazioarteko 12 konpainia bilduko ditu hiru egunez: Euskal Herriko 3 konpainiaz aparte, Katalunia, Galizia, Valentzia, Errioxa, Aragoi, Eslovenia, Brasil eta Argentinako artistak ere ekarriko ditu gurera. Ikuskizun gehienak udaletxeko plazan izango dira, arratsaldez. Euria eginez gero, kiroldegi barruko pistan burutuko dira. Egunez eguneko programa irakurtzeko, sakatu hemen.

Euskal proposamenak
The Funes Troup konpainia euskaldunak ‘Aukerak’ ikuskizuna aurkeztuko du larunbatean, 18:30etatik aurrera. Gizakiak gizartean betetzen duen tokiaren eta ezartzen zaizkion rolen inguruko hausnarketa plazaratuko du hirukote euskaldunak, udaletxeko plazan. Igandean berriz, Durangoko Ganso and Cia konpainiaren txanda izango da, 13:30etatik aurrera. Gorka Gansok sortutako konpainiak ‘Babo Royal’ ikuskizuna aurkeztuko du Arrigorriagan eta Erdi Aroko noblezia kontuak umorez jantziko dituzte ia ordu batez. Azkenik, Malas Compañias Zirku Konpainiak ‘Prozak’ ikuskizuna plazaratuko du, 18:00etatik aurrera. Malabaristek, akrobatek, eta funanbulistek zirkuaren magia karpatik plaza erdigunera ekarriko dute.

Zirku klasikoaren erakustaldia
Larunbat arratsaldean zirku klasikoaren agertoki bihurtuko ditu herriko kaleak Brasileko Vintage Brothers konpainiak, Charles Chaplin, Stan Laurel, Oliver Hardy edo Marx anaiak bezalako artistak omenduko baitituzte mimo eta detaile handiz prestatutako ordu bateko ikuskizun ibiltariarekin. Juan XIII plazan jarri dute hitzordua, 17:30etik aurrera. Ikuskizun nagusiez aparte, zirkua eta Playmobilak uztartzen dituen erakusketa izango da udaletxeko Euskaldunberria plazan maiatzaren 17ra bitarte. Eskolan berriz, Akelar Saloon umeentzako “karpa magikoa” egongo da jaialdiak iraun bitartean.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak