→Arrigorriaga

Bazterketa-arriskuan dauden emakumeak laneratzeko erronka Arrigorriagan

arrigorriaga emakumeak enplegu funtsa 2017 prestakuntza ikastaroa

Laneratzeko zailtasunak dituzten emakumeek bi prestakuntza-ikastaro jasoko dituzte. Bigarrena Aste Santuko oporren ostean hasiko dute.

Laneratzeko zailtasunak dituzten emakumeek bi prestakuntza-ikastaro jasoko dituzte. Bigarrena Aste Santuko oporren ostean hasiko dute

45 urtetik gorako langabetuak, emakumeak eta langabezian denbora luzea daramatenak. Egoera horretan dauden hogeita lau emakumek hartu dute parte enplegagarritasuna lortzeko prestakuntza-programan. Udalaren Enplegu eta Ekonomia Sustapeneko Arloaren helburua zehatza da: bazterketa-arriskuan daudenak lanera bueltatzea.

Maiatzera bitartean luzatuko da programa eta bi txandatan banatuta dago: azaroan hamabi langabetuk hasi zuten lehenengo programa eta Aste Santuko oporrak eta gero beste hamabi emakumek ekingo diote bigarrenari.

Ekimen hau garatu ahal izateko, Udalak Euskadi Prestakuntza Funtsa erakundearen laguntza jaso du. Era berean, prestakuntza-ikastaroak Lanberri programak eskainiko ditu, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak laneratzeko zailtasun bereziak dituzten bizkaitarren enplegagarritasuna sustatzeari laguntzeko ematen dituen diru-laguntzak.

Profesionaltasun Ziurtagiria

Lehen programa azaroan hasi zen eta guztira 670 orduko iraupena izango du. Planaren barne dago 480 orduko prestakuntza teknikoa pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta emateari buruzko Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko. Hala, etxeetan laguntza emateko sektoreko enpresetan 120 orduko praktikak egingo dituzte, baita 70 orduko orientabide taldeak ere.

Bigarren programan

Aste Santuko oporrak eta gero bigarren programa hasiko dute beste hamabi langabetuk. Bertan izena emateko epea zabalduko dute martxoan. Kasu honetan, industria-garbitasunari buruzko ikastaroa izango da. Orientabiderako 70 ordu, prestakuntzarako 150 ordu (IFAP Basauri enpresaren esku), eta praktiketarako 100 ordu egingo dituzte partaideek ikastaro honetan.

Argazkian azaroan prestakuntza-ikastaroa hasi zuten 12 emakumeak :: Euskadi Prestakuntza Funtsa
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak