Sareak

☉ Arrigorriaga

Erreportajea | Enriketa: Emakumeei ahotsa eman zien aitzindaria

Azaroaren 8tik aurrera, beraz, elkarren alboan daude Enriketa Hortala kalea eta Garitazelaia Kultur Etxea, bere garaian Berdintasun Kontseilutik abiatu zuten prozesu parte hartzailean herritarrek gehien proposatu eta bozkatu zituzten izenak, Teodosia Ortegarenarekin batera. Nor izan zen, baina, Enriketa Hortala, eta zein izan zen bere lotura Arrigorriagarekin, eta oro har eskualdearekin?

|

Azaro hasierako egun euritsu batean Arrigorriagak beste emakume baten izan eta izena gehitu zion bere kale izendegiari, herrigunean bertan, urte batzuk lehenago Edurne Garitazelaia izenaz bataiatu zen Kultur Etxe berriaren alboan, hain zuzen ere.

Azaroaren 8tik aurrera, beraz, elkarren alboan daude Enriketa Hortala kalea eta Edurne Garitazelaia Kultur Etxea, bere garaian Berdintasun Kontseilutik abiatu zuten prozesu parte hartzailean herritarrek gehien proposatu eta bozkatu zituzten izenak, Teodosia Ortegarenarekin batera. Nor izan zen, baina, Enriketa Hortala, eta zein izan zen bere lotura Arrigorriagarekin, eta oro har eskualdearekin? 

Galdera horiei erantzun nahian, GEURIA bere seme-alabekin batu da: Patxiren, Martaren, Keparen eta Mikelen eskutik omenaldian “sortzaile nekaezin,  musikazale amorratu, irakasle konprometitu eta  emakume aitzindari” bezala definitu zuten  arrigorriagarraren soslaia osatu dugu, Hortalak hainbeste maite zituen abesbatza bateko kideak bagina bezala, lau ahotsetara baina guztiok partitura bera erabiliz, musika, hezkuntza, eleiza eta beste hainbat oroitzapen kontakizun bakarrean txirikordatuz.

Hasteko, omenaldi egunean bertan argi geratu zen herrikideek ez dutela Hortala ahaztu, bere heriotzatik (2008) urte asko joan diren arren. Hunkituta, “emozio eta harrotasun handiz” bizi izan zuten eguna bere seme-alabek. Ekitaldira “maite zituen pertsona asko eta asko” gerturatu zirela azpimarratu dute, eta amaren xarma berezi hori ekitaldi osoan zehar barreiatu zela: “aitaren hutsunea ere sentitu genuen, noski, baina gure buru-bihotzean oso presente egon zen”.

Enriketak sortu zuen Albaraka abesbatzako kideak // Geuria

Musikak protagonismo berezia izan zuen ekitaldi osoan zehar, bai Artizarra musikaltegiko kideen eskutik eta baita Hortalak sortutako Albaraka abesbatzaren kide izandakoen ahotsetan ere, ezinezkoa baita Enriketari buruz hitz egitea musikak bere bizitzan izan zuen garrantzia aipatu gabe: “Gaztetan, ama ikasle fina zen, baina gurasoek ez zioten ikasketekin jarraitzeko baimenik eman. Berarentzat golpe oso gogorra izan zen. Antza denez, bere eskolako irakaslea etxera gerturatu zen gurasoekin hitz egitera, iritziz aldarazteko asmoz edo, baina haiek ezetz eta ezetz. Orduan, etxean piano bat zegoenez, eta musika gustuko zuenez, apurka-apurka bere kabuz ikasten hasi zen”. Ezina ekinez egina bilakatu zuen orduko hartan Hortalak, ondoren askotan egingo zuen bezala. 

Musika doinuak hartzarotik

Amado Nervo idazle mexikarrak “etxea arimaren aberria” dela idatzi zuen. Anza-Hortala familiaren kasuan, musikaren aberria ere bazen,  piano baten melodiak jarri baitzion soinu banda Patxiren, Martaren, Keparen eta Mikelen haurtzaroari: “Haurrak ginela oso ohikoa zen etxera musika ikastera etortzen ziren ikasleak bertan aurkitzea; amak musika-eskolarako prestatzen zituen. Eskola ematen zien, eta guk askotan parte hartzen genuen, partiturak ikasleekin batera abestuz, adibidez”. 

Pianoaz harago ere, musikak erabateko presentzia zuen euren etxean, eta 70.hamarkadan oso ohikoak ez ziren doinuez gozatzen zuten lau anai-arrebek: “Estilo ezberdinetako musika entzuten genuen: euskal musika, klasikoa, folka, new-agea, korala,a cappella..”. Aberastasun hori ez zen soilik musikara mugatzen, ordea: “Izaera polifazetikoa zeukan. Sormenarako zuen gaitasun hori beste esparru askotan ere ikusten genuen: marrazkiak, margoak, jantziak… edozein artelan sortzeko abilezia zeukan; bere jantzi propioak diseinatu eta lantzen zituen, kasurako”. 

Musika Hortalaren bizitzaren zati handi bat bazen ere, gaztaroko urte horietan ez zen bere lanbide bakarra izan, gizarte langile moduan hasi baitzuen bere ibilbidea, orduko Cementos Rezola enpresan.

Langileen bidelagun

1963ko udaberrian, Cementos Rezolak bere lantegia ireki zuen Arrigorriagan.  Bizkaiko industrializazioak erakarrita,  Euskal Herriko mugetatik zein Galiziako edo Espainiako hainbat tokitatik dozenaka familia heldu ziren bertara lan egitera: “Gure amak bertan egiten zuen lan, gizarte-langile moduan. Bere egitekoa kanpotik zetozen familiei laguntza ematea zen, askotarikoak baitziren heldu berritan zituzten beharrak: etxebizitza, eskolaratzea, azterketa medikoak, diru laguntzak eta bestelakoak kudeatzen zituen”. 

Lan hori dela eta, “herriko hainbat familien artean ezaguna bilakatu zen, laguntza eskatzen ziotenak askotxo baitziren”. Denboraren poderioz, eta langileen etorrera apaltzen joan zen heinean, lana uztea erabaki zuen Enriketak: “Batetik seme-alaben hezkuntza lehenestea erabaki zuen, eta bestetik bere lanpostua dagoeneko ez zen hain beharrezkoa”. Cementos Rezolarekin zuten lotura ez zen erabat eten, Pedro Anza senarra lanean hasi baitzen bertan. 

Omenaldian musikak protagonismo berezia izan zuen // Geuria

Lana utzi bai, baina ez zion lan egiteari utzi arrigorriagarrak: “Euskara ikasten hasi zen. Ez zuen nahi berak menperatzen ez zuen hizkuntza batean egitea guk ikasketak”.  

Erabaki horrek berebiziko garrantzia izan zuen Hortalaren hurrengo urteetan, Diktaduraren bukaeran Euskal Herri osoan zehar sortu loratu ziren ikastoletako baten sorreran parte hartu baitzuen. 

Zaratamoko ikastola

“Beste hainbat gurasoekin batera, ikastola martxan jartzeko prozesuan parte hartu zuen. Euskararen eta euskal kulturaren alde urratsa emateko beharra ikusi zuten. Garai haietan dena zen berria, dena zegoen egiteke, eta musika irakasle bat falta zenez, bera hasi zen eskolak ematen”. Amatasunarekin batera uztartu zuen lana, “guk geuk ikastolan bertan ikasi genuen, beraz modu batean edo bestean egun osoan egoten ginen elkarrekin”. Ikastolako orduekin nahikoa ez, eta etxean ere eskolak ematen jarraitu zuen Enriketak. Garai ederrak izan zirela gogoratu dute bere seme-alabek, baina baita gogorrak ere: “Aitzindaria izan zen Zaratamo ikastolan, eta musika gai garrantzitsua bilakatzeko borrokatu zen, guraso gehienek ez baitzuten garrantzitsutzat jotzen”. 

Zentzu horretan, argi zeukan “musikak pertsonak batu eta aberasten” dituela, eta “ikaslearen hezkuntzaren zati garrantzitsu bat direla”.   Hezkuntzan eman zituen urte luzeetan, hasieran ikastolan, ondoren eskolan eta bukatzeko Arrigorriagako institutuan, beti argi izan zuen “liburuetan existitzen ez ziren partiturak ere bazeudela, eta horiei ere garrantzia ere eman behar zitzaiela”. Ideia horrek bultzatuta, aspaldian buruan bueltaka zebilkion partitura berri bat hezur haragizko bilakatzea erabaki zuen, Albaraka abesbatza sortuz. 

Albaraka, bere altxorra

“Albaraka Abesbatza izan zen  bere proiektu musikal interesgarriena, bere altxorra” zehaztu du Martak, Enriketaren alabak. Bertatik bertara ezagutu ahal izan zuen amaren lana, bere ere abesbatzako kidea izan baitzen: “Bizkaiko Abesbatzen elkarteak eskainitako zuzendari ikastaroetan parte hartu zuen, eta hasiera-hasieratik argi zeukan emakumeei eman nahi ziela protagonismoa”. 

Abesbatzaren sorrera, 1984.urtean, elizari lotuta egon zen. Elizarekin lotura handia izan zuen Hortalak bere bizi osoan zehar, harreman askotan gorabeheratsua, gizartearengandik hurbilago egongo zen eliza baten alde lan egiten zuelako: “Kritikoa zen elizarekin, baita emakumeak bertan zeukan tokiarekin ere. Organoa jotzen zuen elizkizunetan, eta abadeekin negoziatu egiten zuen mezarako kantuak, alde batetik herriari aukera emateko kantuetan parte hartzeko, eta bestetik abesbatzak kantu bereziren bat prestatuz gero elizkizuna zaintzeko eta emakumeei zegokien tokia emateko”. 

Bere alabaren ustez, “beste emakumeekin bere musikarekiko zaletasuna partekatu nahi zuen, haiek elizkoiak izan edo ez”. 

Albarakaren lehen urteak parrokiari lotuta egon ziren arren, urteen poderioz taldea handituz joan zen, eta euren jarduna elizatik kanpo antolatzen hasi ziren. Bidea ez zen erraza izan,  lehenengo urteak entseguak kateatzen eta afinazioa hobetzen eman zituztelako: “amak argi zeukan lehenengo kontzertua eskeintzeko gutxieneko maila erakutsi behar genuela”.  Hori horrela, Enriketak “ahots zurietarako partiturak aurkitu eta egokitu” behar izan zituen.  Bada, arlo musikala ez zen proiektu honen indargune bakarra izan, (nahiz eta abesbatzak ehundaka kontzertu eskaini zituen, gehienak Euskal Herri mailan, baina baita atzerrian ere) ezta garrantzitsuena ere: musika aitzakia edo akuilu moduan erabilita,

Albarakako kide askorentzat ahalduntze ariketa paregabea izan zen bertan kantuan aritzea, etxeko lan guztia eta seme-alaben hazkuntza emakumeen bizkar uzten zuen gizarte baten baitan aisialdia ameskeria hutsa baitzen askorentzat: “abesbatzak beste emakume batzuk ezagutzeko, jende aurrean abestearen beldurra gainditzeko edo lortutako emaitzaz harro egoteko aukera eman zien”dio Martak. “Guzti honek” borobildu du, “ate irekiera moduko bat suposatu zuen herriko hainbat emakumerentzat, bizipen ahaztezinak pilatzeko aukera, azken finean”. 

Izana eta izenak

“Musikan, hezkuntzan, artean eta elizan lagundu zuen norbait bezala gogoratzea nahiko genuke, herriaren alde. Trukean ezer eskatu ez zuen artista, bere idealen alde borrokatu zena. Azken batean”, nabarmendu dute Patxik, Martak, Kepak eta Mikelek, “emakume aske bat, askatasuna garesti ordaintzen zen garai batean”. 

Bere izena gustoko ez zuen emakumeak, “ez zitzaion bere izena batere gustatzen, bere margolanak Enri, Henri, E.H. moduan sinatzen zituen eta aitak Enri deitzen zion horregatik” badu bere kalea, Edurne Garitazelaiaren alboan, 2021ean hasitako bideari segida emanez. 

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan

Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

|

Garrikoko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.

Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.

Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea

Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea

Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea

Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea

Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea

Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea

Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra

Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra

Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9

Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra

Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4

Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea

Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak

Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

|

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.

Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.

“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.

Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Makina bat berritasun

Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.

Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.

Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.

Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz

Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.

Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026

Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)

Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik

Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

|

Iker Albizua, Amalurreko jabea // Geuria

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat.  Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.

Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Errege Magoen Kabalgatak eta epifaniak jendez bete du Arrigorriagako plaza

Arrigorriagarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei udaletxe aurreko plazan, 3ºtan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeekin, udaletxeko arkupeetan // Geuria

Iritsi dira Hiru Errege Magoak Arrigorriagara! Beste urte batez, Arrigorriagako udaletxeko plaza jendez beterik egon da 19:00etan eta hotzak ez du ikuskizuna geldiarazi.

Aurtengo 51. edizioan 150 pertsona baino gehiagok hartu dute parte eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera izan dute. Urtero lez, udaletxeko plaza antzinako herri batean bihurtu da,

19:00ak aldera 3ºC erregistratu dituzte termometroek, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

150 herritarretik gora hartuko dute parte gaur Arrigorriagako Errege Magoen kabalgatan eta epifanian

Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte Arrigorriagan, 19:00etan, kabalgataren orduan, azken urteetako tenperatura hotzenak

|

2025eko Errege Magoen iritsiera / Geuria

Aurtengo Arrigorriagako Errege Magoen kabalgata eta epifania gaur antolatu dute 19:00etan, Arrigorriagako udaletxeko plazan.

Aurten 150 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte ikuskizunaren 51. edizioan eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera berri bat izango dute. Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Iaz bezala, udaleteko plaza jendez beteko dela aurreikusi dute eta ekintza nagusi bi egingo dituzte: Armando Astarloa arrigorriagarrak idatzitako gidoiaren epifaniaren kontakizuna (sei ekitaldi guztira: Ume-Jainkoaren jaiotza, Hiru Errege Magoek Herodes erregeari egindako bisita, aingeruaren iragarpena artzainei, Magoen gurtza, inuzenteen hilketa eta Egiptora egindako ihesa) eta Errege Magoen kabalgata, herriko kaleetan barrena.

Meltxor, herriko haurrak agurtzen, 2025eko kabalgatan // Geuria

Arrigorriagako epifaniak garrantzi berezia dauka Hego Uribe eskualdean: bertan behera utzi behar izan zuten 1983 urteko uholdeak eta Koronabirusaren eraginagatik, baina hala ere aurrera jarraitu izan duen ekitaldia izan da.

Gaur egun etxeko txikienei ilusio handia egiten dien ikuskizuna da eta herriko plaza jendez gainezka egon ohi da, eskualde osoko herritar asko erakarriz.

Osorik irakurri