Gaztedi Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Planak dagoeneko barne hartu ditu gazteen errealitatearen diagnostiko-azterlana eta gazteen artean enplegua sustatzeko baliabideak. Bide horretan, Arrigorriagako Udalak are gehiago sakontzea erabaki du eta EDE Fundazioari eskatu dio ‘Arrigorriagan 2017-2022 Gazte Politika eratzeko Estrategiak’ izeneko ikerketa egiteko.
Biztanleriaren %16a baino gehiago gazteak dira Arrigorriagan eta horregatik erabaki du Udalak azterketa sakonago bat egitea. Azterlana indartzeko 14.000 euroko partida gorde du Udalak. Udal ordezkariek diotenez, gutxi gorabehera lau hilabetez lan egingo dute Arrigorriagan Gazte Politika eratzeko giltzarriak ezagutzeko, hurrengo bost urteetara begira.
Ikerketa sakon hau egiteko EDE Fundazioak topagune gehiago, partaide gehiago eta analisi-parametro gehiago bilatuko ditu. Ildo horretan, metodologia parte-hartzailea erabiliko dute eta udalerriko eragile guztiek hartuko dute parte.
AMIA analisia
Bestalde, tokiko gazteen errealitatearen beste analisi bat burutuko dute. Hain zuzen ere, AMIA analisia (aukera, mehatxu, indargune eta ahulezia hitzez osatutako akronimoa). Besteak beste, arlo hauek hartzen dituen mapa prestatuko dute: enplegua, aisialdia, kultura eta kirola, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza. Era berean, etorkizunari begira neurtu eta baliozta daitezkeen adierazle-multzoak identifikatuko dituzte.
