☉ Arrigorriaga
Gazteentzako elikadura osasuntsuaren inguruko tailerra egingo dute Arrigorriagan
Parte hartu ahal izateko, martxoaren 8a baino lehen eman beharko da izena, Gaztegunean edo Abusuko HAZen

Elikadura osasuntsuan “murgiltzeko baliabideak” eskaintzeko asmoz, Arrigorriagako Gaztegunean tailerra antolatu dute 16 eta 35 urte bitarteko lagunentzako. Ikastaroa Elikhezi proiektuko Irune Intxaustik eta Karmele Felipek eskainiko dute, eta jakiak modu egokian aukeratzen irakasteaz gain, mitoak hautsi eta “egoera ekonomiko eta sozial desberdinak kontuan hartuta”, plater gozo eta osasuntsuak prestatzeko laguntza eskainiko diete bertaratzen direnei.
Tailerra martxoaren 18an (larunbata) egingo dute, 11:30etik 13:30era, Gaztegunean. Baina parte hartu ahal izateko, martxoaren 8a baino lehen eman beharko da izena, Gaztegunean edo Abusuko HAZen, plazak mugatuak direlako. Horrela, tailerra 16-35 urte arteko gazteei zuzenduta dagoenez, nagusiagoek plaza librerik balego hartu ahalko lukete parte. Prezioa bost eurokoa izango da, ikasleentzako, familia ugariko kideentzako eta langabeentzako deskontuekin.
☉ Arrigorriaga
40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak
Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.
Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria
Apustutik sortua
Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.
☉ Arrigorriaga
Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko
Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.
Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.
☉ Arrigorriaga
BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”
2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria
“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.
#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)
☉ Arrigorriaga
BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”
42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.
“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.
#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)
☉ Arrigorriaga
#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak
#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.