“Asmo garrantzitsu baten berri” eman zuen maiatzean Gure Esku Dago taldeak: Arrigorriagak herri-galdeketa egingo du 2017an, erabakitzeko eskubidearen alde. Orduan datarik ez zegoen finkaturik, baina Euskal Astean iragarri dute: apirilaren 2an, igandez, burutuko dute galdeketa.
Oraindik galdera zehaztu gabe dute, baina Gure Esku Dago ekimenak 2014ko azaroaren 2an Arrankudiagan egin zuen herri-kontsultako galdera honakoa izan zen: “Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?”.
Arrigorriagan ere erabakia
“Arrigorriagan ere erabakia” lelopean herri-galdeketa egingo dute Arrigorriagan. Hori dela eta, azaroaren 13an, igandez, 13:30ean ekitaldia antolatu dute Agirre Lehendakariaren parkeko pergolan. Bertan, hemendik aurrerakoak azalduko dituzte.
Sinadura bilketa
Herri-kontsultak legezkoa izan dadin sinadura bilketa abiaraziko dute abendu amaieran Arrigorriagan. Gutxienez 1.200 sinadura batu behar dituzte: “Biztanleriaren %10ak sinatu behar duela adierazi digute, herri-galdeketa legala izan dadin”.
