PROGRAMA HEMEN. Madalena Egunean ospatuko dira aurten Arrigorriagako jaiak, uztailaren 22an. Egun osoko egitaraua prestatu du Jai Batzordeak. Bilera eta proposamen askoren ostean, hamabost bat ekintzez osaturiko programa osatzen ari dira. Izan ere, oraingoz hainbat ekitaldi konfirmatzeke daude. “Jende askorentzat egun garrantzitsua da. Jaiegun xume bat izango da, gure eguna oroitzeko egiten duguna”, azaldu du Maite Ibarra alkateak. Hego Uribe eskualdea koronabirusak gogorrenen jo duen eremuetako bat izan da eta, herria pizte aldera, gehienek tokian tokiko arima berreskuratzeko ekintzak antolatzeko asmoa agertu dute, Galdakaoko Santakurtzak kasu.
Bide berean, Arrigorriagak babes neurriekin bat datorren jaieguna prestatu du, trikitilariek, txistulariek, fanfarriek girotua. Txupinazoa berezia izango da. Deialdia honakoa da: 13:00etan etxeko balkoietatik txalo eta alaitasun zaparrada sortzea, topa eginez herritarren artean. Bazkalostean, Xaibor eta DJ Gomik girotuko dituzte herriko kaleak euren musika ikuskizun ibiltariekin. 18:00etan bi antzerki egingo dituzte, eskolako frontoian eta PP2an, edukiera mugatuta eta zozketa bidez hautatuko da nortzuk izango diren antzerkia ikusteko aukera izango dutenak. Gauerdian botatako suziri eta petardoekin datorren urtera arte agur esango diete arrigorriagarrek Madalenei.
“Auzoetako jaiak bertan behera utzi dituzue eta orain 25.000 euro daude jaietarako. Udalak proposamen bat ekarri zuen Jai Batzordera eta hori egingo zela esan zuen, erabakita zegoela. Ez zen eztabaidatu”. Hauek izan ziren ekaineko osoko bilkuran EAJko Ieltxu Simon zinegotziaren hitzak. “Ez gaude ados jai ekitaldiak egitearekin. Egitaraua ez da arazoa. Arazoa deialdia egitea da, jaiak egingo direla esatea”, gehitu zuen Sonia Rodriguez jeltzaleak.
BOZKETA, EKINTZAZ EKINTZA. Gobernu-taldetik ahalik eta modu gardenenean azaltzen saiatu ziren nolakoa izan den jaiekin aurrera jarraitzeko bidea. 25.000 euroko diru-poltsa dagoela zehaztu zuen Maite Ibarra alkateak, baina horrek ez duela esan gura osorik gastatuko denik. Ieltxu Simoni erantzunez, “asko harritzen nau, asko, Jai Batzordean proposamenak ez eztabaidatzeak” gehitu zuen Ibarrak. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubio jaien antolakuntzarako ardura duen zinegotziak argitu zuen ez dela egia Udalak proposamen itxi bat aurkeztu zuenik: “Jai Batzordean dauden eragileek erabaki zuten jaiekin aurrera jarraitu edo ez, bertan parte hartu nahi zuten edo ez. Batzuk aurrera egin dute, beste batzuek nahiago izan dute aurten ekintzarik ez egin. Ekintzaz ekintza bozkatu eta egitea edo ez erabaki da. Auzoetan, aldiz, ez da aukerarik egon, antolatzaileek eurek erabaki baitzuten jairik ez egitea”.
Azkenik, umeak eta gazteak gogora ekarri gura izan zituen Eñaut Barandiaran EH Bilduko zinegotziak: “Umeak eta gazteak izan dira osasun krisi honetan ahaztuak, esandako guztia bete dute. Orain, ostera, tabernak beteta ditugu, eta tabernetan daudenak ez dira gazteak”.
