☉ Arrigorriaga
Iker Etxebarria: «Zuzeneko ikuskizun handien industrian nire tokia egitea lortu dut azkenik»
Izen handiko ekitaldi eta jaialdietan lan egitera iritsi da arrigorriagarra, hala nola Malumaren Europako bira, Ibai Llanosen ‘La Velada del Año 3’ jardunaldia edo Latin Grammy sariak.

Agian askori oharkabean pasatzen zaigu, baina ikuskizun baten argiztapena soinua edo eszenografia bezain inportantea da. Hala definitzen du Iker Etxebarria (Arrigorriaga, 1995) zuzeneko ikuskizunetako argiztapen-teknikari eta taldeburuak. Izen handiko ekitaldi eta jaialdietan lan egitera iritsi da, hala nola Malumaren Europako bira, Ibai Llanosen ‘La Velada del Año 3’ jardunaldia edo Latin Grammy sariak. Anbizioz eta dedikazioz, zure pasioa lanbide bihur dezakezula erakusten duen adibide argia. Gaurkoan, agertokien atzeko atea ireki dugu sektore hau gertutik ezagutu eta bere esperientziei buruz hitz egiteko.
Ikuslea kontzertura iristen denean, argiztapen ona besterik ez du ikusten, baina atzean lan handia dago.
Madrilen ez bada, aurreko egunean bidaiatzea tokatzen zait, eta oso goiz muntaketarekin hasi. Hasieran riggina egiten dugu, soinuak eta argiztapenak zintzilikatuta doazen puntuak sabaian jarriz, eta ondoren, material hori lotu egiten dugu. Bira batean, normalean, bazkaltzeko dena prest izaten dugu, eta arratsaldean azken xehetasunak ikuskatzen ditugu, siesta bota eta kontzertu ordua iristen da. Emanaldia gauzatzen den bitartean ere rol eta postu ezberdinak ditugu: dimmerra (korrontea kontrolatzen duena), argiztapen-operadorea (nahaste-mahaia kontrolatzen duena), talde-burua (guztiek beren lana betetzen dutela zainduz) edo jarraipen-kanoia. Bukatzean, dena batu eta etxera itzultzen gara. Teknikariok ikuskizunen itzalean gaude, publikoak disfrutatu dezan dena prestatuz, baina ahalegina oharkabean pasa eta jendeak sarreren kostua altua dela sentitu arren, oro har azken emaitza baloratu egiten dela uste dut. Teknikarietan pentsatzen dugunean soinua datorkigu burura, baina gaur egun bideoa eta argiztapena garrantzi handia hartzen ari dira. Azken batean, argia zure subkontzientean ikusten duzuna da eta eragin zuzena du publikoaren aldartean. Kontzertu batean argiztapen lasaia badago, kaña ematen badiozu edo kolore bat edo bestea aukeratzen baduzu, sentimendu eta giro desberdina nabarituko duzu. Ni muntaiez arduratzen naiz bereziki, egiten ditudan lanak oso handiak direlako. Noizbait aurreprodukzioaz ere arduratu naiz, baina diseinuak eta show-ak enpresa jakin batzuk saltzen dituzte, gero guk martxan jarri ditzagun.
Zergatik hasi zinen industria honetan trebatzen?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Hala ere, oso gutxi hitz egiten da argiztapenaz karreran eta zinemara bideratuago dago. Kontzertuetan giroa guztiz desberdina dela uste dut eta deigarriagoa egiten zitzaidan. Basauriko Atomic Producciones enpresan hasi nintzen laguntzaile moduan lanean, jai herrikoietako kontzertuak muntatzen, baina egun batean Madrilgo master bati buruzko iragarkia ikusi nuen, zuzeneko ekitaldien argiztapenari buruzkoa, eta hona etortzera animatu nintzen. Sektore honetan bost postu oso zehatz daude teknikari moduan: soinua, bideoa, argia, rigging eta ekoizpena. Horietatik guztietatik argiztapena aukeratu nuen altueretan lan egiten delako -nahiz eta ez rigger-ak bezainbeste- eta beti izan dudalako koloreekin konexio berezia. Nire denbora librean koadroak margotzea pila bat gustatzen zait, esaterako. Masterraz gain, Madril aukeratu nuen hiribururik handienetakoa delako eta gure sektorean lan gehien sortzen duena delako, artista guztien nahitaezko geltokia baita.
Gainera, artista amerikarrak etortzen direnean, ia %90ek hemengo teknikariak hartzen dituzte, eta orduan beste leku batzuetako taldeekin lan egiteko aukera izango nuen. Hori gertatu zitzaidan Malumarekin, adibidez. Espainiara etorri zenean, Madrilen hartu zituen teknikariak Europako bira egiteko. Ikasketak amaitzean, Fluge Audiovisuales-en sartu nintzen, Espainiako enpresa handienetakoa, eta gaur egun autonomo gisa nabil Fluge, Smart Fussion edo PRG bezalako enpresentzat lanean. Madrilen egin nuen lehen emanaldia Kiss taldearena izan zen. Ez zen kontzertu arrunta, eta hainbeste jende ikustea eta horrek dakarren zirrara asko gustatu zitzaidan. Inflexio-puntu bat izan zen. Ni momentu hartan ez nintzen inor. Ondoren, Manolo Garcia, Rafael, Melendi, Los 40 Principales… bezalako aukerak agertu zitzaizkidan. Ekitaldi garrantzitsuenetan egoteko asko erreparatzen nien esperientzia handiagoa zuten teknikariei. 6-7 urtez ezagutza guztiak pixkanaka aplikatzen joan naiz eta orain, miresten ditudan jaialdietan ardura gehiago hartzea lortu dut, hala nola Mad Cool, Primavera Sound edo Ibai Llanosen ‘La Velada del Año’, non taldeburua izan naizen. Dagoeneko industria honetan nire tokia egitea lortu dudala esan dezaket. Jendeak badakiela nor naizen eta zein den nire potentziala.
Nola kudeatzen duzu eraginkortasunez egoera-aniztasun hori ekitaldi bakoitzaren gauzatzean bikaintasuna bermatzeko?
Betidanik oso bidaiaria izan naiz eta lankideak izan direnak orain lagun bihurtu dira. Eta askotan proiektuetan bat egiten jarraitzen dugu. Txantxetan, estatuan teknikarien elite bat dagoela esaten dugu, baina, egia esan, ekitaldi nabarmenetan lan egiten duten 200-300 pertsona horien artean gaude. Momentu asko partekatzen dira, gogor lan egiten dugu eta gure momentuak ere baditugu gozatzeko. Azken finean, biretan goazen gehienok gazteak izaten gara, bizitzeko gogoz, eta, beraz, familiartean sentitzen saiatzen gara. Artista bakoitzak bere produkzioko taldea du, eta haiek markatzen dituzte izan ditzakegun hartu-emanak. Adibidez, Izal taldearen bira oso hurbila izan zen, bai gure artean bai musikariekin, orduan giro magikoa sortu zen eta dena bikain atera zen. Jende ospetsua denean ez dut presiorik sentitzen. Nire lana egunero egiten dut eta nire faktura kobratzen dut. Orduan, ekitaldi bakoitza garrantzi bera du; gehiago edo gutxiago gustatu. Askotan galdetzen digute ea artistak nolakoak diren, baina guri ez zaigu axola. Ez gara zaleak. Eta artistek eskertzen dute. Nahikoa dute publikoaren presioarekin, eta guk elkarrekin denbora asko emango dugunez, normaltasunez daramagu. Haiek bezala, show-a publikoaren gozamenerako ahalik eta ondoen ateratzeko lan egiten dugu. Ikusleek disfrutatzen badute, denok disfrutatzen dugu hein batean. Hau da, energia hori sentitzen dugu, noski, baina ikuskizunaren zain gaude une oro. Beti egon da teknikook bizitza parrandan pasatzen dugularen kondaira. Baina ezta inola ere! Esan bezala, gure uneak ditugu, bai, baina festa amaitzen denean dena desmuntatu behar dugu, eta amaitu arte inork ezin du ezer ospatu. Nire kasuan, autonomoa izanik, agenda ondo antolatu behar dut ere, datak gainjarri gabe, zenbat lan egin dezakedan kontuan hartuz.
Espiritu abenturazalea duzula aipatu duzu. Zure ustez, lagungarria al da hori?
Baietz esango nuke. Eskalada zalea naiz, eta egunerokoan asko egiten dudanez lan sokekin altueretan, trebatzeko ere balio dit. Garai batzuetan lan asko dugu, eta beste batzuetan gutxi; horregatik, denbora librea horretan ematen dugu normalean. Espiritu abenturazalea gure bizimoduaren parte da. Oso lan fisikoa da, dinamismoa eskatzen duena, eta nolabaiteko arriskua ere baduena. Zuzeneko ekitaldi bakoitzak ziurgabetasun puntu bat du. Gertatuko dena ez jakiteaz eta aurrea hartzeaz. Tona asko muntatzen ditugu eszenatokien gainean, eta Europako segurtasun-araudiak bete behar ditugu. Urtero berritu eta eguneratuta eduki behar ditugu aseguru medikuak, altuera eta abarri buruzko tituluak… Jaialdi handietan beti gertatu izan dira ezbeharrak. Mad Cool Festivalean, adibidez, gaizki lotzeagatik trapezista bat hil zen. Iaz ere Medusa jaialdian 20 urteko mutil bat hil zen haize bolada bortitzagatik. Prebentzioa presente izan behar dugu beti, diseinatzen duten ingeniarietatik hasi eta azken pieza berrikusten duen teknikariraino. Nire ustez, gure sektorearen arazorik handiena araututa ez dagoela da, ez baitugu hitzarmenik. Hori da enpresekin dugun borroka nagusia. Oso ondo ordaindutako lana da (nahiz eta beste herrialde batzuetan bikoitza kobratu), baina arriskupean gaude, etxetik kanpo denbora asko ematen dugu eta ezagutza handia eskatzen du.
“Orain miresten ditudan jaialdietan ardura handiagoa hartzea lortu dut: Mad Cool, Primavera Sound… bertako taldeburua izan naiz“
Aurrerapen teknologiko etengabea kontuan hartuta, nola ikusten duzu sektorea eragiten eta eraldatzen ari dela?
Duela urte batzuk lanpara mota desberdinak erabiltzen genituen eta orain gero eta LED gehiago ditugu. Azken finean, ez dugu bonbillarik aldatu behar eta ez da hondakinik sortzen. Argilari helduek diote LEDak ez dutela tungstenoak ematen zuen argi bera, baina nik uste dut hori esaten dutela erromantiko samar geratu direlako. Teknologiarekin batera aurrera egin behar dugu. Gure sektorean berrikuntzak daude etengabe eta jasangarritasunean, pisuaren eta materialaren murrizketan… zentratzen ari dira, planetaren eta erosotasunaren alde egiteko. Markek ere puntako gailuak sortu nahi dituzte euren salmentak hazteko, lehia teknologikoan sartuta baitaude, eta enpresek gero eta ekipamendu hobea lortu nahi dute.

Zein da Euskadiko zuzeneko ikuskizunetako argiztatzaileen lan-maila?
Gero eta kalitate handiagoa dago, eta, oro har, oso teknikari onak daude. Madrilen ere euskaldun asko gaude, oso langileak eta baloratuak garelako. Han estimu handia diogu gure kulturari. Antzokiak, jaiak, kontzertuak, antzerkiak… Eszenaratze hori guztia kudeatu egin behar da, eta dedikazioarekin egiten dugu. Hala ere, Madril hiriburua da, ikuskizunetara bideratzeko diru kopurua askoz handiagoa dago, eta imajinaezinak diren gauzak egiteko aukera ematen dizu. Lurralde bakoitzaren beharrei ere erantzun behar zaie. Madrilen horrelako ekitaldiak gauzatzen dira dituen ezaugarriengatik. Euskal Herrian, adibidez, BBK Live edo Zinemaldia daukagu, eta primeran egokitzen dira beren baldintzetara.
Azkenik, nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Pentsatzen ez dudan kontua da. Nahiago dut eramaten utzi eta ateratzen diren eta motibatzen nauten proiektuak hartzen joan. Askoz helduagoak diren eta seme-alabak dituzten lankideak ditut, orain nire lagunak direnak, eta libre daudenean gurekin abenturan eskalatzera etortzen dira. Lehen esan dudan bezala, lan hau bizimodu bat da, eta uste dut dena bateragarri egin daitekeela. Ez dut bilatzen noizbait finkatzea eta astelehenetik ostiralera irauten duen bulegoko bizimodua izatea. Ezingo nukeela uste dut, badakidalako zer den (banku batean lan egin nuelako), eta orain daukadan bizimodua beste askatasun mota bat ematen didalako. Oraingoz, aurten Bad Gyalen bira daukat aurretik, eta hemendik aurrera lotzen joango naizen ekitaldiak.
☉ Arrigorriaga
Ziortza Karranza: «Larrialdietan espezializatutako psikologoak funtsezkoak dira Kordobako tren-istripua bezalako tragedietan»
“Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”, azaldu du Arrigorriagako psikologoak

Joan den urtarrilaren 18an Adamuzen (Kordoban) gertatutako tren istripu traumatiko bezalakoetan, lehen 48-72 orduetan lan egiten dute bereziki larrialdietan espezializatutako psikologoek, baina beharrekoa denean denbora tarte hori biktimek dituzten beharren arabera luzatu egiten dute.
Hego Uribe eskualdeari begira, Ziortza Karranza aditua da larrialdietako psikologian Gurenduz zentroan eta berarekin berba egiteko tartea izan dugu GEURIAn.
Azken urteetan antzekoak izan dira 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako atentatuek eragindako egoerak edo urrutira joan gabe, 2024an Danak Valentzian sortutakoa: “Valentzian izan nintzen Danak eragindako egoeraren haritik eta arreta psikologikoaren haritik ez zen lan-antolaketa ona egin”, aitortu du Arrigorriagako psikologoak.
“M11ko atentatuetan egon ziren esku-hartzeek ere zer esan asko eman zuten eta esan behar da era horretako egoeretan gauza asko gertatu daitezkeela”.
“Itxaropena”, Adamuzen
Adamuzen gertatutako tren istripuak 40 hildako baino gehiago utzi ditu, horrek ekarriko dituen ondorio psikologiko guztiekin. “Kordoban gauzak ondo egingo direlaren itxaropena daukat”, dio Ziortzak. “Kordoban gertatutako tren istripua bezalako egoeretan, kaltea ez da fisikoa bakarrik: trauma, shocka eta dolua larritasun berarekin artatu behar dira”, gehitu du Karranzak. “Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”.
“Lehenengo momentuan ezinbestekoa da biktimek arreta psikologikoa jasotzea. Kasu bakoitzaren arabera pertsona bakoitzaren beharrak identifikatuko dira: batzuetan oinarrizko laguntza eman behar da (manta bat edo ur edalontzi bat eskaintzea…), baina baita geroago etorriko den prozesuan laguntza ematea ere”.
“Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”
“Egoera traumatikoetan, biktimaren burmuina kolapsatu egin ohi da eta ez daki zer egin behar den. Egoera horren aurrean, pertsona batzuk blokeatuta gelditzen dira eta beste batzuk, ordea, “borrokatzen” hasten dira: informazioa bilatzen hasten dira, gehiago jakin nahi dute, espazioan mobilizatu nahi dira”.
Horrelako momentuek sortzen dituzten emozioak kudeatzeko laguntza eskaintzen dute larrialdietako psikologoek, hain zuzen ere, bizi duten egoera ezezagun horri nolabait aurre egiteko, doluari hasiera emanez. “Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”.
☉ Arrigorriaga
‘Pintxada Gaua’ antolatu dute Arrigorriagako Gaztetxean, ADELA elkartea laguntzeko
Elkartearentzat dirua lortzeko jaialdia otsailaren 28an prestatu dute eta laster berri gehiago iragarriko dituztela iragarri dute Gaztetxetik

Otsailaren 28an Pintxada Gaua antolatu dute Arrigorriagako gaztetxean ADELA elkartearentzako dirua lortzeko.
“Elkartearentzat dirua lortzeko jaialda antolatu dugu: egitarau polita prestatuta dago eta laster berri gehiago iragarriko ditugu”, iragarri dute Gaztetxetik.
ADELA EH, Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteen Federazioa da eta ADELA Araba, ADELA Bizkaia eta ADELA Gipuzkoa lurralde elkarteek osatzen dute. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, familiek, boluntarioek, laguntzaileek eta ELArekin eta haien familiekin pertsonen arretan lan egiten duten profesionalek osatutakoak. Elkartearen helburua gaixoei Bizitza Duina ematen laguntzea da.
Zer da AEA?
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA, ELA erdaraz) nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, eta neurona motorren endekapen progresiboa du ezaugarri. Ondorioa muskulu-ahultasuna da, eta paralisiraino egiten du aurrera, gorputz-eremu batzuetatik beste batzuetara zabalduz.
Autonomia motorra, ahozko komunikazioa, irensketa eta arnasketa mehatxatzen ditu, baina zentzumenak, adimenak eta begietako muskuluek bere horretan diraute. Pazienteak gero eta laguntza gehiago behar du eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, nahiz eta bilakaera desberdina izan kasu bakoitzean.
☉ Arrigorriaga
Galdakaoko ospitalera doan autobus linea Arrigorriagako goiko auzoetara zabaltzeko eskatu dio Udalak Bizkaibusi
Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera

Arrigorriagako Udalak herriaren goikaldean bizi diren auzotarren eskaria jarri du Foru Aldundiko eta Bizkaibuseko arduradunen mahai gainean: Galdakao-Usansolo ospitalera doan linea herriko goikaldean kokatzen diren auzoetaraino eramatea, hain zuzen ere.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Xabi Cabrera Ingurumen zinegotzia Antonio Jaraices Salazar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendari nagusiarekin eta Bizkaibuseko teknikariekin batzartu dira. Ibarrak azaldu duen lez, “Zehazki, autobusa egoitza, institutua, kirol-instalazioak eta etxebizitza berriak dauden eremuraino iristea nahi dugu. Auzo horiek hazten ari dira, eta bizilagun askok autobus geltokiak urrun dituzte oraindik”.
Ez da Arrigorriagako Udalak egin duen eskari bakarra, ordea. Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera berritu dute, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera, irisgarritasuna hobetze aldera.
Hobekuntza hauek guztiak arrazoitzeko, Udalak Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planean (HMIP) eta herritarren eskaeretan oinarritutako txosten teknikoak aurkeztu dizkio Aldundiari: ” Gure asmoa mugikortasuna sustatzea bada ere, zerbitzu horien eskumena foru-erakundearena da” zehaztu dute udal ordezkariek.
“Udaletik neurriak bultzatzen ditugu, baina ezinbestekoa da Aldundiaren inplikazioa zerbitzua egiazki eraginkorra izan dadin”, borobildu du Ibarrak, garraio publikoa indartzea herritarren “etengabeko eskaera” dela gogoraraziz.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Lokatz artean lehiatu dira Ausartak Mendi Lasterketako korrikalariak Arrigorriagan
10:00etatik eguerdira bitartean ibili dira korrikalariak lokatz artean Upo eta Artanda mendietan barrena

Ausartak Mendi Lasterketako zazpigarren edizioko protagonista euria izan da. Aste hasierako aurreikuspenek eguraldi ona iragartzen bazuten ere, asteburu euritsua izan dugu Hego Uribe eskualdean.
Hasiera batean berri txarra izan zitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina egia esateko euriak eta lokatzak joko handia eman dute aurtengo edizioan.
EuskalMeteko partea ikusita mendira igo gara gure korrikalariak pistetan, mendian eta basoetan barrena inoiz baino zikinago erretratatzeko. Non hobe?
☉ Arrigorriaga
Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.
“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.
Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.
Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)












































































































