→Arrigorriaga

Ilunbeko aparkalekuaren “segurtasuna hobetzeko” proposamenak egin dizkio Arrigorriagako Udalak Aldundiari

Egin nahi diren aldaketen artean daude zoladura aldatzea, kamerak edo bestelako kontrol neurriak ezartzea eta kale argiak jartzea.

Ilunbeko aparkalekua // Google maps

Arrigorriagako Udalak Montefuerte parkeko Ilunbe aparkalekua birgaitzeko “jarduketa bateratua” proposatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Maite Ibarra alkatea eta Idoia Molina Hirigintza eta Auzoak-eko zinegotzia Josu Bilbao Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin bildu dira iraila hasieran Ilunbeko argiztapena eta aparkalekuaren segurtasuna hobetzeko aldaketak eskatzeko.

Proposamenen artean daude zoladura aldatzea, kamerak edo bestelako kontrol neurriak ezartzea eta kale argiak jartzea; izan ere, Udalak informatu duenez, aparkalekua “egoera txarrean” dago, eta ez ditu betetzen “erabilgarria” izateko gutxieneko baldintza horiek. Idoia Molina zinegotziak GEURIAri azaldu dionez, duela urte batzuk egin zuten konponbidea bilatzeko lehen eskaera, Ilunbe inguruan zegoen “segurtasun faltari” erantzuna emateko asmoz: “Gune horretan ez dago argiztapenik, eta inguruetan lapurreta batzuk ere salatu dira”. Horregatik, aparkalekua egokitzeko lanek segurtasun berme horiek betetzea nahi dute.

Egun, Ilunbe Montefuerteko parkera doan jendearentzeko prestatutako parkinga baino ez da eta ez bizilagunentzako beren beregi pentsatutako ohiko aparkalekua. Aldundiarekin batera egin nahi dituzten aldaketak, hain zuzen, espazioa birgaitu eta “hiriko aparkaleku” seguru bihurtzeko helburuarekin egin nahi dira. Horrela, Abusuko bizilagunen eskaerei erantzun eta auzoan aparkatzeko espazio erabilgarri gehiago eskainiko dituzte.

Azken aldian, helburu berarekin egokitu eta hobetu dira herriko beste hainbat parking, Santa Isabel aparkaleku kasu. Egokitzapenen azkartzea Bilboko La Peña auzoan ezarritako TAO tasaren ondoren dator, zerga aplikatu zenetik, hiriburuko bizilagun asko Arrigorriagan (eta bereziki, Abusun) aparkatzen hasi baitira, parking eskasia sortuz. Udaletik jakinarazi dutenez, TAOaren eragina “espero baino txikiagoa” izan da, baina, ikusitakoa ikusita, beharrezkoa da Arrigorriagako bizilagunei aparkaleku gehiago eskaintzeko izapideak ahalik eta lasterren egitea.

Erantzuna, laster

Ilunbeko egokitzapen prozesua hasi ahal izateko, baina, Bizkaiko Foru Aldundiaren onespena behar da. Ingurumen saila Azpiegieturen sailarekin jarri behar da harremanetan, eskaria onartuko duten edo ez erabakitzeko, eta Udalak irailaren amaieran jasoko du erantzuna, hobekuntzak egin ditzaketen jakiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak