Eskabideak otsailaren 3ra arte bidali ahal izango dira. Irakasle-ikasketak edo diplomatura baliokidea eta 4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea behar dira.
Arrigorriagako Udal Euskaltegiak eskabideak aurkezteko epea zabaldu du gaur, euskaltegiko irakasleen lan-poltsa berria sortzeko egingo duen lehiaketan parte hartzeko. Epea zabalik egongo da otsailaren 3ra arte. Lan-poltsa hori Arrigorriagako Udal Euskaltegian euskarazko eskolak emango dituzten irakasleak kontratatzeko egingo da, horrela aldi baterako eskaria beteko da.
Era berean, egungo irakasle titularren ordezkapenak egiteko baliabide gisa erabiliko da, irakasleek behin-behineko ezintasunagatik baja hartzen dutenean edo beste arrazoi batzuengatik lanera ez doazenean.
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK
Irakasleen lan-poltsa honetan parte hartu ahal izateko interesatuek irakasle-ikasketen titulua, edo bestela, unibertsitate-diplomatura edo baliokidea izan behar dute, baita 4. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea ere. Parte hartzeko interesa duten guztiek Euskaltegian bertan edota Udaleko edo Euskaltegiko webguneetan kontsultatu ditzakete oinarriak. Gainera, 944 002 060 telefono-zenbakira ere deitzeko aukera dago, informazio gehiago behar izanez gero.
