Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Izaskun Astuy: “Arreta erasotzailearengan jartzen ez den bitartean emakumeen segurtasuna bermatuko duen edozein ekimen baliagarria iruditzen zaigu”

Sortu den eztabaidak erdian harrapatu ditu bai Loturarik Gabe taldea – Arrigorriagan proposamena eurek luzatu zuten-, eta bai Arrigorriagako Udala

|

Loturarik Gabeko kideak. Izaskun Astuy hirugarrena ezkerretik hasita // Geuria

Jai giroan emakumeen segurtasuna bermatze aldera hartzen diren neurrien inguruko hausnarketa plazaratu du Nerea Barjola Feminismoetan eta Generoetan doktoreak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.

Argitara eman bezain pronto polemika piztu da, herri ezberdinetan hartu diren hainbat neurri ezbaian jartzen dituelakoan, Arrigorriagako Madelenetan emakumeentzat eta LGTBIQ+ kolektiboarentzat eskuragarri jarriko den taxi zerbitzua, kasurako.

Foru Aldundiak berak adierazi du txostenean argitaratu dena ez dela gobernuaren “iritzi ofiziala”, eztabaida talde batean garatutako ikerketa lana baizik.

Eztabaida honek erdian harrapatu ditu bai Loturarik Gabe taldea – Arrigorriagan proposamena eurek luzatu zuten-, eta bai Arrigorriagako Udala ere. Bien arteko hitzarmena egina daukate, taxi zerbitzua aurrera eramateko, eta Udalak diruz lagunduko du ekimena.

Izaskun Astuy Loturarik Gabeko kideak argi adierazi dio GEURIAri asmo honen atzean dagoen ikuspegia: “Gure ustez erasotzaileengan jarri beharko litzateke arreta, baina horrela ez denez, eta ez dagoenez benetan eraginkorra den neurririk, emakumeen segurtasuna bermatuko duen edozein ekimen baliagarria iruditzen zaigu”.

“Era berean”, gogorarazi du, “ez da soilik emakumeei emango zaien zerbitzu bat”, LGTBIQ+ kolektiboari zabaldu dioten ekimena baita.

Udala, harrituta

Udal ordezkariek ere euren harridura adierazi dute, “zerikusi handirik ez daukaten hiru ekimen” nahastu direlako:  “Arrigorriagako eredua ez da Santurtzikoarekin edo Sopelakoarekin alderagarria” diote.

Joana Etxeberria Simarro Arrigorriagako Udaleko Gizarte Ekintza eta Politika Feministetako zinegotziaren arabera garrantzitsua da zehaztea “ez dela etxera laguntzeko zerbitzu bat, baizik eta etxera hurbiltzeko doako taxi zerbitzu bat”.

Foru Aldundiaren txostenari dagokionez, Etxeberriak argi utzi du bertan esaten denarekin ados dagoela, “ehuneko handi batean”.

“Udaletik, hainbat eragilerekin batera, jaietan sexu indarkeria prebenitzeko protokoloa landu genuen”, borobildu du, “eta ez hori bakarrik, jai ereduari buruzko hausnarketa batean murgildu gara, datorren urteko Madelenei begira bere fruituak emango dituena”.

☉ Arrigorriaga

Jostailu bilketa antolatu du Arrigorriagako Gure Magaleanek azaroko truke-azokarako

Arrigorriagako elkartetik azaldu dute garrantzitsua dela jasoko duten materiala “egoera onean” egotea eta konponketarik behar ez izatea

|

Jostailuak // Chris Hardy, Unsplash

Gure Magalean elkarteak jostailu bilketa antolatu du azaroaren 12ra arte: “Aukera izan daiteke gure armairu eta ganbarak berrikusteko eta hilaren 29an antolatuko dugun truke-azokan parte hartzeko”, azaldu dute Arrigorriagako elkartetik.

Jostailuak 09:15etik 09:45era eta 16:15etik 16:45erako ordutegian eman daitezke Gure Magaleaneko atezaintzan

“Etxean gordeta dituzun jostailu edo besteentzako erakargarriak izan daitezkeenak behar ditugu”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik. “Garrantzitsua da jasoko dugun materiala egoera onean egotea eta konponketarik behar ez izatea”, nabarmendu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Haurdunaldi eta erditze-osteko sostengu taldea sortu du Altzoanek Arrigorriagan

Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean

|

Emakume bat // Suhyeon Choi, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak haurdunaldi eta erditze osteko sostengu taldea sortu du Arrigorriagan, Udalaren babesarekin, “espazio segurua eraikitzeko, partekatzeko eta tribuan hazteko”.

Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean. Saioak psikologo perinatal batek zuzenduko ditu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean

Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko

|

Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.

“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.

Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.

Urgoiti pasealekuko farolak, Arrigorriagan // Geuria

Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako ‘Bertsio Gauan’ izena emateko epea zabaldu du Soinuarrik

Soinuarri Elkarteak bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak lagako dizkie Bertsio Gauan parte hartuko duten bandei

|

Bateria jotzaile bat // Kevin Baquerizo, Unsplash

Abenduaren 28an Bertsio Gaua antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Gaztetxean eta herritarrak bertan parte-hartzera gonbidatu dituzte: “Antolatu bertsioz osatutako 15 minutuko setlist bat zuzenean jotzeko”.

“Aukera ezinhobea izango da zuzenean jotzeko gura asetzeko eta gau zoragarriaz gozatzeko”, azaldu dute Soinuarritik. Elkartekoen esku geratuko da eszenatokia montatzeko lana eta musikariek bertan erabiliko dituzten instrumentuak lagatzea: izan ere bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak egongo dira oholtzan: “Nahi izanez gero musikariek beren instrumentuak ekar ditzakete Bertsio Gaura ere”, gehitu dute.

Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera e-posta idatzi beharko dute interesdunek. Bertan taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzak zein instrumentu joko duen eta setlista zehaztu beharko dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan

Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan

|

Transilvaniako paisaiak // Cara Jr, Unsplash

Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.

Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.

Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.

Osorik irakurri