Sareak

☉ Arrigorriaga

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ek ‘KaixoMaitia’ kontakizun erotikoen lehiaketa irabazi du

Arrigorriaga BHIko Karlos Aretxabaleta euskara irakasleak (Rukoma, Ruanda, 1990) KaixoMaitia.eus-eko kontakizun erotikoen 1.000 euroko lehen saria eskuratu du diktadura garaian kokatutako kontakizun ‘ilun’ batekin

|

Karlos Aretxabaleta // Utzitakoa

Arrigorriaga BHIko Karlos Aretxabaleta euskara irakasleak (Rukoma, Ruanda, 1990) ‘KaixoMaitia’ kontakizun erotikoen 1.000 euroko lehen saria eskuratu du diktadura garaian kokatutako kontakizun ‘ilun’ batekin: “Erakunde klandestino bateko zeregin ilun bateko kide bik bizitzen duten esperientzia kontatzen dut bertan, euskaraz”, azaldu du Txapelek. “Sare sozialetan komentatu didate euskal gatazka aipatu ez arren, nire pertsonaiek laukidun alkondarak daramatzatela” (barreak). Afrikan jaio eta bizi ostean, Karlos Algortara joan zen bizitzera, eta bertatik, Arratiara: “Bizitza hemen oinarrituta izan dut eta hortik edan dut, noski. Hala ere, kontakizunari ez diot inolako izenik jarri nahi izan: azken batean, literaturan batzuetan esplizituak izatea ondo dago eta beharrezkoa da, baina beste batzuetan gaia nazioartekoagoa izan daiteke”.

Kontakizuna heteronormalitatetik atera nahi izan du Aretxabaletak: “Erakundean mutil bi daude eta burutu behar duten ekintzan batera daude. Ekintza burutzerakoan batek leher egiten du eta bestea, sosegua eman nahian, maitemindu egiten da”. Aretxabaleta poesiaren mundutik dator eta poesiaren esparruan noizean behin idatzitako lan horiek erotismo ukitu fina zutela aitortu du Arrigorriagako institutuko irakasleak.

Karlos Aretxabaleta, saria jasotzen // Karlos Aretxabaleta

Lehen hastapenak

Aretxabaletaren lehen pasarte erotikoa/gorea Xabier Montoia idazlearen ‘Non Dago Stalin?’ eleberria irakurtzen bizi zuen. “Pasarte oso gorea, bortitza eta zikina izan zen” aitortu du irakasleak.

Aurrenekoz 2016an Arratiako Kalenturak lehiaketara aurkeztu zen eta 2017an eskuratu zuen lehen aitortza. 2019an saiakera berria egin zuen beste kontakizun batekin eta Arratia mailako irabazlea izan zen: “Kontakizun hark ateak zabaldu zizkidan nire buruan zeuden trabak askatzeko, eta momentu hartik aurrera gehiago idazten hasi nintzen”, azaldu du irakasleak. Duela urte t’erdi Gaztezulo aldizkariarekin harremanetan jarri zen eta kolaborazioak egiten ditu euskal medioarekin. Aretxabaletak, euskaltegiko irakaslea zen garaian, Gaztezulon idatzitako kontakizun erotikoak eta bestelako pasarteak ikasleekin batera irakurtzen zituen.

XXI. mendean taburik ez dagoela azaldu du irakasleak: “Testuinguruaren arabera gehiago edo gutxiago askatzen gara. Lagunekin edo lagunik gabe parrandan egonda askatu ohi gara: alkoholak askotan desinhibitu egiten gaitu eta gai jakin batzuen inguruan berba egitera animatzen gaitu”. Bere hitzetan, alderdi literarioari dagokionez Aretxabaletak ez du esan nahi gizartea mugatua egon denik, baina eduki horien kontsumoak mugak izan dituela argitu du: “Gaur egun, kontaketa erotikoen lehiaketa irabazi dudala esateak ez du horrenbesteko belarriko minik ematen, baina badago oraindik gai horren inguruan eroso sentitzen ez denik: ziur nago pasarte erotiko batera heltzen eta berau arin batean saltatzen duen irakurlerik badagoela”.

Etorkizunari begira, ametsak dituela aitortu du Karlosek: “Des-kontrolen abestiak dioen bezala, ‘orain burua hotz eta bihotza bero’. Noizean behin idaztea gustatuko litzaidake baina presio handirik gabe. Lehiaketa honetan presiorik gabe aritu izanak fruituak eman dituela uste dut. Idazten jarraituko dut eta lehiaketa gehiagotan parte hartzea espero dut. Hau ez da hemen amaitu”.

 

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gazte Egunak 300 lagun bildu ditu Gaztetxean, larunbatean

“Giro paregabea” izan zela aitortu dute Arrigorriagako Gaztetxetik, gaueko musika-eskaintza anitzarekin

|

Gazteak, bazkarian // Arrigorriagako Gaztetxea

Arrigorriagako Gazte Egunaren zortzigarren edizioa ospatu dute ekainaren 22an, Gaztetxean eta Argala plazan. Aurten, urteroko Hockey Txapelketa eta bertso bazkariaz gainera, Bafle poteoa antolatu dute herrian zehar.

Asteburuko eguraldi txarrak udaletxeko arkupeetara eraman du urteroko hockey txapelketa, iaz bezalaxe. Hala ere, Gazte Egunaren delaldiak “arrakasta handia” izan duela azaldu diote Gaztetxeko arduradunek GEURIAri: “140 lagun bildu ziren bertso bazkarian eta gerora 300 pertsona inguru izan ziren Gaztetxean”.

Izan ere bazkariko “giro paregabea” azpimarratu dute Gaztetxetik eta gaueko eskaintza musikala anitza izan zela azaldu dute: Rally48, Altxa Porru Erromeria eta Painapple taldeen kontzertuen lekuko izan ziren kontzertuetara gerturatu zirenak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako san juan gaueko ekintzak kiroldegiko kantxa urdinean egingo dituzte

Arrigorriagako Udalak iragarri duenez, iratxoak eta sorginak 20:45etan antolatu dituzte

|

Haurrak, San Juan suan // Geuria

Hasiera batean Mendikoso eta Mintegi parkean antolatu zituzten san juan suen pizteak eta jarduerak lekualdatu ditizte asteburuko eguraldia dela eta. Arrigorriagako Udalak kiroldegiko kantxa urdinera lekualdatu ditu. Horiek horrela, 18:00etatik aurrerako ekintza guztiak bertan izango dira: iratxoak eta sorginak 20:45etan izango dira. Ondorioz, bertan ez dute surik piztuko.

21:35etan txokolate jana eta dantza egingo dute, 22:30ak arte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Harrotasun Asteak hitzaldiak, tailerrak eta Holi jaia ekarriko ditu herrira

Jarduera guztiak herrigunean antolatu dituzte, udaletxeko plazan eta baita Lamiaenan, ekainaren 24an, 28an eta 29an

|

Harrotasun Eguna, 2018an // Geuria

Ekainaren 24tik 29ra Harrotasunaren Astea antolatu dute Arrigorriagan eta hitzaldiak, tailerrak, bideo-proiekzioak eta Holi jaialdia antolatu du Arrigorriaga Harro taldeak Udalaren babesarekin.

Jarduera guztiak herrigunean antolatu dituzte, udaletxeko plazan eta baita Lamiaena emakumeen etxean ere

Egitaraua | Harrotasunaren astea 2024

Ekainak 24, astelehena
– 19:00 Dokumentala: Ekain Lersundi, Lamiaena

Ekainak 28, ostirala
– 17:00 eta 19:00 Escape Room LGTBIQ+, Lamiaena
– 19:00 Txapa tailerra, Lamiaena

Ekainak 29, larunbata
– 17:30 Arrigorriaga Harro taldearen bideoaren proiekzioa, Edurne Garitazelaiako Azokea aretoa
– 18:00 Umeentzako marrazketa tailerra, udaletxeko plaza
– 18:00 Arrigorriaga Harro hitzaldia + mokadutxoa, udaletxeko plaza
– 19:30 Holi jaia, udaletxeko plaza
– 20:00 Baflepoteo Transmaribibollo, herrian zehar

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Ume arrigorriagarrek puzgarriak, tailerrak eta ikuskizunak izango dituzte Madalenetan

Jai Batzordeak 17 jarduera baino gehiago prestatu ditu uztailaren 19tik 25era, egunez egun: antzerki saioak, tailerrak, buruhandiak, puzgarriak… herria umeentzako ekintzez beteko dute.

|

Haur bat, Arrigorriagako iazko txupinazoan // Geuria

Arrigorriagako Udala aurtengo jaietan izango diren jarduerak iragartzen ari da egun hauetan. Oraingo honetan umeentzat prestatutako ekintzen berri eman dute Udaletik.

Izan ere, Jai Batzordeak 17 jarduera baino gehiago prestatu ditu uztailaren 19tik 25era: antzerki saioak, tailerrak, buruhandiak, puzgarriak… herria umeentzako ekintzez beteko dute. Aurten ere Umeentzako parkea ipiniko dute Lehendakari parkean, hilaren 23an eta 24an, ordutegi ezberdinetan.

Egitaraua | Haurrentzako jarduerak 2024ko Madalenetan

Uztailak 19, ostirala
– 18:00 Jaioberriei aitortza-ekitaldia, Edurne garitazelaia kultur etxea
– 20:15 Buruhandiak, udaletxeko plaza

Uztailak 20, larunbata
– 12:00 Erraldoien kalejira, udaletxeko plazatik
– 19:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 21, igandea
– 11:00 Patinaje ibilbidea, herrian
– 11:00 Ekortzeko makina puzgarria, Joan XIII plaza
– 19:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 22, astelehena
– 19:00 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 23, asteartea
– 11:30 Umeentzako parkea, Lehendakari parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 13:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea
– 17:30 Umeentzako parkea, Lehendakari parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 18:00 Izozki banaketa, Pergola

Uztailak 24, asteazkena
– 15:00 Umeentzako antzerkia: Izarren Hartza, Lehendakari Agirre parkea (euria bada, eskolako patioa)
– 18:30 Buruhandiak, Lehendakari Agirre parkea

Uztailak 25, osteguna
– 11:00 Entsalada tailerra, Ugertza parkea
– 17:45 XIII Tiragoma Txapelketa
– 18:30 Bitsa festa, Joan XIII plaza

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arritxikerrakekoak ikasturteari euskaraz agur esateko elkartuko dira

17:30ean antolatutako Euskara Plazara izeneko gaurko jardueraren helburua familiak elkartu eta euskaraz berba egitea izango da

|

Familia bat, Arrigorriagako plazan // Geuria

Gaur bertan, ekainaren 20an, hitzordua ipini dute Arrigorriagako Arritxikerrak taldekoek ikasturteari agur esateko. 17:30ean antolatutako Euskara Plazara izeneko gaurko jardueraren helburua familiak elkartu eta euskaraz berba egitea izango da.

“Ez da jarduera gidaturik egongo; udaletxeko plaza euskararen arnasgune bihurtuko dugu”, azaldu dute Arritxikerraketik. Jarduera 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.

Osorik irakurri