☉ Arrigorriaga
BIDEOA / Mendikosoloren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte-hartzailea abiarazi dute gaur Lonbon
Arrigorriagako Udalak Mendikosolo parkearen inguruko prozesu parte-hartzailearen aurkezpena egin du gaur Lonbo aretoan. 60 herritar inguru bertaratu dira.
Ekitaldiaren aurretik, Maite Ibarra alkatearekin, Paola Sangalli SCIAko teknikariarekin eta Amaia Albeniz prozesu-partehartzailearen arduradunarekin berba egin dugu.
☉ Arrigorriaga
Data berriarekin dator aurtengo “Umorea Labur” festibala Arrigorriagara, eta azaroaren 18an hasiko da
Ohi baino goizago helduko da Umorea Labur Arrigorriagara, azaroaren 18etik 24ra, Bogoshorts festibalaren gonbidapenak baldintzatuta
Abenduarekin batera umoreak, hausnarketak eta laburmetraiek lur hartu izan dute Arrigorriagan azken bi hamarkadetan, dagoeneko 23 edizio bete dituen Umorea Labur jaialdian.
Aurten, baina, azaroaren 18an hasiko da Umorea Labur, eta 24ean bukatu. Horren arrazoia Aitor Arenas jaialdiko zuzendariak azaldu zuen: “gonbidapena jaso genuen Bogota Shorts film festibaletik, mundu mailan dagoen festibal garrantzitsuenetariko bat da, eta ezin genion Arrigorriaga eta Umorea Labur bertan egoteko aukerari muzin egin”.
Arenasek berak azaldu zuen festibala nazioarte mailan zabaltzeko hautua hartu zutela aspaldi, eta Kolonbiako festibal entzutetsutik jasotako gonbidapenak erabaki hori indartzen duela: “Estatuko komedia jaialdi guztien “aitona” eta munduko beteranoetako bat gara, eta hori erakutsi nahi dugu”.
EITBrekin batera saria
Aurtengo edizioari begira, hainbat berritasun iragarri zituen Arenasek, eta horien artean honako hau nabarmendu nahi izan zuen: “sari berri bat egongo da, EITBrekin elkarlanean emango duguna, euskaraz egindako laburmetrai onenari”. Euskararen presentzia indartzeari garrantzi berezia eman zion Arenasek, eta beste bi zeharlerro ere nabarmendu nahi izan zituen: “XXI.mendeko jaialdi bat egin nahi genuen, feminista eta jasangarria izango dena”.
Ohiko programazio eta sariez harago, “Vaya Semanita” saioari omenaldia egingo diote , eta 2024ko “Ohorezko Txantxarria” Urko Olazabalek jasoko du, zineman eta telebistan ibilbide luzea egin duen aktorea, bere azken ekoizpenekin arrakasta izaten ari dena” diote antolakuntzatik.
Hasierako gala Mitxel Santamariak gidatuko du, eta itxierakoa Lander Otaolak. Otaolaren kasuan, gainera, bere liburua aurkeztuko du Umorea Laburren meeting pointean, “Txokoa” bezala bataiatu dutena: “Ekitaldi honen helburua edukia pantailatik ateratzea da, jaialdiaren barne eta kanpoko jarduerak burutuz (masterclassak, topaketak, networkinga, zuzeneko emanaldiak, aurkezpenak…) programa anitz eta etengabe baten barruan”.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, bere aldetik, zera nabarmendu nahi izan zuen: “Urte hauetan erakutsi digute, umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain, kritika eta analisi sakonak ere egin daitezkeela. Munduari begiratzeko modu bat dela. Horregatik, ilusio handiz aurkezten dugu XXIII. edizio hau”.
☉ Arrigorriaga
Indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta hobetzeko protokoloa berritu dute Arrigorriagan
Arrigorriagako Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak, Osakidetzak eta herriko hezkuntza- zentroek gaur sinatu eta aurkeztu dute
Herriko ordezkaritza zabala batu da gaur Arrigorriagako Osoko Bilkura aretoan, beste hainbat erakundeetako ordezkariekin batera, Arrigorriagako Udalak 2019an sinatu zuen “Emakumeen kontrako indarkeria prebenitu eta artatzeko erakundearteko I. protokoloa” berritzeko eta eguneratzeko asmoz.
Bertan egon dira, hurrenez hurren: Maite Ibarra alkatea eta Joana Etxeberria Politika sozial eta Politika feministako zinegotzia, Edurne Arce Ibaizabaleko Ertzain-etxeko burua, Rakel Solaun Arrigorriaga Herri Ikastetxeko zuzendaria, Mikel Baza Arrigorriagako Lehen Mailako Arretako Unitate-Burua, Jon Guajardo, Barrualde- Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentea, Miren Martinez Barrualde- Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko Integrazioko zuzendaria, Ana Rosa Francisco Barrualde-Galdakao genero indarkerian erreferentea, Raul López Arrigorriagako Udaltzaingoaren arduraduna eta Alexander Aginagalde IES Arrigorriaga BHI-ko zuzendaria.
Parte hartzaileek argi utzi nahi izan dute bigarren protokolo honetan begirada “zabaldu” nahi izan dutela, “orain arte ez zelako indarkeria matxista osoa kontutan hartzen,”hau da, emakumeen aurkako eta sexu- eta genero- aniztasunaren aurkako indarkeria matxista hartzen da orain aintzat; hots, baita LGTBIQA+ kolektiboen aurkakoa ere” zehaztu dute. Planak lau urteko iraupena izango du, baina luzatzeko aukera ere ez dute baztertu.
Egindakoa oinarri, baina eguneratzeko asmoz
Egun arte indarrean egon den protokoloa modu positiboan baloratu dute udal ordezkariek, Udalak “askotariko jarduerak eta proposamenak” gauzatu dituelako indarkeria matxistaren arretaren arloan, “hala nola Arrigorriagako eskola eta ikastetxe batzuek eta gizarte-zerbitzuek elkarrekin jarduteko protokoloa edo Magdalenetan indarkeria matxistari erantzun instituzionala emateko protokoloa”, besteak beste.
Hala ere, eta beste esparru batzuetan eman diren aldaketa eta aurrerapenak kontutan hartuta, “erabili beharreko terminologian eta biktimekin esku hartzeko gidalerro eta prozeduretan zuzenean eragin duten legeak onetsi dira”, aurreko protokoloa goitik behera berrikusi dute, eguneraketa horiek guztiak jasotzen dituen protokolo berri hau ontzeko.
☉ Arrigorriaga
Jostailu bilketa antolatu du Arrigorriagako Gure Magaleanek azaroko truke-azokarako
Arrigorriagako elkartetik azaldu dute garrantzitsua dela jasoko duten materiala “egoera onean” egotea eta konponketarik behar ez izatea
Gure Magalean elkarteak jostailu bilketa antolatu du azaroaren 12ra arte: “Aukera izan daiteke gure armairu eta ganbarak berrikusteko eta hilaren 29an antolatuko dugun truke-azokan parte hartzeko”, azaldu dute Arrigorriagako elkartetik.
Jostailuak 09:15etik 09:45era eta 16:15etik 16:45erako ordutegian eman daitezke Gure Magaleaneko atezaintzan
“Etxean gordeta dituzun jostailu edo besteentzako erakargarriak izan daitezkeenak behar ditugu”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik. “Garrantzitsua da jasoko dugun materiala egoera onean egotea eta konponketarik behar ez izatea”, nabarmendu dute.
☉ Arrigorriaga
Haurdunaldi eta erditze-osteko sostengu taldea sortu du Altzoanek Arrigorriagan
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean
Altzoan Zaintza Sareak haurdunaldi eta erditze osteko sostengu taldea sortu du Arrigorriagan, Udalaren babesarekin, “espazio segurua eraikitzeko, partekatzeko eta tribuan hazteko”.
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean. Saioak psikologo perinatal batek zuzenduko ditu.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean
Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko
Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.
“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.
Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.
Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.